'Unibersidadeok euskerearen indargune izan gaitezan'
2025-12-02 13:11 Euskerea berbagaiEHU, Deusto, MU eta EUNEIZ unibersidadeek Euskerearen Egunerako manifestu bateratua kaleratu dabe.
Abenduaren 3a euskerearen inguruko kontzientzia irabazteko eguna izan behar da. Non gagozan eta norantz joan nahi dogun pentsetako, ezinbestekoa da nondik gatozen gogoratzea. Horregaitik, euskal unibersidade-sistemako unibersidadeok autortu nahi dogu euskerea gure ikasgela eta ikerguneetara heltzea posible egin daben personen lan nekatuezina. Milaka gurasoren kontzientzia eta transmisino lana, euskaltegien eginkizun ezinbestekoa, eragile sozio-kulturalen ekarpena, eta erakundeek nahiz herri mobimentuek hezkuntza-sistemea euskalduntzeko egindako lanak ahalbidetu dau mende erdi batean euskaldunen komunidadeak ehunka mila hiztun barri izatea.
Mendeetan zehar, askotariko erronkei erantzuten jakin dogu euskaldunok. Aurre egindeutsegu errepresinoari eta zentsureari, gitxiespenari eta debekuei; lortu dogu industrializazinoaren, migrazinoaren zein digitalizazinoaren desafioei erantzutea, gizartearen unean uneko testuingurura eta beharretara egokitzea; eta, garrantzitsuena, bizikidetzarako, heziketarako, lan mundurako, dibersinorako, helburu komertzialetarako, munduko mapan kokatzeko, nahiz zientzia egiteko gaitasuna erakutsi dau euskereak. Irabazi dau lekua akademian eta zientzian.
Euskal Herriko unibersidadeok oinarrizkoak gara euskerearen garapenaren eta transmisinoaren haria ez eteteko. Erantzukizun saihestezina dogu konpromiso hori indartzeko. Unibersidadeetako kolektibo guztietan (ikasleak, irakasle-ikertzaileak zein administrazino eta zerbitzuetako langileak) handiagoa da euskaldunen portzentajea gizarte osoan baino, eta erabili behar dogu. Gainera, eremu soziolinguistiko desbardinetako euskaldunen alkarguneak dira unibersidadeak, euskerea erabilteko aukera gitxiago dabenen egoerak konpensetako lagundu leikienak edozein hizkuntzatan, unibersidadetan garatzen dira komunikazino-gaitasunak, komunikazino formalerako eta komunikazino espezializadurako gaitasunak. Beraz, unibersidadeok eragile aktibo izan behar dagu danetariko profesional euskaldunak trebatzeko, hizkuntza-gaitasun gorenak eta kontzientzia soziolinguistiko sendoa dabenak, lan-arlora sartzen diran profesionalen hizkuntzea euskerea be izan daiten.
Kanpotik datozen ikasle eta ikertzaileei be, harrera linguistiko egokia egin behar deutsegu, hasieratik bertatik gure unibersidadean eta gure gizartean euskereak dauen garrantziaren barri emoteko eta euskerea ikasteko eta erabilteko aukera erosoak eskaintzeko. Euskerea gurean errotzeko eta ikerketak egiteko tresna parebakoa dala sentiarazo behar deutsegu bertan dabizen profesional eta ikertzaileei eta bai kanpotik datozenei be. Holan lortuko dogu talentuari eustea. Ez hori bakarrik, euskerea bera ikertzeko gunea da unibersidadea: euskerearen historia, gramatikea, diskursoa, erregistroen garapena, bilakaera soziolinguistikoa, literaturea. Arabee gehigo, euskerea hizkuntza-teknologietatik kanpo ez geratzeko nahitaezko ikerketak egiteko gunea be bada.
Ospatu eta erabili daigun euskereari eskainitako egun hau. Balioetsi eta eskertu daiguzan gure aurrekoek egindako ahaleginak eta lorpenak eta eutsi deiotsagun katea ez hausteko dogun erantzukizunari. Trinkotu eta saretu daigun euskeraren komunidadea.
Hartu daiguzan besoak zabalik euskaldun etorri barriak eta lagundu daiotsegun bertan errotzen, komunidadearen parte sentiduarazoten. Segidu daigun euskerea arloz arlo lantzen eta jorratzen. Segidu daigun euskerea indartzen eta sendotzen gure unibersidadeetan zerbitzu eta lan-hizkuntza modura eta instrukzino-hizkuntzea eta jakintzea garatzeko hizkuntza modura. Erabili daigun euskerea eta bihurtu daigun gure unibersidadeetako komunikazinoaren ardatz, beste hizkuntzakazko alkarbizitza duina eta eleaniztasun harmonikoa jomugan. Ikasi, erakutsi, berba egin, lan egin, eta bizi gaitezan euskeraz. Unibersidadeok euskerearen indargune izan gaitezan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
