'Ez gero, orain baizik. Euskereari pizkunde barri bat emoteko momentua' da

Bizkaie! 2025-12-01 07:40   Euskerea berbagai

Horixe aldarrikatu dau AEK-k Korrikaren 45. urteurrenean.





AEK-k gorazarre egin deutse Korrikaren sortzaileei, bai eta gogorarazo be Korrika atontzeko arrazoiei eutsiko jakela, harik eta helduen euskalduntzea eta alfabetatzea aurre-aurrean ipini arte.

Euskerearen ezagutzaren unibersalizazinoa eta helduen euskalduntzea aurre aurrera eroateko eskatu dau AEK-k, izan be, Korrika sortzeko arrazoiek hor segiduten dabe, zoritxarrez, 45 urte aurrerago. Era berean, AEK-k helburu dauen Euskal Herria lortzeko bidean ezin da ezer gerorako itxi; prisaz gabiz, euskerearen etorkizuna bermatu barik baitago. Orain dala 45 urte (1980an) abiatu zan lehenengo Korrika Oñatiko Unibersidadetik, gaueko 10:00etan; efemeridea erabilita, AEK-k Korrikaren sortzaileak eta 1980ko lasterketaren hasieran protagonista izan ziranak omendu ditu euskerearen aldeko ekimenaren lehenengo edizinoa hasi zan lekuan bertan: Oñatiko Unibersidadean, hain zuzen.

Eguerdiko 12:00etan puntu-puntuan hasi da Ez gero, orain baizik ekitaldia, kanpai-hotsakaz batera. Xabier Amuriza agertu da oholtzan eta ekitaldiari izena emon deutsen letrak, lehenengo Korrikaren koplak, abestu ditu. Jarraian, Korrikako arduradun Ane Elordik zehaztu dau ekitaldiak helburu bikotxa dauela. Batetik, ospakizuna eta omenaldia. Orain 45 urte, mundu osoan hizkuntza baten alde egiten dan ekitaldirik jentetsuena eta arrakastatsuena abiatu zan; badogu, beraz, zer ospatu. Eta badogu nori eskertu. Korrikaren sortzaileak aitatu ditu orduan Elordik: Urtsa Errazti, Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo, Alvaro Gurrea... Orduko AEKide guztiei be esker ona adierazo deutse: Julen Kaltzada, Bittor Allende... baita lehenengo Korrika haretan protagonista izan ziranei be: Xabier Amurizari, Korrikaren lehenengo kantuaren sortzailea; Remigio Mendibururi, lekukoaren egilea; Eli Galdosi eta Jose Maria Satrustegiri, 0 kilometroa korridu ebenei...

Bigarren helburua aldarrikapena da. Korrika ez da jai-giroa bakarrik, aldarrikapen-giroa be bada; horrezaz jaubetzeko, Korrika bakotxaren leloei erreparetea baino ez dago azpimarratu dau Korrikaren arduradunak: horregaitik, 24. Korrikaren atarian, AEKren mezua eta aldarrikapena publiko egiteko erabili dogu urteurrena. Zoritxarrez, oraindino, 45 urte eta 23 Korrika aurrerago, Korrika atontzek betik beharrizanak ditu AEK-k: euskerearen aldeko kontzientzia suspertzea eta dirua batzea AEKren eguneroko lana indartzeko. Elordik nabarmendu dauenez, ez gara folklore hutsa. AEK gara. Korrika gara. Euskerea gara.

Autortzea

Urtsa Erraztik egin dau berba Korrikaren sortzaileen eta lehenengo edizinoan parte hartu eben guztien izenean: 45 urte, eta barriro hemen, Oñatiko Unibersidadean. Hunkituta ekarri ditu gogora beragaz batera Korrika sortu eben gazte zoro hareek, gure artean dagozanak eta ez dagozanak: Joseba Kanpo, Enrike Ibabe, Josepe Zuazo... eta Álvaro Gurrea. Korrika euskerearen aldeko urtebeteko kanpaina moduan jaio zan baina, zoritxarrez, Korrika aldarrikatzailea egiteko beharra dago oraindino eta nahiko geunke euskereak Korrikaren beharrik ez izatea eta belaunaldi barriek Korrikaren alde festiboa besterik ez ezagutzea.

AEK-ko Nazio Kontseiluko kide Aize Otaño Lizarraldek eta Xabi Gartzia Castellek lehenengo Korrika egiteko beharrizanak aitatu ditue: 1980an, euskaltzaletasunak euskereari beste bizkunde bat emon eutsonen, alfabetatzearen eta euskalduntzearen preminea hauspotzeko eta atontzek bultzadea urrats logikoa eta naturala izan zan: AEKren estrategia herri-dinamikan eta lurraldetasunean oinarritu da hasieratik, adierazo dau Gartziak. Sorrera haretan, AEK-k erakundeetatik ez eban lortzen ez ofizialtasunik, ez dirurik; dirua batzeko eta euskalduntzearen eta alfabetatzearen beharra sortzeko be, kanpaina bat egitea pentsau eben, herrikoia, edegia eta Euskal Herri osoaren batasuna adieraziko ebana. Holan sortu zan Korrika.

Otañok esan dau kontu batzuk ez dirala horrenbeste aldatu 45 urtetik hona: 24. Korrikan aldarrikatu nahi dogu euskerea danontzako aterpe edegia eta erosoa dala; eta, zelan ez, prisagaz gabizela beste bizkunde bat martxan jarteko, Euskal Herri euskalduna lortzeari begira. Horretarako, beste gauza batzuen artean, AEK-k nabarmendu dau helduen euskalduntzea lehen lerroan ipini behar dala, izan be, gaur-gaurkoz, eta garai haretatik aurrerapausuak emon diran arren, aldarrikapenek bardin jarraitzen dabe: helduen euskalduntzea lehen lerrora ekarteak esan nahi dau botere publikoek era horretako autortzea egitea. Osterantzean, AEK-k jarraitu beharko dau Korrika atontzen, bai dirua batzeko eta bai euskerearen normalizazinoaren aldeko lana aurrera eroateko Euskal Herri osoan.

AEKren helburua

Euskal Herriko biztanle guztiak euskeraz eroso bizitea eta hori lortzeko finantziazino iraunkorra aldarrikatu dau.

Gartziaren eretxiz, aldian aldiko hiru eremu administratiboetako dirulaguntza-sistemea gainditzeko finantziazino-eredua behar dogu, hau da, gure zerbitzua osotasunean finantzietea. Hau da, Euskal Herri osoan egitura iraunkor eta egonkor baten beharra azpimarratu dau, horren bitartez posible izango baita euskerea ikasteko zerbitzua doban eskaintzea, herritarrek dirurik aurreratu beharrik ez izatea euskerea ikasi ahal izateko, eta, holan, euskerea ikastea irisgarria izatea danontzat, herritar orori bermatu behar jakelako berezko hizkunteza ezagutzeko eskubidea.

Otañok zehaztu dauenez, euskerearen ezagutzaren unibersalizazinoa lortzeko, momentua da euskaltzaleok batu eta indarrak batzeko. Prisa be badago, helburua lortzeko, gure Euskal Herria lortzeko, ezin dogu ezer gerorako itxi; orain da unea. Zeregin horretan, instituzinoek berebiziko ardurea dabela azpimarratu dau, euskereak ez dauelako jagokon bardintasunezko ofizialtasun-estatusik bere lurralde guztietan: Ipar Euskal Herrian, ez dago ofizialtasunik; Nafarroan, oraindino be zonifikazinoaren ondorioak dagoz; EAEn, ofiziala izanik bere, azken urteetako oldarraldi judizial, ideologiko eta politikoak desofizializazino-prozesu batean sartu gaitu.

Gauzak holan drala, momentua da euskerari bizkunde barri bat emoteko. Horretarako, abenduaren 27an Bilboko Bilbao Arenara batzeko deia egin dabe AEKko ordezkariek. Nazino Kontseiluko kideek bat egin dabe esatean helduen euskalduntze eta alfabetatzea izan behar dauela herria euskalduntzeko prozesuaren ardatza eta dei zuzena egin deutse administrazino nagusietako arduradun politikoei: Zeuenak dira euskerearen normalizazino eta bizibarritze-prozesuan eragiteko eskumena, gaitasuna, boterea eta lidergoa; zeuek bideratzen dituzue politika publikoak, eta orain da lehentasunezko politika publikoei ekiteko sasoiak abiatzeko garaia. Era berean, eragile politikoei eskatu deutse, ezagutza unibersalizeteari begira, zenbait arlo lehentasuntzat jo deiezan: hezkuntza (formala zein ez-formala), helduen euskalduntze-alfabetatzea, kulturea eta harrera-politikak.

Helduen alfabetatze eta euskalduntzea sektoreari jagokozan eskariak

  • Otañok eta Gartziak Euskal Herri osoa hartuko dauen egitura egonkor eta iraunkor bakarra sortzea aldarrikatu dabe helduak euskalduntzeko eta alfabetetako jarduna koordinau eta osorik finantziauko dauen agentzia bat, hain zuzen ere.
  • Dobakotasuneranzko bidean urrats sendoagoak emoteko konpromisoa, hau da, herritarrek dirurik aurreratu beharrik ez izatea euskerea ikasi ahal izateko, eta herritar bakotxak 2000 orduko poltsa bat izatea euskalduntze-prozesu osorako.
  • Euskerea ezagutzeko beharra sustatzea.

Azpimarratu dabenez, Euskal Herri osoan bizitzako arlo guztietan euskerea nagusi izatea jomugan, beharrezkoa dala hizkuntza-politika koordinau, baterau eta bakarra egotea, erdaldun elebakarrei argi sentiduarazoteko euskerea ikastea gero eta beharrezkoagoa izango jakela. Holan, herritarrek euskerea ikasteko eta erabilteko erabagia edo hautua egin deien, oso  beharrezkotzat joten dogu hizkuntza-politikako zenbait neurrik lege-babesa izatea ezagutzearen unibersalizazinoa jasotea. Lau eremu aitatu ditue: administrazinoa, hezkuntza ez-formala, eremu sozioekonomikoa eta ingurune digitala: AEKn oso argi daukagu: Euskera gara. Orain ez bagara, noiz izango gara?.

Ekitaldiari amaierea emoteko, aurreskua jantzan egin deutse omendue eta euren familiakoei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu