Ramon Bareak Ohorezko Mikeldia jasoko dau

Bizkaie! 2026-11-16 13:29   Kulturea

2013an Antzerkiaren Sari Nazionala jasotako Bilboko aktore, zuzendari eta egilea zemendiaren 20an omenduko dabe.

Bilboko Udalak atontzen dauen 68. Zinebi - Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak, Ramón Barea aktore, zuzendari eta egileari emongo deutso Ohorezko Mikeldia zemendiaren 20an, barikuan, 19:30ean, Arriaga Antzokian, jaialdiaren 68. edizinoari hasierea emoteko galan. Aurtengo edizinoa zemendiaren 20tik 27ra egingo da.

Ehun film baino gehiagoko ibilbidea eta arte eszenikoei eskainitako bizitza oso baten ondoren, Bareak personaia eta erregistro aniztasunak, lanaren jarraikortasunak eta alkarlanerako borondateak markautako ibilbidea egin dau. Ohorezko Mikeldiak Bilboko kultur bizitzeari egin deutson ekarpena be autortzen dau, izan be, urian hainbat konpainia eta espazio sustatu ditu, interprete, sortzaile eta artista belaunaldi barriek lan egin eta trebatzeko aukerea izan deien.

Omenaldiaren aurkezpenean parte hartu dabe Ramón Bareak, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzi Gonzalo Olabarriak, eta Zinebi-ko zuzendari Joseba Lopezortegak.

Saritua eta jaialdiaren arteko hartu-emonak aspaldikoak dira. 1996an, haren Muerto de amor film laburrak Zinebi-ren Euskal Zinemearen Sari Nagusia irabazi eban. 2018an, jaialdiaren hirurogeigarren edizinoan, Bilbon 1970eko hamarkadatik egindako zinemeari jarraipena emoten lagundu eben profesionalakaz batera Mikeldi Berezia jaso eban. Zortzi urte aurrerago, jaialdiak autortza personal hau eskainiko deutso.

Ramón Barea (Bilbo, 1949) bulegari lana baztertu eta antzerkiari ekin eutson. Cómicos de la Legua eta Karraka taldeetako sortzaile eta aktore izan zan, Euskal Herriko antzerki independentearen garapenean erabagigarriak izan ziran konpainia bi horreetan. Hasieratik bertatik, antzezpena, zuzendaritzea eta idazketea buztartu ditu, bere inguruan antzerkia egiteko aukerak zabaldu zituen proiektu kolektiboetan parte hartuz.

Bokazino horrek jarraipena izan dau Pabellón 6 Aretoan, Zorrotzaurreko sorkuntza eszenikorako gunean, haren sustatzaileetako bat izan baitzan. Bertako jarduerak profesionalen arteko topagunea eta belaunaldi barrien prestakuntzea bultzatzen ditu eta alkarlana sorkuntzearen oinarrizko osogai izateari eusten deutso. 2013an, Bareak Antzerkiaren Sari Nazionala jaso eban bere jardun eszenikoaren zabaltasuna eta gertuko ekimenak zein estadu mailako proiektuak buztartzeko gaitasuna autortuz.

Zineman egin eban lehenengo lana La fuga de Segovia filman izan zan (Imanol Uribe, 1981). Ordutik, Enrique Urbizu, Julio Medem, Álex de la Iglesia, Juanma Bajo Ulloa, Icíar Bollaín, Montxo Armendáriz eta Pablo Berger lako zinemagileakaz lan egin dau. Lankidetza horreen aniztasunak zinemearen ikuspegi edegia eta anitza izandako ibilbidea erakusten dau, beti be kamera aurreko lana eta antzerkiko jarduna buztartuz.

Haren interpretazinoen artean nabarmentzekoa da Cinco lobitos filmekoa (Alauda Ruiz de Azúa, 2022). Lan horri esker, 73 urte zituala, Goya sarietako gizonezko bigarren mailako aktore onenaren kategorian lehen izentapena jazo eban.

Bareak bere filmografia propioa be egin dau zuzendari bezela: Adiós, Toby, adiós film laburra 1995eko Canneseko Kritikearen Astean hautatu eben eta horri eta Muerto de amor filmari gehitu behar jakez Pecata minuta eta El coche de pedales film luzeak, biak Felipe Lozagaz batera idatziak. Kamera atzean egindako jardunak eszenearen eta zinemearen lanbide ugari jorratu dituan ibilbide oparoa osotzen dau.

Ohorezko Mikeldiak alderdi horreek guztiak batzen ditu Bilbon egingo dan omenaldian, haren bokazinoa sortu zan eta haregaz hartu-emon estuak izan dituan urian. Holan, Zinebi-k autortzea egiten deutso bere ekarpena sustatutako proiektuetan eta beste profesional batzuei edegitako aukeretan egindako sortzaile baten lanari.

Kontuak kontu, 68. Zinebi-k beste Ohorezko Mikeldi bat emongo deutso István Szabó zinema-zuzendari hungariarrari. Harek zemendiaren 27an jasoko dau saria, Arriaga Antzokian egingo dan amaiera-galan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu