'Inportantea da hizkuntzea ikasgai guztietan lantzea, ikasketan hobetzeko'

Bizkaie! 2026-11-27 09:37   Kulturea

Mondragon Unibersidadeak atondutako biltzarrean batu dira Europako adituak.

II. International Conference on Academic Literacies in Multilingual Contexts biltzarrean, testuinguru eleaniztunetan ikasleen ikaskuntzea eta parte-hartzea zelan hobetu aztertu dabe Alemaniako, Austriako, Erresuma Batuko eta Herbehereetako unibersidadeetatik etorritako nazioarteko adituek. Topaketan zehaztu dabenez, garrantzitsua da hizkuntza zeharka irakasgai guztietan lantzea eta hezkuntza-ikerketearen eta ikasgeletako eguneroko praktikearen arteko loturea indartzea. Adituek ikerketak eta esperientziak konpartidu ditue, hizkuntzearen eta ikaskuntzearen arteko lotureari, hezkuntza eleaniztunari eta ikasleek arlo askotan hizkuntzea erabilteko moduari buruz.

Topaketearen ondorio nagusietakoa da hizkuntzea lantzea ez dala hizkuntza-irakasleen ardurea izan behar. Irakasgai bakotxak ezagutzea azaltzeko eta eregiteko bere modua dauka eta, horregaitik, matematikan, zientzietan eta historian be beharrezkoa da ikasleei laguntzea testuak ulertzen, ideak adierazoten eta arlo bakotxeko berezko hizkuntzea erabilten.

Nagore Ipiña Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko dekanoak nabarmendu dauenez, arlo bakotxaren berezko gaitasunak lantzeaz gan, erakutsi behar dogu zelan irakurten, idazten, berba egiten eta eregiten dan ezagutzea diziplina bakotxean, ikasle bakotxaren ezagutzea eta baliabide linguistikoetan oinarrituta. Erronkeak hezkuntza-komunidade osoari eragiten deutso, ikasle guztien ikaskuntzea, parte-hartzea eta inklusinoa bultzatzea zeharka landu beharreko danon erantzukizuna da. Norabide horretan aurrera egiteko, beharrezkoa da ikerketearen eta irakaskuntza-praktikearen arteko buztarketea eta veste testuinguru batzuetatik ikasten jarraitzea.

Topaketeak eleaniztasunean jarri dau arretea, ikaskuntzarako aukerea eta, aldi berean, erronkea dalako. Ikaskuntza hobetzen lagundu leike ikasleen hizkuntzeak eta ezagutzak aprobetxeteak eta, aldi berean, beharrezkoa da hizkuntza gitxituen presentzia eta aukera-bardintasuna bermatzea. Horren harian, Begoña Pedrosa hezkuntza-sailburuak adierazo dauenez, 'jardunaldiok baliogarriak dira ikerketa, ikasgelako esperientzia eta hezkuntzearen arloko erabagiak baterako helburu baten inguruan lotzeko: ikasle guztiek euren ikaskuntzan parte hartzeko aukerea izatea. Gure ikasle guztientzat beharrezkoa da ikasleen esperientziak kontuan hartuko dituan eta euren garapen personal eta akademikoa bultzatuko daben estrategiak eta edukiak izatea.

Hezkuntza-ikerketea ikasgeletako egunerokora gehiago hurbiltzeko preminea da beste ondorio nagusietako bat. Helburua da ikerketatik sortutako ezagutzak baliogarriak izatea irakasleentzat eta, aldi berean, ikastetxeetako erronkek galdera eta beste azterketa-arlo batzuk zehazten laguntzea.

Garrantzitsua da irakasleen prestakuntzea eta diziplinen arteko alkarlana indartzea. Hizkuntzea zeharka lantzeko, beharrezkoa da irakasgaiak emoten ditueenek eguneroko jardunean hizkuntzea eta edukiak integretako tresnak izatea.

Labur-zurrean, topaketeak agirian itxi dau irakasgai guztietan hizkuntzea hobeto lantzea lagungarria izan daitekeela ikasleentzat, ez bakarrik hobeto berba egiteko, baita edukiak hobeto ulertzeko, modu aktiboan parte hartzeko eta ikasteko aukera gehiago izateko be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu