Euskerearen historia ezagutzeko lan-tresnea aurkeztu dau Euskaltzaindiak
2019-07-03 13:10 KultureaEuskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200) aurkeztu dabe gaur.
2009ko Barne jardunaldietan hartu eban Euskaltzaindiak Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa abiatzeko erabagia. Horretan ibili da 2010eko hasieratik Julen Manterolak eta Iñaki Segurolak osotutako lantaldea, Joseba Lakarraren zuzendaritzapean; azken bizpahiru urteotan Gabriel Fraile eta Koro Segurolaren laguntzinoa be izan dabe.
Baina, zer da Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa? Berben sorrerea aztertzen eta azaltzen dauen hiztegia. Holan deskribidu dau Joseba Lakarra euskaltzain eta EHHE egitasmoko koordinatzaileak: Hizkuntzearen barruko historia aplikatua baino ez da, hau da, fonologia, morfologia, dialektologia eta sintaxi diakronikoetan oinarritu eta berben inguruan antolatutako hizkuntzearen historiaren ikerketea eta azalpena baino ez. EHHEra bidean ez da osotasunik bilatzen eta are gitxiago orain amaitzen dan lehen garai honetan; ostera, bai itxaroten dogu hiztegi modular handi horren oinarriak ahalik sendoena finkatzea. EHHE osotzeko jarraitu dituen erispideak be argitu ditu Lakarrak: Berben hedadura geografiko zahar eta barria, lekukotasunen kantidade eta kalidade historikoa, euren antxinatasuna protohistorian eta historiaurrean, oinarrien emonkortasun lexiko eta morfologikoa, berbon inguruan sortutako bibliografiaren kantidadea eta kalidadea. Hori dana izan dogu kontuan.
Era berean, EHHE-200en egileentzat erabagi markagarria izan da berbak familiaka antolatzea —ez sarrera solteka, hiztegi arrunt edo ezagunenetan legez—, etimologia azterketetan (batez be geruzarik zaharrenetan) berba-familiak baitira ikerketaren unitate eta abiapuntu nagusi. Horrenbestez, 200 familia eta ia 2.600 sarrera eta azpisarrera eratu dira, 100 inguru ondare zaharreko oinarriakaz eta beste horrenbeste mailegatuakaz. EHHE-200eko berba-familia bakotxaren batez besteko sarrera kopurua, beraz, 13koa edo da.
Lakarrak azpimarratu dau garrantzi markagarria dauela EHHEn egin dan protohistoriaren azterketa aberatsak, Orotariko Euskal Hiztegiko iturri nagusietatik harago: Asko edo gitxi, ia beti aurreratzen dira lehen lekukotasunak eta ugaltzen berben azterketa diakronikorako ezinbesteko diran aldaera ezezagunak eta hedadura dialektalak. Honegaz batera, azken urteetan ezagututako lekukotasun barriak edo lekukotasun ezagunen inguruko azterketa filologiko eguneratuenak be erabili dira emoitza aitagarriakaz.
Euskaltzainak esan dau hiztegi barriak ez dauela anekdota dibertigarrien biltegi izateko bokazinorik: berbon ikerketan inplikautako alorretan urrats sendoak emoteko lanabesa izatea dau helburu. Asmo zabalago horren barruan, hurrengo urteotan zabaldu eta gainditu nahi geunken EHHE-200 hau zati txiki baina garrantzitsua begitantzen jaku, gaineratu dau ikerlariak.
Garagarrilaren 4an, eguenean, jardunaldi berezia antolatu dau Euskaltzaindiak. Mintegi interesgarri honen helburua da EHHE egitasmoaren eta EHHE-200 argitaratu barriaren izakerea, helburuak, metodoa eta lorpen garrantzitsuenen gehi ondoko urteotarako asmoen aurkezpena egitea.
Goizeko 09:20tik 14:00etara izango da jardunaldia eta ondorengo hizlari honeek egongo dira:
- Jose Antonio Pascual (RAE): Saludos de un etimólogo hispánico al Nuevo Diccionario Histórico-Etimológico Vasco.
- Reina Bastardas (Universitat de Barcelona): El Dictionnaire étymologique roman (DÉRom): aportaciones de su metodología a la etimología idioromance: el caso del catalán. Y posibles aportaciones extraromances.
- Joakin Gorrotxategi (euskaltzain urgazlea, UPV/EHU): Etimologia, filologia indoeuroparra eta euskerea.
- Joseba Lakarra (euskaltzain osoa, Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa egitasmoa): Euskal ikerketa diakronikoak eta EHHEranzko bidea.
- Joseba Lakarra, Iñaki Segurola eta Julen Manterola (Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa egitasmoa): Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoaren aurkezpena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!