1.300 persona inguru XII. Berbagunean
2025-11-14 13:31 Euskerea berbagaiZemendiaren 19an izango da, Azkuna Zentroan.
XII. Berbagunearen topaketea zemendiaren 19an egingo da Azkuna Zentroan. Aurkezpenean, Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskera, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazinoarteko Gaietako zinegotziak parte hartu dau.
Berbagunearen desafioa euskerea kalera ateratzea da, edade eta baldintza guztietako euskaldunak mahai-inguruan alkartuz eta hainbat gairi buruz euskeraz berba egiteko: elikadurea, plataforma digitalak, aisialdia...
Berbaguneak euskeraz ulertzeko eta berba egiteko gai diran guztiei zabaltzen deutse deialdia, kezka berberak dauzkaten personekaz berbetan, giro atseginean, ibili gura badabe. Horretarako, mahai berean euskaldunak eta hizkuntza ikasten dabizenak alkartzea aurreikusi da, goizeko 9:30etik arratsaldeko 18:30era bitartean hainbat alkarrizketatan parte hartu ahal izan deien. Egun osoan, gitxi gorabehera 324 personako 4 txanda atonduko dira: lehenengoa, 9:30etik 10:30era; bigarrena, 11:00etatik 12:00etara; hirugarrena, 12:30etik 13:30era; eta laugarrena, arratsaldez, 17:00etatik 18:30era, guztiak Azkuna Zentroaren atarian.
Txanda bakotxean hainbat talde atonduko dira. Talde bakotxean sei persona egongo dira eta aurretik jarritako gai bati buruz berba egingo dabe. Hogei minutu eta gero, egondako mahaitik altxau eta beste mahai batera joango dira, beste gai bati buruz berba egiteko. Txanda bakotxean birritan aldatuko dira mahai batetik beste batera parte-hartzaileak; horretarako, parte-hartzaile bakotxak triptiko bat jasoko dau jorratuko dituen gaiekaz. Mahai bakotxean persona bat egongo da gaia proponidu eta alkarrizketea gidatzeko.
Hitzordua erakargarriagoa izan deian, esparru guztietako eragileek, estaterako kulturakoak, ekonomiakoak, kiroletakoak edo politikakoak, mahaia eta alkarrizketea partekatuko ditue euskarea ikusgarriago egiteko prest dagozen herritarrekaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
