Euskal Uriaren kongresua Bilbon, urigintza jasangarriko eta uri-eraldaketako mundu osoko adituakaz

Bizkaie! 2026-11-16 10:52   Kulturea

Ber-hazi. Uria etxebizitzearen eta iraunkortasunaren erronken artean lelopean.

Astelehenean, hilak 16, eta martitzenean, hilak 17, izen handiko hizlariek hartuko dabe parte: Duncan Lewis (Scape Architecture), Maurice Lange (Centre for Cities), Ramon Gras (Aretian Urban Analytics and Design, Harvard Unibersidadekoa), Federica Rotondo (Parisko Sciences Po Unibersidadea) eta Sonja Trauss (YIMBY).

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Uri Agenda Sailak, NBE-Habitaten babesagaz, atondutako Kongresuaren XXIV. edizinoa Bizkaia Aretoan egingo da. Orain arte atondutako 24 edizinoetatik internazionalena izango da. Ameriketako Estadu Batuetatik, Kanadatik, Erresuma Batutik, Frantziatik, Italiatik eta Herbehereetatik, besteak beste, etorritako adituak, erakundeetako ordezkariak eta urigintza, arkitektura eta etxebizitzako profesionalak batuko dira Bizkaia Aretoan.

Ber-hazi. Uria etxebizitzaren eta iraunkortasunaren erronken artean lelopean, topaketeak aztergai izango dau egungo eraikinak, espazioak eta auzoak zelan aprobetxau daitekezan bizitegi-aukera barriak sortzeko eta uri-kalidadea hobetzeko, beti be uriak lurzoru barrietan alperrik zabaldu ez daitezan. Hau da abiapuntuko idea: etxebizitzearen eta jasangarritasunaren egungo erronkei, eregita dagoan urian esku hartuta erantzungo jake —eraikinak birgaitzea, gitxiegi erabilitako espazioak eraldatzea, auzoak berroneratzea eta uri-inguruneak gizarte eta klima-premiea barrietara egokitzea—. Horrenbestez, birgaitzea, uri-berroneratzea, arkitektura zirkularra eta klima-egokitzapena izango dira jardunaldien ardatz nagusietako batzuk.

Edegiera-ekitaldian izango dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Uri Agendako sailburua eta Shubhagato Dasgupta NBE-Habitateko Plangintza eta Finantzetako burua. Programearen ekitaldi nagusietako bat edegiera-ekitaldiaren ondoren egingo da. Berbaldi bi izango dira Duncan Lewis Scape Architecture uri-paisajearen eta diseinuaren arkitektura-estudio ospetsuaren sortzaileetako baten eskutik eta Maurice Lange Erresuma Batuko Centre for Cities zentroko analista seniorraren eskutik. Lewisek eta bere estudioak egiten daben lanaren ardatza eraikinek eta uri-espazioek beren ingurunean daben integrazinoa da —landaredia eta biodibersidadea urigintzan txertatzen dituen proiektuakaz—.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu