Iñake Irastorzari Ohorezko Besarkadea emon jako
2026-11-17 10:02 KultureaEuskal Aktoreen Batasunak Besarkada Sarien irabazleak iragarri ditu.
Nagore Aranburu, Arnatz Puertas, Patricia López Arnaiz, José Ramón Soroiz, Ainara Gurrutxaga eta Kepa Errasti irabazleen artean dagoz. Iñake Irastorzari Ohorezko Besarkada emon jako interpretazinoari bizitza osoa eskaintzeagaitik.
Bart, Euskal Aktoreen Batasunak (EAB) Besarkada Sarien 21. edizinoa egin eban, sari honeetan EABren afiliatuek lankideek antzerki, zinema eta fikzino seriatuen kategorietan eginiko lana autortzen dabe. Galea, Victoria Eugenia Antzokian egin zan, eta umoreak, emozioek eta lanbideari egindako aitortzak markau eben ibilbidea. Sektorearentzat lan-baldintza hobeak aldarrikatzeko tartea be izan zan.
Bigarren urtez jarraian, ekitaldia Hodei Arrastoa eta Kepa Errastik zuzendu dabe. Umorearen bidez eta Del revés filmeko emozinoak erreferentziatzat hartuta, aktoreen eguneroko lanaren hainbat egoera eta etapa jorratu zituen, castingetatik hasi eta grabazinoetaraino. Horrezaz gan, publikoari sindikatuaren lana eta ha osotzen daben personak gerturatzeko aukerea be emon eben.
Aurkezle-lanak Eriz Alberdik (Haserre), Itziar Manerok (Alaitasuna), Mikel Losadak (Beldur), Idoia Tapiak (Tristura) eta Erika Olaizolak (Nazka) egin zituen. Sindikatuaren aldarrikapenek be entzun ziran galan. EABko idazkari nagusiak, Urko Olazabalek, bere diskursoan gogorarazo eban aktore izatea ogibide hutsa baino askoz gehiago dala: kultureagaz eta gizarteagaz hartutako konpromisoa dala. Era berean, kolektiboaren eskubideen eta lan-baldintzen defensan aurrera egiten jarraitzeko beharra azpimarratu eban. Aldarrikapen nagusien artean, honako honeek nabarmendu zituan: mueta guztietako produkzinoetan lan-baldintza duinak bermatzea; Artistearen Estatutuaren garapenean lanean jarraitzea, lanbidearen berezitasunak eta ezegonkortasuna kontuan hartu daitezala; adimen artifizialak dakarzan erronken aurrean interpreteen jaubetza intelektuala eta irudia babestea; eta euskerazko sorkuntzea eta ptodukzinoa sustatzea.
Kontuak kontu. Besarkada Sariek sektorearentzako topagune izaten jarraitzen dabe, euskal aktoreen talentua, lana eta ibilbidea ospatzeko aukerea eskainiz.
Errebelazino sariak
Gaueko momenturik berezienetako bat Errebelazio Sarien banaketea izan zan. Talentu barria autortzea helburu daben sariok Nerea Sanzek eta Omar Somaik jaso zituen aurtengo edizinoan.
Azken urte biotan, Nerea Sanzek ibilbide oparoa eta etenbakoa egin dau kamerearen aurrean, besteak beste, Argi gorriak, Mari Sorgin Ehiztari, Zeru Ahoak, Jone, batzuetan, Odol Ilargia eta Aloka(h)iru lanetan parte hartuz. Formatu barrietara egokitzeko eta genero desbardinetan jarduteko dauen gaitasuna nabarmendu dabe, baita personaia bakotxari berezko freskotasuna eta indarra emoteko dauen moduak be.
Bestalde, Omar Somai 2024tik hona parte hartu dauen proiektu-aniztasunagaitik nabarmendu da. Zineman, Gracia Querejeta, Julio Medem eta Arantxa Echevarría lako zuzendariakaz lan egin dau; telebistan, barriz, Desagertuta, Zeru Ahoak eta Go!azen lanetan parte hartu dau. Antzerkian, harrera bikaina izan dau Desobedienteak 18/98 lanean egindako lanagaitik, baita Fedegabeko odola eta ¿Fumas? film laburretako interpretazinoengaitik be. Denpora gitxian, antzerkian zein kamerearen aurrean lan egiteko dauen gaitasuna eta konpromisoa erakutsi ditu.
Sariak banatzeko momentua sorpresaz beteta egon zan. Familiako eta lagunen konplizidadeari esker —sariak emoteko oholtzan agertu ziran, Nereak eta Omarrek ez eben jakin saridunak izango ziranik, harik eta oholtza gainean euren izenak iragarri ziran arte.
Fikzino-seriatuen sariak
Nagore Aranburuk Emakumezko Aktore Onenaren saria jaso eban Querer lanean egindako interpretazinoagaitik (Alauda Ruiz de Azúak zuzendua). Arnatz Puertas, barriz, Gizonezko Aktore Onena izentau eben, Argi gorriak telesailean egindako lanagaitik.
Zinema sariak
Zinemaren atalean, izen ezagun bik jaso zituen sariak. Patricia López Arnaizek Emakumezko Aktore Onenaren saria eskuratu eban Los domingos filman egindako lanagaitik; José Ramón Soroizek, barriz, Gizonezko Aktore Onenaren saria jaso eban Maspalomas filman egindako interpretazinoagaitik. Lan bi horreek autortza handia ekarri deutsee.
Antzerki sariak
Antzerkiaren atalean, botoazinoa oso estua izan zan, eta azken momentuan boto gitxi batzuen aldeagaz erabagi ziran emoitzak. Ainara Gurrutxagak Emakumezko Aktore Onenaren saria jaso eban Itzulera lanean egindako lanagaitik; Kepa Errastik, berriz, Gizonezko Aktore Onenaren saria eskuratu eban Desobedienteak 18/98 antzezlanean egindako interpretazinoagaitik. Errastik bigarren urtez jarraian jaso dau autortza hori.
Ohorezko saria
Edizino honetako Ohorezko Besarkadea Iñake Irastorzari emon eutsen, interpretazinoari eskainitako bizitza osoa eta lanbidearen aurreko konpromisoa autortzeko. Orioko aktoreak bere ibilbide profesionaleko momenturik esanguratsuenetako batzuk jasoten zituan bideo bategaz batera jaso eban saria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
