Zemendiaren 24an eta 26an izango da VIII. DA!PRO
2026-11-13 10:22 KultureaSortzaileek euren proposamenak aurkeztuko ditue topaketan.
Musikea eta umeentzako ikuskizunak eskaintzen dituen sektoreko sortzaile, profesional eta programatzaileen arteko alkargunea izango da. Bertan, aurrez aurre ezagutzeko eta etorkizunerako lankidetza aukerak bultzatzeko aukerea izango dabe. Topaketan, euskeraz jarduten daben sortzaileek euren proposamenak aurkeztuko ditue, eta kultur zein euskera teknikariek, liburutegietako dinamizatzaileek eta jai atontzaileeki horreek ezagutu eta aztertzeko aukerea izango dabe. Programatzaileek zemendiaren 23ra arte izango dabe izena emoteko aukerea, durangokoazoka.eus atariko izen-emoteen atalean. DA!PRO ekimenaren babesle nagusia BBK Fundazinoa da eta Gerediaga Alkarteak, Musika Bulegoak, Berbaro Alkarteak eta Bizenta Mogel bibliotekeak atontzen dabe.
Zuzeneko hartu-emon horreen bidez, helburu bi lortu nahi ditu topaketeak: kulturgileen lana Euskal Herrian zehar zabaltzea eta kultur programazinoa euskerazko ekitaldiakaz hornidutea. Horretarako, sortzaileek euren lana eta proposamenak aurkezteko aukerea izango dabe, eta programatzaileek, barriz, euren egitarauetarako eskaintza barriak ezagutzekoa.
Aurten, Durangoko Azokearen iruditeriak sorkuntzearen atzean dagoan lana jarri dau erdigunean, izan be, Durangoko Azokeak bere burua Kulturearen Jaialdi bezela aldarrikatzen dauen neurrian, ezinbestekotzat joten dau bere jarduna azokako egunetatik harago zabaltzea eta, batez be, azokea bera tokian tokiko kultur garapenerako baliogarria izatea. DA! PRO kulturea gizarteari bueltan emoteko eta euskerea indartzeko bide bat be izan daiteke. Kulturea herritarrakana heltzeko lan garrantzitsua egiten dabe programatzaile eta teknikariek eta, horregaitik, gaurko deialdia hareei zuzenduta dago, adierazo dau Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Alkarteko koordinatzaileak.
Umeentzako ikuskizunen arloko topaketea Berbaro Alkarteak atonduko dau eta musikearen ingurukoa Musika Bulegoak. Jasotako proposamenak katalogo bitan txertatu eta programatzaileen esku jarriko dira, euren programazinoak osotzeko.
Umeentzako ikuskizunak
Aurten, umeentzako ikuskizunei eskainitako jardunaldian, askotariko diziplina eta formatuak buztartzen dituen hamar proposamen artistiko aurkeztuko dira: ipuin-kontaketea, musikea, bertsolaritzea, antzerkia, txotxongiloak, ilusionismoa eta malabareak, besteak beste. Jardunaldia zemendiaren 24an izango da, 09:30etatik aurrera, Durangoko Bizenta Mogel liburutegian. Proposamenak 3 eta 12 urte bitarteko ume eta gaztetxuei zuzenduta dagoz, eta horreetako batzuek edade-tarte zabalagoetara egokitzeko aukerea be eskaintzen dabe. Horrezaz gan, formatu anitzak dituenez, liburutegi, kultura-areto eta jaietarako moldagarriak dira. Euskal sorkuntzea ezagutarazo, hartu-emonak sortu eta proposamen horreek gure herrietako plaza, jai eta antzokietako programazinoetara heltzeko bultzadea emon nahi dogu, azaldu dau Itxasne Arabiourrutiak.
Honako honeek dira hamar proposamenak: Ortzi-mugaren bi aldeak (Ameli ipuin kontalaria) Hitzekin jolasean (Taulelak Antzerki Taldea), Bertso jasa bat-bateko jolasa (Lanku), Txuri-beltza da ta! (Lanku), Otsoko eta Xixili (Lanku), Desberdinak gara eta harro gaude (La Enananaranja), 3 Elementu – 360oko esperientzia murgiltzailea (Hodei Produkzioak), Nai Malabarista (Nai Imaginazioak), Ameztu antzerkia - Ipurbeltz (Nai Imaginazioak) eta Kay robot (Ameztu antzerkia).
Guretzat, kulturea ez da huts-hutsik ikuskizun bat ikustea edo jarduera batean parte hartzea. Kultura esperientziak konpartidutea da; jakin-mina biztutea, irudimena lantzea, galderak egitea, emozinoak adierazotea eta besteakaz hartu-emonak eregitea be bada. Horregatik, DA! PROn aurkeztuko diran proposamenen bidez, sormenaz gozeta, ikasteko, hausnartzeko eta alkarregaz biziteko aukerak be zabaldu nahi ditugu, zehaztu dau Arabiourrutiak.
Musika proiektuak
Zemendiaren 26an, 09:30etik aurrera, San Agustin kulturgunean izango da musika proiektuen txandea DA!PRO topaketan. Aurten, 24 proposamen aurkeztu dira, eta horreek gure musika-eszenearen aniztasuna eta sormen-indarra erakusten ditue. Euskerearen presentzia oso nabarmena da: proiektuen % 95,8tan agiri da, bakarrik edo beste hizkuntza batzuekaz batera.
Ondokoak dira aukeratutako hamar proposamenak: Andrea Goikolea, Ane Martija, Azax, Bakelite, Bafi etxeko loturak, Gar, Garazi Esnaola, Lanbro, Mirari eta Rig3l. Estiloei jagokenez, popak eta pop-rockak proposamenen % 41,7dira; rockak eta metalak, barriz, % 25. Uri-musikeak eta folkak % 8,3 eta gainerako % 16,7a jazzaren, musika klasikoaren, elektronikearen eta kantautoreen artean banatzen da. Aurkeztutako proiektuen ia % 80 nobedade lez identifikau dira. Datu horreek erakusten dabe gure musika-eszenea bizirik dagoala, sorkuntza barriak eten barik sortzen dirala eta euskereak presentzia handia dauela askotariko musika-estiloetan, azaldu dau Ruth Manzano Musika Bulegoko ordezkariak.
DA! PRO ez da musika proiektuak ezagutarazoteko erakusleiho hutsa. Sektoreko profesionalakaz hartu-emonak sortzeko, proiektu barriei ikusgarritasuna emoteko eta hareen ibilbide profesionalari bultzadea emoteko aukerea be bada. Horixe da alkarlan honen baliorik handiena: gure musika-eszenearen etorkizuna eregiten laguntzea, sortzaileei aukerak zabalduz, gaineratu dau Manzanok.
MusikaGazt Fest-en parte hartzeko aukerea
2027ko urtarrilaren 30ean MusikaGaz Fest jaialdiaren bosgarren edizinoa atonduko dau Amorebieta-Etxanoko Udalak eta eguneko egitaraua DA! PRO topaketako proposamenakaz osotuko dau. Beraz, hilaren 26ko aurkezpenean parte hartuko daben musikariek hautaketa horretan egoteko aukerea izango dabe.
Musika Bulegoarentzat sano garrantzitsua da DA! PRO lako ekimenak Gerediaga Alkarteagaz eta Amorebieta-Etxanoko Udalagaz alkarlanean lantzea. Lankidetza horri esker, erakundeen arteko alkarlana ekintza zehatz bihurtzen dogu eta, batez be, sortzaile barriei benetako aukera profesionalak eskaintzen ddeutseguz. Guretzat ez da nahikoa talentua badagoala erakustea; talentu horrek aurrera egiteko aukerak izatea nahi dogu, adierazo dau Manzanok.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
