Getxok aho batez onartu dau Adierazpen Insituzionala Euskerearen Nazinoarteko Egunean
2025-12-03 11:11Amaia Agirre alkatea buru Adierazpen Instituzionala onartu dau Getxoko Udalak.
Adierazpen instituzionala
Euskerea Zugan, Nigan, Gugan
Euskereak bide luzea egin dau.
Luzeena, akaso, Europa zaharrean.
Eta halan da be, bere bidea ez da amaitu: bizirik dirau, hazi eta barritzen dago.
Zein da sekretua?
Zein indar, zein ilusino izan da gure hizkuntzea gaur arte ekarri dauena?
Milaka urte, milaka persona, milaka ames eta ahalegin.
Norbanakoen indar isilak, belaunaldiz belaunaldi, gure hizkuntza zaharra gazte bihurtu dau.
Debekuen aurrean, eutsi genduan.
Isilarazotearen aurrean, berbea berreskuratu genduan.
Euskerea, gure zaharren hizkuntza izatetik, gazteen hizkuntza izatera pasau da.
Argi-izpi barri honeekaz marraztuko dogu etorkizuna.
Euskerarako aukera barriak zabalik dagoz.
Hazi eta barritu daiten lanean gabiz.
Bizi garen mundu nahasi eta aldakor honek, ostera, zaldu egiten dau komunidadearen indarra eta zentzuna.
Hiztun-komunidadea ez da berez manteniduten.
Jagon, elikatu eta biztu egin behar da.
Horregaitik, momentua da.
Euskerearen erabilerarako eta transmisinorako bide barriak jorratzeko momentua.
Aisialditik lan munduraino, eta norbanakotik erakundeetaraino, euskeraz berba egiteko gune erosoak sortzeko momentua.
Belaunaldi barrien artean euskerearen transmisinoa indartzeko momentua.
Euskerearen ezagutzea zabaltzeko momentua.
Erabilerea sustatuko daben ingurune biziak jagon eta barriak irabazteko momentua.
Euskerearen bizibarritze-prozesuari segurtasuna emoteko indarrak batzeko eta urrats barriak eta ausartak egiteko momentua.
Asko dogu egiteko, badogu zer hobetu.
Eta prest gagoz!
Euskeraz dakiten eta oraindino ez dakitenakaz batera.
Alkarregaz egiteko.
Eskerrik beroena urte luzez euskera bizi, euskeraz bizi eta biziarazo dabenei.
Zuen lan isilak ekarri gaitu honaino eta etorkizunak oraindino be zuon beharra dau.
Pozetik, atxikimendutik, ilusinoz eta emozino positiboetatik abiatuta, euskereari distira emoteko, eta euskerea guztion hizkuntza bihurtzeko.
Euskerea da!
Guztiontzat da.
Euskerea ezagutzen ez dabenentzat be, ate barri bat da.
Batzen gaituan hizkuntza bat.
Alkar ulertzeko gonbidapen bat.
Mundu barri bat edegiten jako euskereari.
Eta euskereagaz, edonori.
Ate barriak zabaldu eta lurzoru barriak landuko ditugu, danon artean.
Hazi emonkorragoak ditugu lur barria ereiteko.
Atzeak erakutsi deiskula aurrea zelan jantzan egin.
Norberetik hasita egingo dogu bidea.
Guztion barruan baitago euskerara saltoegiteko jarrerea.
Zugan, nigan, gugan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
