'I Baschi alla Biennale 1976/2026'

Bizkaie! 2026-11-24 07:50   Kulturea

Gasteizko Artium Museoan 2026ko zemendiaren 24tik 2027ko maiatzaren 30era.

1976an, euskal artista, poeta eta musikari talde batek Veneziako Biennale-n parte hartu eban, Amnistia danontzat lelopean. Topaketa haretan, askatasunak berreskuratzea aldarrikatu eta aurreko hamarkadetan jasandako errepresinoa salatu zan. Hori egin eta berrogeita hamar urtera, I Baschi alla Biennale 1976/2026 erakusketeak jazoera haren testuinguru politiko eta kulturala aztertzen dau, orainaren akuilagarri izaten jarraitzen daben lekukotasun, dokumentu eta objektu artistikoen bidez.

Material horreek marrazten daben bilbean, arkitektura frankistearen gainbeherearen eta edegite demokratikoko prozesuaren inguruko borondateak (kasu askotan, norbanakoen burugogorkeriak), nazinoarteko sareak eta atonketa kolektiboko prozesuak alkartzen dira. Oraingo honetan batutako artelan eta dokumentuei esker, parte hartu eben artistek —sarri askotan euren garaiko eztabaida politiko eta kultural garrantzitsuenen sustatzaileak— bultzatutako parte hartzeko modu anitzei erantzun jake.

Erakusketearen ibilbidea Bigarren Errepublikeagaz hasten da, 1936ko kolpe militarrak eta Gerra Zibilaren eztandeak zapuztutako kultura-irakinaldi eta gizarte-eraldaketarako itxaropen aro batean. Gatazka horrek Bigarren Mundu Gerrearen laborategi eta atari lez funtzionau eban maila estrategikoan eta bertan munduan zehar ebizan idea, gatazka eta ikuspegi utopikoak proiektau ziran. Testuinguru horretan, 1937ko Parisko Nazinoarteko Erakusketea oinarrizkoa izan zan artista batzuk nazinoarteko erakusketetan izan eben zeregina ulertzeko. Era berean, 1976ko Veneziako Biurtekoaren esperientzia erregimen frankisteak eragindako indarkeria eta errepresinoa salatzea helburu eben ekimenen ibilbide zabalagoan kokatzeko bidea emoten dau, baita nazinoarteko kontzientzia —kultura-truketik eta lankidetza artistikotik sortua eta sasoi haretan oraindino indarrean egoana— gogora ekartekoa be.

Erakusketa honen oinarrian dagoan ikerketea era askotako dokumentu-iturriak bilatu eta aztertuz landu da eta, horri esker, beste lotura batzuk ezarri ahal izan dira artisten, erakundeen eta kultura-eragileen artean; gainera, ekimen horreen inguruko egoera eta estrategietan sakondu ahal izan da. Proiektuak hainbat erakundetako profesionalen eta partikularren laguntzea izan dau, baita artista eta historialariena be, eta Artium Museoak beren-beregi eskertu nahi ditu herritarrak eta adituak euren inplikazino eskuzabalagaitik.

Erakusketa hau I Baschi alla Biennale 1976/2026 proiektuan dau jatorria. Ekimen hori Eusko Jaurlaritzeak gidatu dau, euskal kulturearen nazinoarteko proiekzinoa indartzeko helburuagaz, eta Etxepare Euskal Institutuak bultzatu eta produzidu dau. Artium Museoaren parte-hartzea izan eban proposamenaren garapenean eta komisariotzan, bai eta Ca' Foscari Venezia Unibertsidadearen eta Artingenium-en lankidetzea be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu