300.000 euskaldun gehiago 2036rako: euskalduntzearen erritmoa bikoizteko erronkea
2026-05-29 07:38 Euskerea berbagaiEuskerea larrialdi linguistikotik ataratea da helburua.
Euskalgintzearen Kontseiluak aurkeztutako Pizkunderako Erronkak euskereak eta euskal hiztun komunidadeak bizi daben larrialdi linguistikoari erantzun eta indarraldi barri baterako ibilbideari ekin nahi deutso, izan be, azken diagnostikoek normalizazino eta bizibarritze prozesuaren motelaldia bistaratu dabe. Atzeraldiaren arriskua handia da ezer egin ezean. Horregaitik, joera horreek irauli eta pizkunde barriak emon beharreko saltoaren helburuak, adierazleak eta bitartekoak proponidu ditu. Gizarte bezela aurrera eroan beharreko erronka bat: euskalgintza, erakunde, eragile sozial eta politikoentzat, euskaltzaleentzat eta, oro har, euskerearen etorkizunagaz arduratuta dagozan herritarrentzat. Proposamenari babesa adierazoteko, bagilaren 13an Iruñeko kaleak euskaltzaletasunez beteko dituan Euskaltzaleon Martxara joateko animau dau Kontseiluak.
Proposamenaren abiagunea Kontseiluak orain urte bi plazaratutako diagnostikoa da: euskerea eta euskal hiztun komunidadea larrialdi linguistikoan dagoz eta ezinbestekoa da bizibarritze prozesuan saltoa emotea, Pizkunde barri bat eragitea. Ardurea nabarmena danez eta urtenbidea emon behar jakonez, Kontseiluak hamar urterako erronkea proponidu dau, erakundeei ez eze, gizarte osoari zuzenduta, «Pizkunderako Erronkea, hain zuzen be.
Proposamena 140tik gora eragile sozialek sinatutako Batuz Aldatu adostasun sozial zabalean oinarritzen da. Hamar urteko epean, urtero 30.000 euskaldun oso irabaztea Erronkearen oinarri nagusietako bat ezagutzan emon beharreko saltoa da: 300.000 euskaldun oso sortzea hamar urteko epean, 2036rako. Gaur egun, 15.000 euskaldun inguru irabazten dira urtean Euskal Herri osoa aintzat hartuta, baina hori ez da nahikoa motelaldia atzean itxi eta bizibarritze beste ziklo bati ekiteko. Kontseiluak proponidutako erronkeak kopuru hori bikoiztea, 30.000ra igotea, planteetan dau, hiztun komunidadearen erreprodukzino tasea indartzeaz gan, erabilera aukerak indartu, eta egungo munduak ekarritako desafio itzelei aurre eginez hizkuntzea bizi izaten jarraitzeko baldintza sendoak finkatzeko. Azken batean, orain arteko euskalduntze erritmoa bikoiztea da erronkea. Horretarako, lurralde eta eremu administratiboka helburu espezifikoak ezarri dira, errealidade soziolinguistiko desbardinak eta progresibotasuna kontuan hartuta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
