Kontseiluak 'instituzinoei eta gizarteari euskaltzaletasunera lerratzeko' eskatu deutse
2025-12-03 08:45 Euskerea berbagaiAbenduaren 27an Bilbao Arena euskaltzalez beteteko da.

Euskerearen Nazinoarteko Egunaren bezperan, Euskalgintzearen Kontseilua osotzen daben euskerearen aldeko gizarte eragileen ordezkariek adierazpen bateratua irakurri dabe. Euskerearen normalizazino eta bizibarritze prozesuak bizi dauen momentu larriaren irakurketea eta hura gainditzeko bidearen proposizinoa adierazo ditu Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintzearen Kontseiluko idazkari nagusiak.
2024ko Euskerearen Egunaren testuinguruan adierazotako larrialdi linguistikoaren diagnostikoa berresteagaz batera, euskerearen bizibarritzeko prozesuaren erronka nagusiak zerrendatu ditu Kontseiluak, larrialditik indarraldira bidea martxan jarteko adierazotako konpromisotik hasita: hizkuntza politikak sustatzea eta euskaltzaletasuna indartzea.
Euskaltzaletasunaren aktibazinoari jagokonez, norbanakoei zuzenduta, euskaltzaletasuna eta euskerearen aldeko ekimenak sustatzea eskatu dau Kontseiluko idazkari nagusiak. Era berean, abenduaren 27an Bilbao Arena euskaltzalez beteteko deia egin dau, Pizkunde berri baten lehen txinparta konbertidu deian. Ekitaldiaren informazinoa, egitaraua eta sarrerak www.pizkundea.eus atarian dagoz ikusgai. Gainera, erakundeekaz alkarlanean jarraiteko borondatea adierazo dau: euskereari etorkizuna emoteko ezinbestekoak dira euskalgintzeak metatutako ezagutza, giza kapitala eta obligazinoa. Erakundeei autortza hori egin behar jake.
2025eko euskerearen eguneko adierazpena
Orain urtebete, 2024ko Euskerearen Nazinoarteko Egunaren barruan, euskerea eta euskal hiztun komunidadea hizkuntza-larrialdian egoazela adierazo genduan Euskalgintzaren Kontseilua osotzen dogun eragileok. Larrialdian hain zuzen be, halanda ze, datu soziolinguistikoak, estatuagaz ditugun arazoak eta globalizazinoaren egungo aldaerak parez pare jarri genduzen. Baina orain urtebete egin genduan adierazpen garrantzitsuena ez zan hori izan, euskal gizarteagaz hartu genduan konpromisoaren azalpena baino. Izan be, berba emon genduan etsipenari iskin egin eta larrialdia indarraldi konbertiduteko ahaleginari ekinez.
Gaur, urtebeteren buruan, zorigatxez, euskereak eta euskal hiztun komunidadeak larrialdian segiduten dogu. Amaitzear dan 2025 honek eroan deuskun albisteetako bat da Siadecok UEMArentzako egindako ikerketearen arabera hizkuntza-politiketan saltu bat egin ezean 2036an euskereari ez jakola arnasgune geografikorik geratuko. Beste albiste bat: oldarraldi judizial, mediatiko eta politikoak ez dauela atsedenik izan. Astean behin datoz euskerearen normalizazinoaren kontrako epaiak, ofizialtasunaren eraisketa sistematikoa dabil pasetan… Ez da dudarik, etorkizuna dago jokoan.
Baina albistea da, baita be, Kontseiluak aurrera egin dauela orain urtebete hartutako konpromisoan, larrialdia indarraldi konbertiduteko bidean. Batetik, euskerearen normalizazinoan saltua emotearen aldeko adostasun soziala zabaltzeko obligazinoaren jagokonean. Hain suertez, irailaren 26an aurkeztu genduan Batuz Aldatu prozesuaren emoitza: -Itun soziopolitiko barrirako eskaintzea-. Daborduko Euskal Herri osoko 130tik gora gizarte eragile dira euskerearen normalizazino eta bizibarritzean aurrera egiteko pausuak jarten dituan proposamen honekaz bat egin dabenak: Athletic edota Reala, Bizkaiko Abokatuen Alkargoa zein Gipuzkoako Gaixo-jagoleak, Mondragon Korporazinoa zein Iparraldeko Laborantza Ganberea, Bilgune Feminista eta pensinonisten alkarteak, Euskal Aktoreen Batasuna zein Nafar Ateneoa… Azkenak batu diranen artean dagoz EHU, Deustuko Unibersidadea edo Labayru Fundazinoa.
Horreen guztien artean jositako tratu soziopolitiko barrirako proposamenean argi jasoten dira zeintzuk diran euskerearen normalizazinoan aurrera egiteko ezeze, gure gizartean hizkuntzearen inguruan ditugun korapiloak askatzeko kako biak: batetik, etorkizunean herritar guztiek euskerearen jabe izango diran gizarte baterako pausuak jartea. Bestetik, erabilerean eregitea, normal erabilteko eremuak sortuz, jorratuz eta hedatuz. Horreek dira hizkuntza ideologia supremazistea eta baztertzaileak gainditu eta hizkuntza bardintasunean, justizia sozialean, askatasunean eta bizikidetzan aurrera egiteko bidea. Hau da, demokrazian sakontzea.
Kontseiluak hartutako konpromisoaren beste emaoitza bat da euskereari Pizkunde barria emoteko helburuz euskaltzaletasunaren giharra indartzeko hasitako bidea. Orain urtebete esan genduan larrialditik indarraldirako pausua egiteko modua euskerea lehentasunetara eroatea dala, hots, lehen lerrora. Horrek izen bat dauka: euskaltzaletasuna.
Hain zuzen be, lehenago be izan da euskerearen etorkizuna jokoan eta galtzear izan dan momentu horreetako bakotxean, euskaltzaletasunak, euskaltzaleek, eragin dabe euskerearen Pizkundea. Milaka herritarren eguneroko erabagi, ekintza eta keinuek. Euskaltzaletasunak eroan dau euskerea bizirik. Euskaltzaletasuna itxaropena da-eta. Mundua hain aldrebes dabilen garaiotan oinarrizko gizatasun balioekaz buztartzen dan jarrera politiko bat. Izan be, mundua hainbeste eskubide eta balioren kontra datorren honetan, euskerea dogu guk munduaren alde.
Beraz, momentu larri honetan ezinbestekoa da barriro be euskerea lehen lerrora eroatea, euskaltzaletasuna indartzea. Gizarte eragileak horretan gabiz. Milaka herritar sumatzen ditugu horretarako prest. Orain urtebete esan genduan bezela, indar politikoek eta, batez be, instituzinoek euren erantzukizun eta eragin gaitasunetik euskerea lehen lerrora eroatea eta euskaltzaletasunera lerratzea ezinbestekoa da. Euskerea larrialdian dago eta hizkuntza-politiketan saltu egitea ezinbestekoa da etorkizuna bermatzeko. Itxaropena jorratzeko garaia da, baina ez itxarotekoa. Saltua orain egin behar dogu, berandu izan ez deian.
Orain urtebete bezela saltu horretan erakundeen lagun eta kide izateko prest segiduten dau euskalgintzeak. Alkarlanerako besoak edegita. Azken hamarkada luzeetan euskerearen normalizazino eta bizibarritzearen egunerokotasun umilaren garraiatzaile nagusi izan dan euskalgintzeak: hezkuntzan, helduen euskalduntze-alfabetatzean, euskaltzaleen saretze eta aktibazinoan, eremu sozio-ekonomikoan, kulturan, hedabideetan, ezagutza soziolinguistikoaren lanketan, teknologia barrietara egokitzen… Sarritan borondatezko ekimenez, sarritan baldintza prekariotan, baina beti itxaropena eta euskararekiko eta gizartearekiko konpromisoa ipar. Euskereari etorkizuna emoteko ezinbestekoak dira euskalgintzeak metatutako ezagutzea, giza kapitala eta obligazinoa. Jakina, euskalgintzako eragileei horren autortzea egitea.
Kontuak kontu, euskaltzaletasuna indartzeko eskatzen deutsegu norbanako euskaltzale guztiei, bizi diran herri eta auzoetan, lantokian, ikastetxeetan, zein arlo guztietako alkarteetan batzera, alkarrekaz atontzera, hizkuntzearen auzia mahai gainera eta lehentasunetara eroatea, ekimenak biderkatzera. Hasteko, 2025eko Euskerearen Eguna izan deiala guztiok euskerearen Pizkunde barriari begira jarriko gaituan data. Horren ostean, abenduaren 27an, konbertidu daigun Bilbao Arena Pizkundearen lehen txinpartea. Euskaltzaleon garaia da, badator Pizkundea!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
