Bermeoko Gizarte Zerbitzuek 18 emakume artatu ditue (2024an 26 izan ziran)

Bizkaie! 2025-11-21 11:29   Kulturea

Bermeoko Udalak bat egingo dau Mobimentu Feministeak Taraskan deitutako alkarretaratzeagaz.

Emakumeakanako Indarkeria Matxistearen Kontrako Nazinoarteko Egunaren atarian, Bermeoko Udalak 2025. urteko lehenengo sei hilabeteko indarkeria matxistearen datuak argitaratu ditu Indarkeria Matxistearen Behatokiak jasotako datuetan oinarrituta eta azken urteetako goranzko joereagaz jarraitzen dabe.

2025eko datuei erreparauta, urtarriletik bagilera bitartean, 7 emakumek erabili dabe Bermeoko Udaleko aholkularitza juridikoa (2024an, 13). Datuen goranzko joera horren arrazoiak asko izan daitekezala adierazo dau Arantza Ormaza Tarantino Bardintasun zinegotziak: alde batetik, mobimentu feministeak eta erakundeek egindako urteetako lanaren ondorioz, emakumeek indarkeria egoerak antzemon eta neurriak hartzeko tresnak eskuratu izana adierazo leike. Arrazoibide nagusiak izan daitekez detekzino goiztiarraren hobekuntzea, laguntza bide barrien ezagutza handiagoa, sensibilizazino sozial handiagoa, pandemiaren osteko errealidade soziala eta arreta-sarea sendotzea.

Bermeoko Udalak gogorarazo dau indarkeria matxistea giza eskubideen urraketa larria eta lehen mailako arazo soziala be badala: indarkeria matxistea, hori jasaten eta aurre egin behar izaten deutsen emakumeen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa da. Indarkeria matxistearen kasuak ez dira jazoera isolatuak, sistema patriarkal sendo baten ondorio dira. Balio eta jokabide jakin batzuen babesean sortzen dira, hain zuzen be, sexu-generoa sistemearen egiturazko gorabeheretan dabe jatorria, izan be, sistema horrek gizarte bitar eta patriarkalari eusten deutso, botere-hartu-emon sakonek markauta eta maskulinoa eta heterosexuala indarkeriaz nagusitzen dira egunerokoan, bizitearen arlo eta alderdi guztietan. Bermeoko Udalak gogor gatxeresten dau edozein indarkeria matxista bizitza libre, seguru eta burujaubeak eregitearen alde gagozalako.

Bermeoko Udalak indarkeria matxistearen kontrako erantzun instituzional sendoari eusten deutso: arreta juridiko eta sozial egonkorrak eta koordinazino egokia erakusten ditu. Udalak herritar guztien bardintasun osoa ahalbidetuko daben politika feministeak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dau, besteak beste, honakoak: puntu seguruen sare komunitarioa zabaldu, sensibilizazino, prebentzino eta formazino lanakaz jarraitu edade eta arlo guztietako herritarrakaz. 2026rako, gainera, aurreikusita dago udal eraikinetan indarkeria matxista kasuak detektatzean jarduteko protokoloa egitea.

Indarkeria matxistearen datuek goranzko joeran jarraitzen badabe be, bide onetik goazela uste dau Bardintasuneko zinegotziak: danon konpromisoak ondorioak dakarz eta gero eta gehiago dira laguntza baliabideetara gerturatzen diran emakumeak, eta hori zoriontzekoa da.

Beste alde batetik, zinegotziak baliabide espezializatuetara jo daben guztien konfidantzea eskertu dau: horreei guztiei esan gura deutsegu ez dagozla bakarrik, ez jakela eurei bakarrik jazoten eta egoerea edozein izanda be, ateak zabalik izango dituela.

Bardintasun zinegotziak Puntu Seguruen Sare komunitarioa osotzeko lanean dabizen udalerriko ostalari eta merkatariak zoriondu eta euren lanerako prestutasuna eskertu dau.

Bermeoko Udalak herritar guztiei eskatzen deutse indarkeria matxistearen kontra buru-belarri jardun daitezala, bardintasunezko Bermeo eregiteko.

Zemendiak 25

Datorren martitzena Indarkeria Matxistearen Kontrako Nazinoarteko Eguna da eta Bermeoko Udalak ekitaldi instituzionala atondu dau egun horretarako: 12:00etan izango da Goiko Plazan.

Horrez gan, Bermeoko Udalak bat egingo dau zemendiaren 25eko arratsaldean Bermeoko Mobimentu Feministeak 19:00retan, Taraskan deitutako alkarretaratzeagaz. Udal arduradunek herritar guztiak animau ditue bai goizeko ekitaldian, bai arratsaldekoan parte hartzeko, indarkeria matxisteari aurre egitea guztion ardurea baita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu