Irene Arrarats euskaltzain oso izentau dabe
2025-11-28 12:33 Euskerea berbagaiAndres Alberdi euskaltzain emerituaren lekua bete dau.

Euskerearen Akademiak euskaltzain berria izentau dau gaur, hilak 28, haren egoitzan egin dan zemendiko Osoko Bilkuran. Euskaltzain osoek botazinoa egin dabe Andres Alberdi emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea beteteko eta Irene Arraratsek lortu dau Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen dauen gehiengo osoa. Gogoratu behar da Andres Alberdi emeritu izatera igaro zala garagarrilaren 1ean (hain zuzen be, 75 urte bete zituan) eta hilebete horretan bertan zabaldu zala hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra aurkeztu eben euskaltzainek urriko Osoko Bilkuran (Irene Arrarats) eta oraingo bilkuran izentau dabe euskaltzain oso hizkuntzalari hernaniarra.
Orain, zortzi hilebeteko aldia izango dau euskaltzain oso barriak sarrera-berbaldia prestetako eta horixe epea izango dau erantzunezko idazkia egin behar dauen euskaltzainak berea prestetako. Aurrerago, harrera-ekitaldia egingo da.
Irene Arrarats Lizeaga (Hernani, 1967)
Geografia eta Historian lizentziadu zan, Deustuko Unibersidadean. Haren ibilbide profesionalean, euskerazko prosa lantzeari ekin deutso hasieratik, kazetaritzako idazkuntzea lantzeari batez be eta arlo horretan dabil oraindino. Euskaldunon Egunkarian ibili zan 1991tik 2003ra arte, estilo-zuzentzaile eta itzultzaile lehenengo eta euskera-arduradun gero. 2003an bertan hasi zan euskera-arduradun Berria egunkarian eta horretan dabil ordutik. 2001ean argitaratutako Egunkariaren azken estilo-liburuaren egileetako bat izan zan eta orain Berriaren estilo-liburuaren zuzendaria da. Era berean, hizkuntzeari buruzko Ezer ez eta festa podcastaren egileetako bat da.
Euskaltzaindiagaz be hartu-emon handiak izan ditu Arraratsek 2007tik eta hainbat batzordetan ibilten da: Hiztegi Batuko lantaldean (2007-2017), Exonomastika batzordean (2009-), Euskaltzaindiaren Hiztegia lantaldean (2017-) eta Euskera Batuaren Eskuliburuaren Batzordean (2017-). Akademiak euskaltzain urgazle izentau eban 2018an.
Irene Arraratsek feminismoa eta euskerea buztartu ditu haren ekarpen teorikoetan. Itzultzaile be ibilten da, eta, besteak beste, harek euskeratuak dira Monique Wittigen Pentsamendu heterozuzena (2017, beste batzuekaz batera), Simone de Beauvoirren Bigarren sexua saiakerea (2019), Nancy Fraserren Kapitalaren lantegi ezkutuak: mapa bat ezkerrarentzat (2021, beste batzuekaz batera), Marjane Satrapiren Persepolis komikia (2023) eta Atef Abu Saiden Gazako egunerokoa lekukotasun-liburua (2024).
1918tik 2025era, ehun euskaltzain oso
Ehun euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Akademiak izentau dituanak. Gaur egun, 24 euskaltzain osoz eta 12 euskaltzain emerituz osotua da Euskaltzaindia. Hona hemen gaur egungo euskaltzain osoen zerrendea (guztira, hogeita lau: 13 gizonezko eta 11 emakumezko): Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Sagrario Aleman, Irene Arrarats, Miren Azkarate, Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Jean-Baptiste Coyos, Jon Casenave, Asun Garikano, Roberto González de Viñaspre, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Miren Agur Meabe, Alfontso Mujika, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Castillo Suárez, Ana Toledo, Andres Urrutia, Miriam Urkia eta Mikel Zalbide.
Bestalde, ondokoak dira egungo emerituen izenak (guztira, 12): Andres Alberdi, Jean-Louis Davant, Patxi Goenaga, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Beñat Oihartzabal, Andoni Sagarna, Ibon Sarasola, Patxi Uribarren, Xarles Videgain eta Patxi Zabaleta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
