Astola aldizkariaren 20. zenbakia ospatzeko, argitalpen berezia egin dau Gerediaga Alkarteak
2026-11-10 09:49 KultureaAstolaren ibilbidea bistaratzen dauen atal bat dakar urtekariak.

Durangaldeko ikerketa-gaiak, historia eta kulturea kontetako interesagaz jaio zan eta norabide berean jarraitzen dau argia ikusten urtean behin. Aurtengo zenbakia jentaurrean aurkeztu dabe, irakurle, laguntzaile eta babesleak ondoan izanik. Ekitaldian, egitasmoaren balioa autortu dau Gotzon Gomez Gerediaga Alkarteko presidenteak: Inguruan holako proiektu gitxi dagoz, ieskualdearen joana, oraina eta etorkizuna buztartzen dabenak. Izan ginana, garena eta izango garena jagon, zabaldu eta mimoz lantzen dabenak. Astolaren sortzaile eta kide izandakoen lana nabarmendu dau Gomezek eta laguntzaile diran erakundeei eta saltokiei eskerrak emon deutsee. Txelu Angoitia zuzendariak be esker berbak izan ditu laguntzaile guztientzat eta batez be erredakzino taldeko kide izandako hiru lagun izan ditu gogoan: Jose Mari Uriarte, Jon Irazabal eta Izaskun Ellakuriaga.
Hogeigarrena da, edizino berezia atondu dabe erredakzino taldeko kideek; ohiko erreportajeez aparte, Astolaren ibilbidea bistaratzen dauen atal bat dakar urtekariak. Bertan, zenbait irakurleri ahotsa emon deutsee, eta horreek, Astolari buruz daben eretxia azaldu dabe idatziz. Aurtengo gaien artean, aitagarria da Ainhoa Urienek Xabier Amurizagaz eginiko alkarrizketa gertuko eta mamitsua, Etxanoko bertsolari eta idazlearen ibilbidea errepasetako. 
Foto Sol argazki artxiboko hainbat irudi jaso ditu aldizkariak eta 60-70eko hamarkadetan eskualdean biztutako langile mobimentua aztertzeko erreportajea be badakar. Oraina eta geroa ahaztu barik, Hontza Museoaren etorkizuneko asmoak kontau ditue museoko arduradunek. Aldizkariko gaiak eta egileak hurrengoak dira:
Kurutziagako Gurutzea: barriro be hizketan. Imanol Tabera.
Iurretaren anexinoa, joan-etorriko bidaia. Markel Onaindia, Jon Irazabalen ikerlanean oinarrituta.
Nork ez dau ezagutzen Bitor Garitaonandia?. Pello Zabarte.
Hontza Museoa. Bizitza oso bat pasino eta dedikazinoz ezagutza batu eta konpartiduten. Itsaso Esteban.
Langile mobimentua eta auto-antolakuntza Durangaldean (1960-1979). Xixili Bengoetxea.
Garage Moreno. Miguel Martin.
Foto Sol. Trabajadores de la fotografía. Txelu Angoitia.
Belatxikietako San Inazio ermitak 75 urte Zazpitxaboletan. Juan Martin Iriondo.
Elorrio y sus escudos de armas. Angel Larrea.
Bestalde, ez dira faltauko Durangaldeko herritarrek maite dituen txokoen inguruko idazkiak, barruko ibilbideak deiturikoak.
Astolaren hogeigarren alea Durangaldeko dendetan dago salgai: Abadiñoko Petite eta Zelaietako estankoan, Berrizko Etxebarria estankoan, Durangoko Arteka, Etxebarria, Gozotxori, Hitz, Ikerfer, Marpa, Urrike eta Museoan, Elorrioko Txokolaten, Iurretako kopistegian eta Zaldibarko Imendian. Gainera, Durangoko Azokan be salga egongo da, abenduaren 4tik 8ra, Gerediaga Alkarteko erakusmahaian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
