'Euskerearen transmisioan, eragile guztiok dogu zeresana'
2026-06-01 07:45 Euskerea berbagaiEuskerea alkarbizitzarako eta gizarte-kohesinorako hizkuntzea da.
Bilbok zazpigarren aldiz hartu dau aurten Bizkaiko Ikastolen jaia. 2026ko Ibilaldia Kirikiño ikastoleak atonduta, jai-egunaren inaugurazino-ekitaldian Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Eider Inuntziaga Euskera, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazinoarteko Gaietako Saileko zinegotzia izan dira.
Ibilaldiaren 48. edizinoaren aurkezpenean, Juan Mari Aburtok Kirikiño Ikastolearen lana goraipatu dau ekimena atontzeko ardurea dauelako eta azpimarratu dauenez, euskerea sustatzen daben jaialdiak bultzatzen jarraitzea sano garrantzitsua da; atzera begiratzen dogunean, gizartea zenbat aldatu dan ikusten dogu eta aldaketok, duda barik, ikastolen eguneroko jardunean eragin zuzena dabe. Baina bada zeozer aldatu ez dana: euskereak ardatza izaten jarraitzen dauela eta hizkuntzea bizibarritzearen inguruan, etorkizuneko belaunaldiak gaur egungo gizarte modernoari begira eregiten ditugu. Euskerearen transmisioan, eragile guztiok dogu zeresana: ikastolek, familiek eta erakundeek. Hizkuntzea guztion erantzukizuna da eta Bilboko Udalak hartutako konpromisoa, eta horregaitik gagoz hemen.
Hiri Kiribili Bil lelopean, Bilbo edade guztietarako kultura eta aisialdi-jarduera ugariren erdigunea izan da. Programa zabala da, besteak beste euskal dantzak, puzgarriak, musika-, antzerki- eta magia saioak, eta hiru kokalekutan egingo dira jarduerok egunean zehar. Kirikiño ikastolea bera izan da erdugunea baina hortik jaia Europa parkera zabaldu da, eta amaitzeko Txurdinagako udal kiroldegira.
Beste alde batetik, 2026ko Ibilaldiaren inaugurazinoan izan dira Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Haizea Etxebeste Kirikiño Ikastolako presidentea eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua.
Pedrosak euskerea alkarbizitzarako eta gizarte-kohesinorako hizkuntza lez kokatu dau gero eta anitzagoa dan gizartean. Sailburuak adierazpi dauenez, leku baten parte sentiduteko modu asko dagoz eta horreetako bat da bateren batek lekua egitea, eta idea hori egunero ikastetxeetan jazoten danagaz lotu dau: ikasgeletan istorio, hizkuntza eta ibilbide ugari dituen umeak eta familiak bizi dira eta ikasleek komunidadea eregiteko zeregin handia dabe. Horren harian, ondokoa adierazo dau, helduek sarri etorkizunaz berba egiten daben bitartean, umeek egunero eregiten dabe, ikasten dabenean, galdetzen dabenean, heltzean danari laguntzen deutsenean, dakitena konpartiduten dabenean eta beste persona batzuei lekua egiten deutsenean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
