'Toponimo guztiak, handi zein txiki, komunidade osoaren ondare dira'
2019-06-14 13:28 Euskerea berbagaiNazinoarteko Onomastika Jardunaldiak egin ditu atzo eta gaur Euskaltzaindiak.
Euskaltzaindiaren Nazinoarteko Onomastika jardunaldiak onomastika-ondarea babesteko eta gizarteratzeko esperientziak hartu ditu berbagai eta arreta berezia ipini deutse bretoi, gaskoi, katalan eta galego hizkuntzei. Andres Urrutia euskaltzainburuak aurkezpenean nabarmendau dauenez, kanpoan zertan dabizen ikasi nahi da, komenidu bada, gurean apliketako, jakinik, gure egoerea geurea dala, ezbardina, eta guretik abiatuta egin behar dala lan.
Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek, Onomastika jardunaldia Arabako uriburuan antolatu izana nabarmendu dau, hain zuzen be, aparteko garrantzia emon jako beti euskal toponimia berreskuratzeari, eta bioaniztasunaren aldeko barruko lan moduan hartu dau euskal hizkuntzea sustatzeko eta suspertzeko ahalegina. Eusko Jaurlaritzako ordezkari Joseba Lozanok eta Arabako Foru Aldundiko kide Joseba Perez de Herediak administrazinoen parte hartze aktiboa azpimarratu dabe, berreskurapen lanetan nahiz gizarteratze prozesuan Euskaltzaindiaren eskutik joateko erakutsitako ardurea gogora ekarriz.
Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzaina Onomastika batzordearen ibilbidea, funtzionamendua eta egungo egitekoak jorratu ditu: Gure arbasoek lagatako ondarea jaso, egonkortu eta zabaltzea jagoku eta egungo zein bihar-etziko belaunaldien eskura egoki ixtea. Toponimia gizarte-proiekzino zabaleko esparrua dala gogoratu dau Gonzalez de Viñasprek. Tokiko toponimia-ikerketa gehiagoren preminea be nabarmendu eta ohartarazo dau toponimo guztiak, handi zein txiki, komunidade osoaren ondare dirala.
Patxi Salaberri euskaltzainak, iraganean hartutako erabagi okerrak eta batzordeari egin jakozan kritikak izan ditu berbagai: Toponimia anitz aldiz eztabaida iturri izaten da, hainbat aldagai sartzen baitira jokoan arlo horretan, herrien izenetan batez be. Hizkuntza gaiak dira asko, baina gizarteagaz be zuzenean loturik dago eta beraz, baita politikeagaz be.
Salaberrik hil ala biziko garrantzia emon deutso ikerketeari. Onomastikearen eginbeharra, toponimoren bat arautu behar dalarik, haren historia ezagutzea da, leku izen bakotxean gure kultura ondarearen zatitxu bat ezkutatzen dalako, urregorria balitz bezela atxiki eta artatu behar doguna.
Joan Anton Rabella linguisteak –Institut d’Estudis Catalans– toponimiaren dibulgazinorako lanak eta arlo akademiko zientifikotik harago doazen ekimenak goraipatu ditu, normalizazinoari ikusgarritasuna emoteko eta arlo sozial eta publikoan eragiteko balio handikoak izanik.
Patxi Galé euskaltzain urgazleak, barriz, Euskal Corpus Onomastikoaren asmoez, helburuez eta etorkizuneko erronkez jardun dau. Datutegia ibilbide luzeko egitasmotzat hartu behar dala eta etorkizunik izango badau, produkzinorako egokiagoa dan lan-sistemea diseinau behar dala, alor horretan benetako beharra dagoalako gizartean.
Euskaltzaindiak genero-markarik bako izenak erantsi ditu persona-izendegian
Izen neutroen (genero-marka bakoen) saila lehen aldiz sartu da Euskaltzaindiaren persona-izendegian, eta 500 izen inguru gehitu dira bertan (Abodi, Aiuri, Amaiur, Amets, Araitz, Argi, Bihotz, Garai, Gorbeia, Haize, Iparla, Iraultza, Itzel, Kemen, Larraine, Lizar, Luzaide, Muxika, Pallas, Udalatx...).
Era berean, persona-izen txikigarriak be txertatu dira (Joxe, Karmentxu, Txanton, Xexilia...).
Euskaltzaindiaren betebeharra da euskal persona-izenen zuzentasun linguistikoa bermatzea eta urteotan metatutako esperientzia herritarren esku jartea. Holan, izakera edegia eta dinamikoa izango dau Izendegi barriak eta aldiro-aldiro gaurkotu egingo da, Euskaltzaindiaren webgunean.
Espainiako legerian 1957ko Legeak beren-beregi debekatzen ditu sexuari buruz okerra eragiten daben izenak. Erregistro Zibilari buruzko 20/2011 Legeak ezabatu behar eban debeku hori, baina oraindino ez da indarrean jarri. Euskaltzaindiak 2018ko urtarrilean adierazo eutson Espainiako Justizia Ministerioari badirala euskeraz genero maskulinoa edo femeninoa era esklusiboan atxikirik ez daben persona-izenak, eta, ondorioz, indarreko lege-arauak erregistro zibiletan malguago apliketako eskatu eutson.
Persona-izendegiagaz batera, Euskal Onomastika Datutegi barritua (100.000tik gora dira gehitutako erregistroak) eta Kale eta karrika-izenen eskuliburua be aurkeztu dira gaur.
Nazinoarteko Onomastika Jardunaldiaren bigarren egunean hiru lan aurkeztu ditu Euskaltzaindiak eta guztiak euskal gizartearen eskura jarri: Euskal Onomastika Datutegi (EODA) barritua, Persona izendegi barritua eta Kale eta karrika-izenen eskuliburua (Azken 20 urteetan 6.000 karrika-izen baino gehiago aztertu dira).
Persona-izendegiari jagokonez, bide barriak aurkeztu ditu Akademiak: izen neutroak (genero-markarik bako izenak) lehen aldiz sartu dira, eta 500 izen gehitu dira bertan. Lehenago egozan persona-izen txikigarri bakanei beste batzuk gehitu jakez. Izendegiaren berezko izakera edegiari eta dinamikoari eutsiz, era guztietako izenak sartzen jarraituko dau Euskaltzaindiak. Honetan be orain arte dokumentautakoak sartu dira, baina zerrendea zabalik dago eta izen barriak aztertu ahala datu-basean gehituz joango gara, azaldu dau Paskual Rekalde Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kideak. Genero-markea daben izenak kategoria horri atxikiak dira tradizino soziokultural edo ibilbide historiko bat dabelako euskal gizartearen bilakaeran –gehitu dau euskaltzain urgazle nafarrak–; halan da be, datuen argitan frogatuko balitz sail horretako izen batzuek esleitua daben generoaz gan beste generoagaz be erabili edo erabilten dirala, datuak egokitu beharko litzatekez.
Azken buruan, Euskaltzaindiaren NazinoartekO Onomastika Biltzarrari amaierea emoteko, 20:00retan, Mende berria kantuz koru musika ekitaldia egongo da Gasteizko Principal antzokian Bilboko Koral Alkartearen Euskeria korua, Nurat Abesbatza eta Lauko Quartet taldeakaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!