Loraldia Plaza-Zaratamo-Arrigorriagak bosgarren edizinoa dakar
2026-11-19 07:31 KultureaEuskal sormen garaikideagaz sei hitzordu eskainiz.
Zure gailurretik gora lelopean, zemendiaren 27tik abenduaren 13ra egingo da jaialdia, musikea, literaturea, jantzak, bertsolaritzea, performance eta gastronomia buztartuz. Ines Osinaga eta Ahizpak, Mursego eta Joseba Sarrionandia, DAB Dantza Konpainia, Olatz Salvador eta Alaia Martin, Mikel Urdangarin eta Ulibarri Artzainak izango dira aurtengo protagonistak.
Bosgarren edizinoak udalerri biren eta Loraldiaren arteko lankidetzearen jarraipena berresten dau, euskerazko kulturaz herrian bertan gozetako aukerak zabalduz eta sortzaileen lana publikoarengana hurbilduz.
Loraldia-Plaza Zaratamo-Arrigorriaga bosgarren edizinora helduko da aurten. Zemendiaren 27an eta 28an eta abenduaren 10etik 13ra, sei kultur hitzordu eskainiko ditu, euskal sormen garaikidearen aniztasuna udalerri bitako agertokietara eroateko. Kubako eta Euskal Herriko doinuen arteko zurrunbilotik ekinez, berben olgetak, emakumeen bizipenak eta bestelakoak iragarri ditue
Jantzearen bidezko memoria eta euskal kantagintzea batuko ditu egitarauak, gaztaia eta txakolina probetako aukerea izango baita amaitzeko.
Zure gailurretik gora leloak gidatuko dau edizinoa. Kirmen Uriberen berbek eta Mikel Urdangarinen kantuek iradokitzen dabenari eutsiz, kultureak bizipoza biztuteko, irudimena zabaltzeko eta munduari beste begirada batetik heltzeko gaitasuna aldarrikatuko dau jaialdiak.
Arrigorriagako eta Zaratamoko Udalek sustatuta eta Loraldiak atonduta, ekimenak bost edizinoko ibilbidea osotuko dau eta jarraikortasun horrek euskerazko sorkuntzeari tokiko kultur eskaintzan lekua egiteko konpromisoa adierazoten dau: sortzaileei euren lanak erakusteko plazak eskaintzea eta herritarrei proposamen artistikoak gertutik ezagutzeko aukerea emotea.
Loraldia Plaza egitasmoaren bidez, Loraldiak euskal sormen garaikidea herriz herri zabaltzen dau, tokiko eragileakaz alkarlanean. Zaratamo-Arrigorriagako bosgarren edizinoa lan horren jarraipenaren erakusle da: udalerri biek konpartidutako programazinoa, diziplina askotako sortzaileak eta publikoagaz hartu-emonak lantzeko askotariko espazioak.
Aurtengo ikuskizunak Zaratamoko Kultur Aretoan, Arkotxako eleizan, Abusuko Kultur Zentroan, Lonbo Aretoan eta Azokan izango dira. Kulturaz gozetako leku eta aukera ugari: kontzertuak, jantzak. literatura eta produktuak probetako aukerea.
Programazinoak transmisinoa sorkuntzearen bidez lantzeko hainbat bide erakutsiko ditu: Markos Gimenoren berba-olgetak berrirakurriko dira; emakume langileen memoria; eta euskal musikea zein jantzea beste erritmo eta adierazpide batzuekaz alkartuko dira. Ondarea gaurko publikoagaz hartu-emonetan jartzeko modu biziak dira, Loraldiak euskerazko kulturearen transmisinoa eta kulturearen sektorearen garapena sustatzeko egiten dauen lanagaz bat datozenak.
Ikuskizunen barri, informazino gehiago eta egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
