Prest! eta Uriolak agur

Bizkaie! 2025-11-26 13:43

Ez da benetako apusturik egin Bilbon euskerazko hedabideak sendotzeko.



Gaur, zemendiak 26, Kafe Antzokian batu gara BLB Komunikazinoaren etorkizunari buruzko erabagi garrantzitsu bat helarazoteko. Guretzat gaurkoa ez da egun erraza baina gardentasunez eta arduraz jokatzea ezinbestekoa begitantzen jaku, urte honeetan guztietan gure alboan egon zarien guztiei zor deutsuegulako azalpena: irakurleei, kolaboratzaileei, babesleei eta, oro har, euskal hedabideei.

BLB Komunikazinoa -Prest! eta Uriola batzen dituan egitasmoa- bertan behera geratzeko bidean dago. Azken hilabeteotan lan handiko ibilbidea egin dogu kooperatibearen egoerea aztertzeko eta proiektua bideragarria dan baloretako. Egoera ekonomikoa sakon aztertu ostean, behin betiko erabagi bat hartu behar izan dogu: aurten, 2025eko abenduan. Erabaki hau hartzeko arrazoi nagusiena ekonomikoa izan da, BLB Komunikazinoa sostengaezina bihurtu da eta ezin deutsegu gastuei aurre egiten jarraitu. Kooperatibea osotzen daben Berbaizu Euskara Alkarteari zein Abante Konparseari esker zuloa murriztea lortu dogu, baina ez da nahikoa izan eta zarratzeko erabagia ezinbestekoa da.

Kooperatibako gainerako eragileen babesa izan dogu, bai eta urteetan geugaz lanean ibili diran kolaboratzaileena be baina ez dira nahikoa izan aurrera egiteko. Dirulaguntza publikoak ez dira behar bestekoak izan proiektuan duintasunez jardun ahal izateko. Azken urteotan ahalegin bat egon dan arren, uste dogu hasieratik ez dela benetako apusturik egin Bilbon euskerazko hedabideak sendotzeko. Horrezaz gan, geuk be ez dogu diru sarrera iturri barririk lortu eta, beraz, prekariedadearen aurrean bertan behera ixteko erabagia etorri da. Argi itxi nahi dogu azken hilabete honeetan presinopean egon garela lanean une oro eta gure bazkideei bialdutako gutunean hainbat errata egon dirala administrazinoari jagokonez; dirulaguntzetan ez da murrizketarik egon, akats bat izan da eta zintzo jokatzeko argi eta garbi itxi nahi dogu.

Esan bezela, BLB komunikazino kooperatibea Deustualdeko Prest! Aldizkariak eta Uriola hedabide digitalak osotzen dabe; horren parte zan Berton aldizkaria, 2018an desagertu zana. Edozelan be, proiektu biek informazinoa % 100n euskeraz eskaini dabe eta horreen jardunaren barruan, Prest! 2.000 ale baino gehiago inprimiduten ibili da urte luzez hilabetero, abuztuan izan ezik, eta Uriolak astero eduki digitala produziduten dau online argitaratzeko. Proiektu bien jardunak eskatzen ditu edukien produkzinoa, edizinoa, erredakzinoa, zuzenketak, maketazinoa, inprimaketea eta banaketea. Horreez gan, kontuan hartu behar dira lan horreek guztiak aurrera eroateko ordaindu be egin behar dirala, bai langileen soldatak, bai eta bestelako kontratazinoak be. Gainera, azken urteotan inprimakea edota banaketa gastuak nabarmen igon dira, eta diru-sarrerak aldiz, ez. Dana dala, uste dugu Bilbok orain artekoa baino apustu sendoagoa behar dauela euskerazko hedabideen alde.

Gauzak holan dirala, Deustualde zein Bilbon euskeraz ibilitako hedabideak ixtea erabagi dogu. Edozelan be, badakigu proiektu komunikatiboaren helburua ez dala sekula diru sarrerak sortzea izan; helburua beti izan da erdalduna dan Bilbon euskereari bultzadea emotea, oinarrizkoa ikusten baitogu euskaldunok aukerea izatea informazinoa gure hizkuntzan konsumiduteko. Erdalduntze makinan sartuta dagoan Bilbo lako plaza batek apustu sendoagoa behar dau.

Dana dala, nahiz eta Prest!-ek eta Uriolak agur esan, kooperatibako ganerako bazkideek lanean eta burrukan jarraituko dabe beste bide batzuen bitartez euskereak behar dauen lekua
berreskuratu arte. Hori dala eta, guri emondako babesa Abante eta Berbaizuri emoteko animetan zaituegu, horreek be behar gaituelako.

Agur bero bat jaso, eta eskerrik asko etorri zarien guztioi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu