Taupak mintzodromoa eskainiko dau Durangoko azokako astegoienean
2025-11-18 08:03 Euskerea berbagaiEuskerearen erabilerea erdigunean jarri eta Mintzapraktika egitasmoa ezagutarazotea da helburua.
Mintzapraktika taldeak martxan dagoz urritik Euskal Herriko leku askotan. Bakotxa bere taldeko partaide da eta bere herriko mintzapraktika egitasmoko kide, baina askotan, gatxa da Euskal Herri mailan dagoan komunidade zabal hori irudikatzea. Mintzapraktika egitasmoek zortzi mila bat lagun mobiduten ditue urtero-urtero, mahai baten bueltan edo mendian edo eskaladea egiten. Kontua euskeraz egiteko leku eta momentua eskaintzea da, bakotxaren helburuak beteteko aukerak sortzea.
Aurten, Mintzapraktika egitasmoa Durangora eroango dau Taupak, Zirhika taldeaga alkarlanean eta AEK, IKA Euskaltegiak, Jalgi Hadi Mundura eta Mintzaneten laguntzeagaz. Mintzapraktika ezaguna da Euskal Herrian zehar, baina egitasmoa gertutik ezagutzeko eta probetako aukerak eskaini nahi izan ditu Taupa euskaltzaleen mobimentuak talde ezbardinentzako mintzapraktika aukerak eskainiz.
Mintzapraktikan edonor da ondoetorria: euskeraz erraztasun handiagoa dauena, oraindino praktikea behar dauena, lanbide, jatorri eta edade ezbardinetako personak eta bestelakoak eta horren erakusle dira Mintzodromoan eskainiko diran proposamenak.
Barikuan, abenduaren 5ean, ikasle goizaren barruan, mintzodromo ibiltaria eskainiko jake bertaratzen diran gazteei. Musikea lagun, Durangoko txoko batetik bestera ibiliko dira, geldialdi bakotxean taldekatu eta proponidutako gaien inguruko barriketaldia sortuz. Zapatuan, Zirhika taldearen eskutik, Hika Eguna izango da. Bertako hikadromoan hitanoa hobeto ezagutu eta praktiketako aukerea izango dabe parte-hartzaileek eta amaiera parebakoa emongo jako egunari Andoni Egaña eta Amaia Agirrek eskainiko daben bertso saioagaz. Izen-emotea zabalik dago ondoko formularioan.
Domekan, abenduaren 7an, Taupak atondutako Euskal Herriko mintzalagunen topaketak beteko dau egitaraua. Mintzapraktikan dabizan lagunei Durangora gerturatzeko gonbideteaz gan, egitasmoa gertutik ezagutzeko interesa dauen edozein bertaratzera animau nahi dabe Taupakoek. Aukera ezin hobea izango da Mintzapraktikan sartu eta jaduerez betetako egunaz disfrutetako: lehiaketea, mintzodromoa edo Irudienean emonaldi bat ikusteko aukerea, mokadutxoa eta jakina, azokatik bueltatxua egiteko tartea be egongo da. Durangora bertaratzea errazteko, autobusak be atondu ditue. Informazino guztia eta izena emoteko aukerea zabalik dagoz hemen.
Durangoko Azokea, Euskal Kulturearen Jaialdia, derrigorrezko hitzordua da ezagutzen dabenentzat eta liluratuko ditu lehenengoz Landako zapaltzen dituenak. Durangoko bisita hori planifiketan dagozan guztiek, aintzat izan Mintzodromoak eskaintzen dituan aukerak eta aurtengo azokarako Taupak eskaintzen dauena: Eta Durangon bere, euskeraz egiten badogu?
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
