Euskal kulturearen aberastasuna eta aniztasuna erakutsiko ditu 61. Durangoko Azokeak
2026-11-17 13:52 Kulturea1.098 nobedade eta 311 ekitaldi izango dira.
61. Durangoko Azokearen egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa egin dabe gaur, Durangoko Musika Eskolan. Bertan izan dira egitaraua atontzen ibili diran guneetako arduradunak: Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga), Gotzon Barandiaran (Ahotsenea), Andoni Urzelai (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Itxasne Arabiourrutia (Saguganbara) eta Maider Larrañaga (Szenatokia). Horreez gan, Azoka Telebistako Aitor Agiriano eta Zu Non Han DA! egitasmoaren koordinatzaile Amaia Egidazu be izan dira aurkezpenean. Danen artean, 61. edizinoko egitarauaren zehetasunak eta gunez gune izango diran proposamenak azaldu ditue.
61. Durangoko Azokaren prestaerak azken txanpan sartu dira. Hilebeteetako lanaren ostean, egitaraua osotuta dago, erakusmahaien antolaketea aurreratuta, eta dana prest dago abenduaren 4tik 8ra euskal kulturearen nobedadeak eta proposamenak hartzeko. Urtero bezela, ilusinoa eta gogoa nagusi dira Azokearen atarian, kulturzaleei beste edizino batez gozetako aukerea eskaintzeko.
Aurten be, Durangoko Azoka Kulturearen Jaialdia izango da, euskerazko sorkuntzea sustatu eta erakusteko topagunea. Horregaitik, sortzaileei eta euren lanari emon jake protagonismoa. Sorkuntza-lanek askotariko estiloak eta gaiak batzen ditue, euskal kulturearen bizitasunaren erakusgarri. Euskal kulturea eten barik dabil garai barrietara egokitzen, adierazpide eta joera barriak bereganatzen, herritarren nortasun kulturala biziteko eta lantzeko tresnak eskainiz.
Sortzaileen ekarpenari esker, egitarau anitza eta aberatsa izango dogu aurtengo Durangoko Azokan. Horregaitik, jaialdi honetan sartzeko eta arakatzeko deia egiten deutsegu herritar guztiei, bai ohiko bisitariei, bai kulturazale barriei, izan be, Durangoko Azokea ezagutzen doguna eta askoz gehiago da, adierazo dau Beñat Gaztelurrutia Gerediagako koordinatzaileak. Herritarrei egitaraua ezagutzeko eta eskaintza zabalean barrena ibilteko konbita egin deutse, Azokea euskal kulturearen askotariko adierazpideak ezagutzeko aukerea be badalako.
Aurtengo edizinoaren datuei jagokenez, Landako Gunea erakusmahaiz beteta egongo da barriro be. Danetara, 174 partaide etorriko dira, eta 286 erakusmahai atonduko ditue. Bertan, 2026an argitaratutako 1.098 kultur nobedade izango dira eskuragarri: 681 liburu, musikeagaz lotutako 177 lan, 57 aldizkari eta beste 156 argitalpen, besteak beste, olgetak, laminak eta papertegiko produktuak.
Kulturearen balioetan sinistuta, gainerako eragileakaz eskuz esku jarduteko prest dago Durangoko Azokea. Holaxe osotu dogu egitarau ederra. Danetara, 311 ekitaldi programau ditugu, azaldu dau Gaztelurrutiak.
Igaz hasitako bideari jarraituz, iluntze eta gauetako ikuskizun bereziak izango dira aurten be. Holan, Azokako ateak zarratu ondoren be egitarauak jarraipena izango dau. Gaueko kontzertuei jagokenez, abenduaren 4an Beire eta Txopet taldeen txandea izango da; 5ean, Mikosis eta TOC; 6an, Peiremans; eta 7an, Musika Berria jaialdia izango da, Verde Prato, Silitia eta Malakias taldeakaz.
Kontzertuez gan, beste hainbat ikuskizun be izango dira iluntzean. Abenduaren 5ean, Izanen GA! errezitaldia eta Gabriel Aresti Mug(H)arri pieza eszenikoa izango dira; 6an, Oraingoz izen gabe filma eskainiko da, estreinaldiaren 40. urteurrenaren harian; eta 7an, Maitasuna ez da nahikoa manifestu poetiko musikatua izango da. Horrezaz gan, iazko Sormen Bekearen irabazleen lana be aurkeztuko da Durangoko Azokan: Esperantza zoro batez komikia abenduaren 5ean ezagutuko dogu, Talaia gunean.
Egitarauaren zehetasunak
Egitarau osoa, durangokoazoka.eus webean konsultau leikie zaleek. Webgunean argitaratutako egitaraua izango da azken bersinoa, eta bertan eguneratuko dira egon daitekezan aldaketak. Ondokoak dira jakingarriak:
- Talaia: gogoetarako eta barriketaldietarako plazea izango da, eta aurten 58 aurkezpen eta mahai-inguru batuko ditu. Besteak beste, idazle euskaldunak, galiziarrak eta katalanak batuko dituan errezitaldi eta mahainguru bana nabarmendu daitekez.
- Bonbereneak Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei eskainitako diskoa aurkeztuko dau; eta Labayruk Bitoriano Gandiagaren lanari buruzko mahai-ingurua egingo dau, haren heriotzearen 25. urteurrenean. Euskal Wikipediaren 25. urteurrena be izango da berbagai, wikilarien alkarteak etorkizuneko erronkak aztertuko baititu.
- Berbagailua: bideopodcasten gunea izango da aurten be, Madalenako ermitan kokatuta. Nabarmentzekoa da momentu honetan podcastak produziduten dabizan gazteen presentzia. Besteak beste, Edukiontziak, Plaz! eta Peryferykak izango dabe lekua Berbagailuan. Horrezaz gan, EITBgaz eta Hiru Damatxogaz batera zabaltzen dogun baDA!bil podcastaren azken atala be bertan grabauko da.
- Atartea: arte ederrei eskainitako gunea izango da, Durangoko Museoan kokatua. Aurten, Euskal Herriko sei ilustratzaileren lanak batuko dituan erakusketea izango da ikusgai, azokako nobedadeetarako sortutako ilustrazinoak eta bestelako lanak erakusteko. Irudigileen alkarteak sustatuta, hainbat ilustratzaileren aurkezpenak be egongo dira. Eta Txelu Angoitiaren Begiradea: Azokea argazkitan erakusketea be egongo da, azken 25 urteetan Durangoko Azokan ataratako argazkiakaz osotua.
- Ahotsenea: euskerazko sortzaileen topagunea izango da aurten be eta literaturearen zein musikearen bidez sortzaileen lana eta euskal kulturearen aniztasuna gertutik ezagutzeko aukerea eskainiko dau. Bost egunetan, 62 liburu eta 43 disko aurkezpen egingo dira, eta askotariko genero, estilo eta ahotsak entzuteko aukerea izango da. Aurkezpenen erdietan baino gehiagotan, gainera, gitxienez emakume batek hartuko dau parte. Musikariei jagokenez, eskaintzearen aniztasuna eta proposamen barriak ezagutzeko konbit egin dabe: entzuleak ohiko erreferentzietatik harago joan eta ahots barriak ezagutzeko animau ditue.
- Irudienea: euskeraz produzidutako ikus-entzunezkoen plazea izango da eta aurten 47 lan eskainiko dira Zugaza zineman, film luzeak, dokumentalak eta film laburrak tartean. Askotariko gai eta estiloak batuko ditu egitarauak, besteak beste, Gatibu eta Gozategi taldeen inguruko dokumentalak, Lehen Aldiz telesaila, Iñurri Itsuak filma eta BERRIAren Denboraren joanean irauten lana. Film laburrek be protagonismo berezia izango dabe, danetara, 15 lan eskainiko baitira. Urtero bezela, emonaldi gehienetan sortzaileek eurek aurkeztuko ditue lanak eta ume, gazte zein helduentzako proposamenak izango dira.
- Kabia: teknologiaren eraldaketeak gure bizitzan, gizartean eta hizkuntzan dituan ondorioak aztertzeko gunea izango da. Hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak, esperientzia interaktiboak eta bestelako proposamenak batuko ditu, adimen artifiziala, euskerearen presentzia ingurune digitalean eta teknologia barriek eskaintzen dituen aukerak ardatz hartuta. Besteak beste, Sustaturen 25. urteurrena ospatuko da, eta Game Erauntsiak eta Rolariak-ek bideojokoen gunea atonduko dabe. Abenduaren 8an, familientzako eguna izango da, elektronikeagaz lotutako tailerrak eta bestelako jarduerak tarteko.
- Saguganbara: haur eta gaztetxoentzako gunea izango da, eta aurkezpenak, ipuin-kontaketak, tailerrak eta ikuskizunak batuko ditu. Aurten, tailerren eskaintzea indartu da, eta TOKIren eskutik Euskal Herrian sortutako mahai eta karta-jokoak ezagutzeko eta olgetako aukerea egongo da. Abenduaren 8an, gainera, Asun Casasola Alkarteak helduentzako tailer bat eskainiko dau, ume literaturan inklusibidadea lantzeko. Ekitaldien artean be zabalik egongo da gunea, Azokako nobedadeak eta aurreko urteetako argitalpenak lasai ezagutzeko.
- Szenatokia: antzerkiaren eta arte eszenikoen topagunea izango da. Abenduaren 4an, ikasleentzako antzerki-inprobisazino saio bi egingo dira goizean. Hurrengo egunetan, hilaren 6tik 8ra, hiru konpainiak jardungo dabe egunero, goizez eta arratsaldez bina emonaldi eskainiz. Egitarauak formatu eta diziplina askotariko lan laburrak, saritutako piezak eta estreinaldiak batuko ditu. Szenatokian estreinauko diran lanen artean dagoz Aldaketa Dantza Konpainiaren Kapsula 0.1, Maria Blancoren Maria, graziaz betea! eta Garrasi eta Eszenika Naz taldeen Rudolf eta Auskalo.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
