José Ignacio Hualde eta Juan José Larrea Araban izango dira
2025-11-24 11:05 Euskerea berbagaiEuskerearen Historiari Buruzko Nazinoarteko I. Biltzarrean.
Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Arabako Campusean I. Euskerearen Historiari buruzko Nazinoarteko Kongresua egingo da, Testuak eta aldaerak aztergai izenburupean. EHUren Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko Monumenta Linguae Vasconum ikertaldeak atonduta, Letren Fakultadean eta Micaela Portilla Ikergunean izango ditu egoitzak. Kongresu honek Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazinoaren babesa dau.
Biltzarra zemendiaren 25etik 27ra egingo da, eta hainbat unibersidade eta herrialdetako adituak batu ditu. Helburua da euskal testuakaz, euskerearen aldaerakaz eta euskerearen historiaga lotutako azken orduko ikerketak konpartidu eta eztabaidatzea, izan be, azken hamarkadotan euskerea aztergai dauen hizkuntzalaritza historikoa ikuspegi teoriko barrietan barruratu da eta, aldi berean, topau barri diran testuk be ezagutzan sakontzea ahalbidetu dabe. Alderdi bi horrek euskerearen historiaren ulermenean aurrerapausu handiak ekarri ditue eta horren erakusgarri izango da biltzarra: hainbat unibersidade eta herrialdetako berrogeita hamar partaidetik gora ibiliko dira hiru egunez, goizeko eta arratsaldeko saioetan, beren ekarpenak aurkezten. Horreen artean, hizlari gonbidau bi, José Ignacio Hualde (University of Illinois at Urbana-Champaign) eta Juan José Larrea (EHU).
Biltzarra atontzeko egunak oso berezia dira, bat egingo baitabe Donemiliagako goldea dalako agiriaren milurtekoagaz (1025-2025). Donemiliaga Kukulako monasterioari lotutako agiria da goldea eta, besteak beste, Arabako hirurehun herriren baino gehiagoren izenak dakarz: XI. mendean Araban berba egiten zan euskerearen erakusgarri parebako, hain zuzen be, biltzarrak testu horren berorren testuinguru historikoa eta interpretazino linguistiko-filologikoa jorratzeko aukerea ekarriko dau baina ez da horretara mugatuko: Donemiliagako goldea ezeze, Erdi Aroko veste lekukotasun batzuk, euskerearen eta iberierearen arteko ustezko loturak, euskalkien jatorria eta bilakabidea, zenbait euskal testuren produkzino-baldintzak eta berezitasun linguistikoak, euskal gramatika historikoa eta bestelakoak be aztergai izango ditue biltzarrean, egitarauan ikusi daitekenez.
Bestelako informazinoetarako, biltzarreko webgunea konsultau daiteke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
