Kontseiluak euskerearen normalizazinoaren alde saltu egitea eskatu dau Eusko Legebiltzarrean
2025-11-27 07:50 Euskerea berbagaiAzken urteetan euskerearen normalizazioaren kontrako erasoaldi judizial eta politikoak indartu egin dira.
Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean agerraldia izan dabe Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel Larrañagak eta koordinatzaile Manex Mantxola Urratek. Batzordeak eskatuta, Euskal Enplegu Publikoaren 11/2022 Legea aldatzeko proposamenari buruzko ekarpenak aurkeztu ditue.
Kontseiluak ohartarazo dauenez, azken urteetan euskerearen normalizazinoaren kontrako erasoaldi judizial eta politikoak indartu egin dira eta funtzino publikoaren esparruan ezeze, bestelako arloetan be atzerapausuak eragin ditue.
Kontseiluaren datuen arabera, erasoaldia hasi zanetik 38 sententziak eragin zuzena izan dabe ia 800 lanpostutan, eta epaitegien mehatxuek eta ziurbakotasunak arabere eragin handiagoa dabe. Epaileek jurisprudentzia murriztailea finkatu dabe eta euskerearen aldeko neurriak mugatzeko joera argia dago; ondorioz, herritarren hizkuntza-eskubideak era sistematikoan urratzen dira, azpimarratu dau Kontseiluak.
Esangura horretan, Bizkaiko GUFE Foru Erakundearen kontrako azken epaia jarri dabe adibidetzat: Euskeraz artatua izatea eskatzen daben herritarren herenari eskubideak urratzen jakezala onartzen da baina halan da be deialdia bertan behera ixten da, salatu dabe.
Kontseiluak alde positiboa ikusten deutso Legebiltzarrean martxan dan lege-aldaketearen prozesuari: Barriro legebiltzarrean kokatu da eztabaidea, ez epaitegietan. Hau aurrerapausu garrantzitsua da baina ezin gara mugatu erasoaldia eusten; euskereak behar dauen arkitektura juridiko barria eregi behar da». Horretarako, hiru printzipio gidari proponidu ditue:
- Hizkuntza-eskubideak giza eskubideak dira.
- Atzerapausurik ez, dagoan babes-mailea ez ahultzeko.
- Hizkuntza-bardintasuna: euskereari gaztelaniak dauen estatus juridiko bera autortzea eta euskaldunak diskriminazino egoeratik ataratea.
Kontseiluak nabarmendu dau euskal gehiengo sindikalaga batera landutako proposamenak –langile publikoen % 75 ordezkatzen daben sindikatuek babestua– administrazinoa 15 urteko epean erabat euskalduntzea aurreikusten dauela, modu errealista eta egingarrian.
Gainera, baldintza objektiboak be alde dagozala adierazo dau, izan be, Legebiltzarreko alderdien gehiengo zabalak lege-aldaketea babesten dau, eta datozen urteetan langile publikoen % 50ek erretiroa hartuko dabe, belaunaldi euskaldunenari sarbidea emonez. Era berean, 16 urtetik gorako herritarren % 75ek uste dabe langile publikoek hizkuntza biak ezagutu behar dituela.
Azkenik, Euskalgintzearen Kontseiluak arduraz eta ausardiaz jokatzeko eskatu deutse alderdiei: euskerearen etorkizuna kolokan dago. Baditugu baldintzak eta gehiengo soziala. Orain da saltu egiteko momentua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
