XVII. mendearen amaierako San Juanen eskultura barrokoa zaharbarrituko dau Eibarko Udalak

Bizkaie! 2026-11-27 11:18   Kulturea

Eskulturea Ulsaga pasealekuko Errege Etxearen alde batean egoan San Juan ermitan dau jatorria.

Ego Ibarra Batzordeak sustatuta, Eibarko Udalak XVII. mendearen amaierako San Juanen eskulturea zaharbarrituko dau, barroko garaiko eskultura polikromatua, atzetik hutsik dagoana eta erretaula baten parte izan zana.

Irudi honen historia luzea da. Ulsaga pasealeku zaharrean, gaur egun Untzaga plazea, San Juan ermitea egoan, eskuinaldetik Errege Etxeari atxikia. Aldarea, presbiterioa eta nabe bakarra zituan. XVI. mendearen erdian eregi eta 1901ean bota eben, Ramon Cortazar arkitektoak udaletxeko eraikin barria egiteko eta plazea handitzeko proiektautako obrak egiteko.

Ospitale barria bere 1901ean eregi eben, kaperea San Juan bataiatzaileari eskainita. Horregaitik, aldare nagusian ordura arte Ulsagako ermitan egondako santuaren irudia jarri eben.

1980an, irudia zaharbarritu egin zan, oso hondatuta egoalako. Juan San Martinek lehen balorazinoa egin eta haren jarraibideakaz Santillana del Marreko moja klaratarrek egin zituen zaharbarritze-lanak.

40 urte aurrerago, eskulturearen egoera ez da ona. Zaharbarritzaileek egindako lehen ikuskapenaren arabera, begi-bistakoa da, obrea txarto manipuletearen ondorioz, kolpeak jaso dituala elementu nabarmenenetan, eskuetan eta ertzetan. Piezen lotura-eremuetan arrakala handiak ikusten dirala adierazo dabe, batez ere, tenperatura eta hezetasun-aldaketak diralako eta egurrak egiten dituan mobimenduak eraginda. Gainazalean zehar ikusten da polikromia galdu dauela, euskarria bistan itxita.

Adituen eretxiz, kontuan hartuta konserbetan diran garai haretako elementuak gitxi direla eta ondare-ikuspegitik balio handiko elementua dala, Ego Ibarra Batzordeak eskulturea zaharbarritzea erabagi dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu