Bilbao Tx Festival Jaialdiak 20 konpainia batuko ditu

Bizkaie! 2026-11-11 10:38   Kulturea

Zemendiaren 14an hasi eta 22an amaituko da.



Bilboko Nazinoarteko Txotxongilo Jaialdiaren (Bilbao Tx Festival) 45. edizinoa zemendiaren 14an hasiko da, zapatuan, 20 konpainia batzen dituan programazinoagaz eta 35 ikuskizun eskainiko ditu zemendiaren 22ra arte. Gainera, jaialdiak beste egun batzuetara be zabalduko dau bere jarduerea zemendian. Jaialdiak Euskaditik, Estadutik eta nazinoarteko sei konpainiek sortutako ikuskizunak izango ditu.

Programautako zazpi proposamen estreinaldiak dira Euskadin; eta tailerrak, erakusketak, topaketak eta jarduerak atontzen dira ikastetxeentzat zein tokiko komunidadeentzat.

1982an sortu zanetik, Bilbao Tx Festival jaialdiak presentzia jarraitua izan dau kulturearen panoraman, eta erreferentziazko hitzordu bihurtu da txotxongiloaren arteetarako.

45 edizinotan zehar, jaialdiak hainbat artista eta konpainia batu ditu, gaur egun forma eta lengoaia eszeniko ugari aztertzen dituan diziplina baten bilakaereagaz batera.

Edizino honetako barrikuntzetako bat zuzendaritza artistiko barria da, edizino honetatik aurrera María Ramírez Luengoren ardurea izango baita, azken hamar urteetan jaialdiaren zuzendaritzan egon dan Juanjo Corralesen lana.

Beste barritasun bat da jaialdiak lurraldez lurraldeko presentzia handitu dauela aurten, eta Bilboko zortzi gune desbardinetara eta Bizkaiko beste bederatzi udalerritara helduko dala, txotxongiloaren arteak lurraldeko leku askotako publikoarengana hurbiltzeko. Bilbon, Txotena Gunea, Jaialdiaren egoitzea, jarduera gune nagusietako bat izango da berriro. Egitaraua Deustuko La Fundicionera eta Basurtu, Errekalde eta San Frantziskoko udal zentroetara be helduko da. Aurten, gune horreetan sartuko dira Hika Ateneo, Zabalgune eraikina eta Pabellón 6.

Jaialdia Bilboko Arenalean, Arrigorriagan, Basaurin, Derion, Larrabetzun, Lezaman, Muskizen eta Natxitua-Ean be izango da. Eta aurten lehenengo aldiz, txotxongilo jaialdia Barakaldora be helduko da.

Proposamen artistikoak

Arte eszenikoen arloan ibilbide luzeko konpainiek parte hartuko dabe, besteak beste, Gorakada, Teatro Silfo eta Titiriteros de Binéfar, eta Cia. DeLiRi, Estefanía de Paz Asín eta Dora Cantero sortzaile garaikideakaz batera.

Jaialdiaren nazinoarteko dimensinoa Europako hainbat herrialdetako artista eta konpainiek ordezkatuko dabe, horreen artean Hungariako Bence Sarkadi, Italiako Zaches Teatro eta Compañía Pouët, Frantziako Pelele eta Greziako Plefsis.

Programeak txotxongilo eta objektu antzerkiaren hizkuntzea eta aukera desbardinak aztertzeko proposamenak batzen ditu, forma tradizionalenetatik hasi eta antzerki bisualera, instalazinoetara eta beste diziplina batzuekaz alkarreragiten daben eszena esperientziara arte. Txotena-n programautako jardueren artean, Gunea Tinglaua instalazinoaren egoitzea da, Taun Taunen eskutik. Teatroa, baita Sovint Kulturen Museo Ibiltaria proiektuaren Txotxongiloa eta errituala: Gorputza emotea ikusezinari erakusketea be.

Horrezaz gan, zemendiaren 16an, astelehenean, 17:30etik aurrera, Debekatuta dago zoriontsu izatea, Palestinako txotxongiloari eskainitako jardunaldia, Tantura Teatro konpainiagaz. Jardueran txotxongiloak eta maskarak eregiteko tailerra, berbaldia eta ikuskizuna izango dira.

Programazinoan euskeraz sortutako ikuskizunen presentzia nabarmena da: Pantzart konpainia bilbotarraren Korri, Kuru, Korri, zemendiaren 18an Zabalgune Eraikinean ikusgai egongo dana; Naita Produkzinoak eta Gorakadaren Erresinolaren kantua; Zurrunka Teatroren Gure Kanoa; Behibis-en Bueltaka eta Laenananaranjaren Desberdinak gara eta harro gaude.

Era berean, txotxongiloen eta objektuen antzerkia publiko barriei hurbiltzeko helburuagaz, jaialdiak Bitxia Kabareta izango dau, bertako konpainia eta artistek interpretautako zenbaki laburrez osotutako kabaret-proposamena. Santi SOS zeremonia-maisu dala, Hika Ateneon izango da zemendiaren 21ean, gaueko 21:00etan.

Aitatu jarduerez gan, tailerrak, erakusketak, bilerak, hitzaldiak, dokumentalak eta eskolei eta tokiko komunidadeei zuzendutako ekitaldiak be iragarri ditue. Ekimenok eszenako programazinoa osotu eta artisten eta publikoaren arteko alkarrekintzarako espazioak sortzen ditue, txotxongiloen eta objektuen antzerkiaren mundua testuinguru eta belaunaldi desberdinetara eroanez.

45. edizino honetako kartelak zugatz bat dau jaialdiaren historiaren analogía legez: ikusteko, kontetako eta imajinetako modu desbardinak alkarregaz bizi diran lekua; topaketa bakotxagaz hazten dan eta bertan bizi izan diranen istorioak gordeten dituan espazioa, zugatz bat babesleku, memoria eta topagune bezela. Zugatz bat etxe lez. Eta holan, udagoien honetan, barriro be, 45. urtez jarraian, Bilbao TX Jaialdiak txotxongiloen artea dan sustrai anitzeko eta adar anitzeko etxe honetara sartzeko animetan zaitue.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu