‘Hotel Monbar, 1985. 40 urte GAL-en sarraski handienetik’ erakusketea Gernika-Lumon

Bizkaie! 2026-11-26 07:57   Kulturea

Hamairu panel dira azalpen-testuen, artxiboko dokumentuen, eta garaiko hemerotekearen bidez.

Giza Eskubideen Aldarrikapenaren 78. urteurreneko egunaren bueltan (abenduaren 10ean) Gogoan, por una memoria dignak ekitaldi bi atonduko ditu Gernika-Lumon:

- Abenduaren 1ean, martitzenean 12:00etan Elai Alai areto txikian, Hotel Monbar, 1985. 40 urte GALen sarraski handienetik erakusketea zabalduko da. Gogora Memoriaren, Bizikidetzearen eta Giza Eskubideen Institutua eta Gogoan, por una memoria digna alkartearen ekimen baten parte da. Ekitaldi hau Pipergorri K.A. eta Kultur Etxea Fundazinoagaz batera atondu dogu. Hamairu panel dira azalpen-testuen, artxiboko dokumentuen, eta garaiko hemerotekearen bidez, talde terrorista horren 1983tik 1987ra bitarteko jardunaren jarraipena egin daiteke. Danetara, 27 hilketa eta, gitxienez, 24 zauritu leporatzen jakoz GAL-i. Era berean, GAL-egaz lotutako ikerketa judizialak eta kazetaritza-ikerketak be jasoten ditu erakusketeak. Zenbait argazki Daniel Vélez argazkilariaren artxibokoak dira, garaiko egunkarietarako lan egiten eban Vélezek. Monbar Hoteleko biktimen familiartekoen testigantzek osotzen dabe erakusketea, justizia ezak eta erakundeen eta gizartearen babes eta autortza falteak eragindako minaz dabiz, baita alkarbizitzarako beharrezko ikusten dituen pausuez bere. Holan, erakusketa honek Euskadiren oraintsu igarotakoa ia ahaztuta dagoan jazoera honi arretea jarriz, estadu-terrorismoak, gerra zikinak eta horreek dakarten Zuzenbide Estaduaren porrota salatu nahi ditu.

Erakusketea abenduaren 1etik 2027ko urtarrilaren 7ra arte egongo da zabalik, Kultur Etxeko Elai Alai areto txikian.

- Abenduaren 10ean, eguenean, 18:30ean Kultur Etxean (Gernika-Lumon) aretoan, Antonio Rivera eta Isabel Urkijo egilekideak 2000. La Vuelta del terror /Terrorearen itzulera liburua aurkeztuko dabe. Ekitaldi hau Fernando Buesa Fundazinoa, Valentin Foronda Gizarte Historiarako Institutua, Pipergorri K.A. eta Kultur Etxea fundazinoagaz batera atondu dabe.

ETAren jarduerearen garairik gogorrenetako baten barrikuspena

2000. urteak ETAren su-etenaren amaierea ekarri eban, erakunde terroristeak indarkeriari barriro ekin eutsolako eta sufrimenduaren sozializazinoa bueltau baitzan. Terrorearen buelta horrek, kale burrukeagaz batera, herritar guztien artean zabaldu eban bildurra, eta jomugan jarri zituan ordezkari politikoak, epaileak, kazetariak eta gizarteko beste erreferente batzuk.

Historialarien, kazetarien, magistratuen, bakezaleen eta garai haretan jardunean ziran politikarien testigantza, analisi, gogoeta eta gomutetan oinarrituta, liburu honek urte hareetako testuinguru politiko eta soziala berreregi eta laguntzen dau ulertzen zergaitik izan zan 2000. urtea indarkeriazko inposaketearen azken saiakerea eta ETAren behin betiko gainbeherearen hasierea.

Lagun-laguntzaile eta inguruko guztioi konbita egiten deutsuegu ekitaldietan parte hartzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu