Bilbok Zea Maysi omenaldia eginez ekin deutso Euskerearen Nazinoarteko Egunari
2025-12-03 08:04 Euskerea berbagaiEuskerea zugan, nigan, gugan.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Eider Inunciaga Euskerako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazinoarteko Gaietako zinegotziak eta Udalbatzako ordezkariek hasierea emon deutse Euskerearen Nazinoarteko Egunaren ospakizunei, udaletxeko Arabiar Aretoan. Egun honetan, Zea Mays talde bilbotarrari egin jakon omenaldia izan da ekitaldi nagusia, musikearen bidez euskereari egiten deutsen ekarpena saritzeko. Ekitaldian, gainera, ezagutzera emon dira Jon Kortazarrek idatzi eta Bilboko Udalak argitaratutako Gabriel Aresti. Poesia eta gizartea liburua, Bilboko poeta handiaren heriotzearen 50 urte beteten diranean eta Udalagaz Euskeraz kanpainea, uri osoan zenbait euskarritan ikusi daitekeena.
Zea Mays taldeak –Aiora Renteria (taldeko abeslaria, Aste Nagusiko pregoilaria 2023an), Asier Basabe (bateria), Ruben González (bajistea) eta Iñaki Imaz (gitarristea)– Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen omenaldia jaso dau eta Bilboko Txistularien Udal Bandeak taldearen hainbat pieza interpretau ditu.
Zea Mays taldea 1997ko bagilean sortu eta uda horretan bertan, gero Euskadi Gaztearen VII. Maketa Lehiaketan saritutako maketea grabau eta berehala izentau eben Euskal Bandarik Onena Bilbo Hiria Pop Rock X. Lehiaketan. Hortik aurrera, taldeak hainbat disko grabau eta sariak irabazi ditu, gero eta publiko handiago eta leialaren babesean.
Jardunaldiko beste protagonista bat Jon Kortazar idazleak egin eta Bilboko Udalak argitaratutako Gabriel Aresti. Poesia eta gizartea liburua izan da, Bilboko poeta handiaren heriotzearen 50 urte bete diranean. Kortazar bera ospakizunean izan da eta lan horrek Gabriel Arestirengana hurreratzen gaitu, lehen poemetatik azken poemetara.
Azkenik, Udalagaz Euskeraz kanpainea aurkeztu dabe, bilbotarrak animetako udaletxera eta bertako zerbitzuetara joteko orduan erabiliko daben lehen berbea euskaraz izan daiten.
Kontzientziazino-kanpaineak helburu bi ditu: herritarrak udal-administrazinoagaz euskeraz komunikau daitezan animetea eta udal-langileen artean euskerearen erabilerea sustatzea, lan eta zerbitzu-hizkuntzea izan daiten. Bilboko Udalak herritarrei jakinarazo deutse hizkuntza-eskubide batzuk badituela eta Udalak euskeraz erantzun leikela baina eskubide horreen erabilerea administrazio-eremura zabaltzeko, Udalak bilbotarren laguntzea behar dauela.
Azkenik, aurten be, Bilboko Udalak bat egin dau EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak proponidutako Euskerearen Nazinoarteko Egunaren Adierazpen Instituzionalagaz. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ospakizunaren garrantzia nabarmendu dau: EBko biztanleen % 10ek eskualdeetako, eremu urriko edo desagertzeko arriskuan dagoan hizkuntzaren bat berba egiten dau. Politika publikoak oinarrizkoak dira hizkuntzek bizirik irauteaz gan aurrera egiten dabela bermatzeko, munduko kultura eta hizkuntza-aniztasunari lagunduz; horregaitik da garrantzitsua atzerritarren arretea erakartea euskerea gure altxorrik handiena baita. Aburtok azpimarratu dauenez, Bilboko Udala aitatu babes horregaz konprometiduta dago. Eta erantzukizun horren erakusgarri, plan eta programak martxan jarriz, persona eta kolektiboei laguntza ekonomikoak bideratuz eta gizarte mailan herritarrak sensibilizetako eta motibetako sortzen diran ekimenakaz bat egiten dogu, besteak beste, Euskerearen Nazinoarteko Egunagaz.
Hori bai, Bilboko alkateak adierazo dauenez, euskerara saltu egitea gutako bakotxean dago.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
