Durangoko Azokeak 1026 nobedade aurkeztu ditu

Bizkaie! 2025-11-19 13:48   Euskerea berbagai

Inoiz baino gogotsuago gagoz, adierazo dau Beñat Gaztelurrutiak.

60. Durangoko Azokearen egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa egin dabe Durangoko Museoan, azoka egunetan Atartea gunea hartuko dauen aretoan hain zuzen be. Hor izan dira egitaraua atontzen lanean dabizen arduradunak: Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga), Gotzon Barandiaran (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Itxasne Arabiourrutia (Saguganbara), Maider Larrañaga (Szenatokia), Aitor Agiriano (Azoka Telebista) eta Garazi Arrizabalaga (Durangoko Museoa). Egitarauak gunez gune izango dituan zehetasunak adierazo ditue kazetarien aurrean.

Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak ondokoa adierazo dau: 60 urte beteko ditu Durangoko Azokeak aurton. Azkar esaten da, baina lan izugarria izan da. Atzera begirako nostalgian jausi barik, harro aldarrikatu gura dogu Durangoko Azokeak izandako bilakaerea eta pozik eusten deutsagu erronkeari. Horregaitik, inoiz baino gogotsuago gagoz

Abenduaren 5etik 8ra egingo da Durangoko Azokea. Landako Gunean 274 erakusmahai ipiniko ditue 175 partaideren artean eta 1026 kultur nobedade egongo dira kulturazaleek hartzeko eta emoteko: horreetatik, 694 liburu, 163 musika produkzino, 30 aldizkari eta 139 bestelako produkzino. Lan barriak aurkezteko 273 ekitaldi programau dira.

Konsultau egitarau osoa hemen.

Barrikuntza nagusiak

60. urteurrenagaz batera, Durangoko Azokeak hainbat barrikuntza kaleratu gura izan ditu. Hori bai, barrikuntza horreek ez deutse urteurrenari erantzuten, Azokeak sei hamarkadetan zehar egindako ibilbideari baino: ingurura aldatzen joan da azokea; euskal kulturearen barritasunei egokitzen eta arte-adierazpen barriak batzen. Horregaitik, aurton gune barri bi izango ditu Durangoko Azokeak: Berbagailua (Podcasten Plaza) eta Atartea (Arte Ederren Plaza).

Gainera, Azokea zarratu eta gero egitarauak jarraipena izango dau. Hasteko, gauetako kontzertuak izango dira: 5ean, Lukiek eta Ezezez; eta, 6an Mirua eta Naxker. Gainera, 6an Behe Bandakoen errezitaldia eta bostOK Konpainiaren ikus-entzunezkoa be egongo da iluntzean; 7an Formol Laborategiaren ikuskizuna izango dogu, baita Bittor Kapanaga kulturgilea autortzeko ekitaldia eta Gaua obrearen proiekzinoa Paul Urkijo bertan dala.

Zehetasunak

  • Talaia: ekitaldi nagusien artean, Joxe Azurmendi aurtozeko ekitaldia izango dogu abenduaren 8an, Jakinek atonduta. Euskal kulturearen erreferentzi historikoekaz jarraituz, Miranderen inguruko mahaingurua egongo da, baita Euskaltzaindiak Gabriel Arestiri eskainitako lan aurkezpena be. Horreezaz gan, 50 urte dira Amerikanuak liburua argitaratu ebenetik eta Eusko Jaurlaritzearen eskutik ekitaldi ugari izango dira.
  • Berbagailua: Euskal Herrian euskeraz produziduten diran hainbat podcast izango dira Berbagailua Podcasten Plazara. Azokan erakutsiko diran nobedadeak abiapuntu bezela hartuko ditue berbaldietarako: literaturea, musikea, bertsolaritzea, generoa... Madalenako Ermitan kokatuta egongo da eta bertan 20 bat lagunek zuzenean jarraitu ahalko ditue egitasmoak. Gero, sarean ikusteko aukerea egongo da. 
  • Atartea: Arte Ederren Plazan, ilustrazinoari lotutako erakusketak eta ekitaldiak atonduko dira aurton, esaterako, azokan aurkeztutako lanak ilustrau dituen 20 egileren irudiek osotutako erakusketea. Horrekaz batera, abenduaren 6an irudigileak izango dira hemen euren lanak jentaurrean aurkezten eta igazko sormen bekea irabazi eban Irati Bazetaren Harien isla erakusketea be ikusgai egongo da.
  • Ahotsenea: liburu barriak aurkezteko gunean, betiko lez, Musika Eskolan, belaunaldi askotako idazleen lanen barri entzuteko aukerea izango da. 49 liburu aurkeztuko dira eta 34 disko.
  • Irudienea: aurton produzidutako lanen bildumea eskainiko da kulturazaleei. Proiekzinoez gan, zuzendari eta aktoreekaz berbaldiak be atondu dira eta bisitariek sortzaileekaz zuzeneko hartu-emonak izateko aukerea dabe. Guztira, 35 ekintza baino gehiagok osotuko dabe egitaraua. 
  • Kabia: familientzako, hezkuntza komunidadearentzako, bideo-joko eta rol-joko zaleentzako, sortzaileentzako, eta orokorrean ezagutza eta teknologiaren inguruan jakin-mina duaen guztientzako egitasmoak izango dira.
  • Saguganbara: umeei, gaztetxoei, familia eta lagunei euskerazko literatura eta kulturara hurreratzeko espazio eskaintzen jake. Guztira, 24 ekitaldi baino gehiago eskainiko ditu: ipuin kontaketa ugari, liburu aurkezpenak, musikea, tailerrak, mahai-jokoak, pailazoak eta ikuskizunak.
  • Szenatokia: arte eszenikoen gunean, bederatzi konpainia ibiliko dira: egunero hiru taldek parte hartuko dabe, bina antzezlanagaz. Ondokoak dira: jantza ikuskizun bi (Nabiga eta Ibawa); bakarrizketa bi (BostOK! eta Julen Axpe); eta bost antzezlan (Mapatxa Kolektiboa, Karin Karan, Karrika antzerki taldea, Gilkitxaro eta Bibitxa kolektiboa).

Oharrak 

  • Garraioa: Euskotrenek frekuntzia handituko dau Durangaldeko herrietatik; beraz, inguruko herrietan autoa itxi eta trenez joateko aukerea hobetuko da. Horrezaz gan, gaueko zerbitzua ugarituko dau Euskotrenek; abenduaren 5, 6 eta 7ko gauetan tren zerbitzuak egongo dira.
  • Durangoko Azokea, kulturearen jaialdi izateaz gan, alkartasunari be lekua egingo deutso aurton. Horregaitik, Palestinak bizi dauen genozidioa salatzeko abenduaren 7an geldialdia egingo dau eta alkarretaratze kulturala egingo dabe Landako Plazan, 14:00etan.Abenduaren 5ean, Ikasle Goizagaz hasiko da Durangoko Azokea. Horreei bideratutako tailerrak egongo dira gunez gune. Holan, azokea edegita egongo da bisitari guztientzat.
  • Abenduaren 6an egingo da Gazte Eztanda. Egitarauan gazteei zuzendutako ekintza ugari atondu dira, egun osoko plana egin deien. Ganera, gauez be, kontzertuak egongo dira Plateruenan, Naxker eta Mirua taldeen eskutik. Egun osoko jaialdira etortzeko, autobusak atonduko dira Baiona, Iruña, Gasteiz eta Bermeotik. Egun horretako autobusak, mahaingurua eta EztanDA! lehiaketea atontzeko, Euskarabentura, Taupa, EHE eta Gazte Euskaltzaleen Sarearen laguntzea izan dabe.
  • Iratxe Reparazek sortu dau aurtengo Durangoko Azokako iruditegia eta abenduaren 6an, Atartea Ilustratzaileen Gunean egongo da hitzaldia emoten.
  • Azoka Telebisteak magazinea produziduko dau egunero. Hainbat kanaletan ikusi ahal izango da saioa: tokiko telebistetan, azokako webgunean, youtuben eta ETBn, hain zuzen be.
  • Indarkeria matxistearen kontrako protokoloa prest egongo da. Puntu moreak ezarriko dira eta bateren batek beharra izango baleu, bertara jo leike.
  • Ordutegiari jagokonez, igazko eredua eutsiko da. Holan, azoka 10:30ean edegi eta 20:00etan zarratuko da egunero, baina abenduaren 8an arratsaldeko 18:00etan zarratuko da.
  • Bisitariei garraio publikoa erabiltea aholkatzen jake. Hori bai, autoz etorri ezkero, jakin deiela abenduaren 6tik 8ra autobus zerbitzua jarriko dala, Iurretako autopista urteerako parkinetatik Landakora.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu