Xare Euskerazko Kultura Digitalaren Jardunaldiak Balmasedan lehenengo aldiz gaur, hilak 26

Bizkaie! 2026-11-26 10:02   Kulturea

Arlo digitalean ohitura osasuntsu eta jasangarriak sustatzea da helburua.

Ia hamar urteko ibilbideko Xare egitasmoa lehenengo aldiz izango da Balmasedan (eta Enkarterrin. Gazteen Alfabetizazino Digitala lehentasunezko preminea da eta, hain zuzen be, nerabeen bizitzen esparru digitalari jagokeonez be pedagogia egitea da jardunaldion helburuetako bat. Gaur egungo nerabeak, munduaren alde honetan behintzat, smartphone eta sare sozialen eztandeagaz batera jaio ziren eta, beraz, ingurune digitala euren berezko habitata da, eremu fisikoa bezainbeste. Oraintsu, adimen artifizialagaz kontaktua izateko eta ibilteko sarbide osoa izan dabe. Personen arteko hartu-emonak, sorkuntza-prozesuak, ogibideak eta eremu profesionala, heziketea bera digitalizau dira, baina askotariko gaitasunak lantzeko ikasketa-prozesu betean dagozan gazteek ez dabe behar laguntzarik eta heziketarik jasoten esparru horretan be burujaube jarduteko.

Hutsune hori beteteko ekarpena egingo dau Xare-k, gazteek uniberso digitalean be ohitura nahiz bizimodu osasuntsu eta jasangarriak izan deiezan. Jardunaldiotan teknologia eta lanabes barriak ezagutuko ditue eta, batez be, horreen erabilera arduratsua, etikoa eta kritikoa egiteko tresnak jasoko ditue.

Eskubide digitalak, teknopatiak, ziberjazarpena lako kontzeptuak jorratuko ditue nerabeek baina era ludiko eta erakargarrian, iges-jokoen eta bestelako formatu dibertigarrien bitartez, batez be, ondo pasetako jardunaldiak dira eta!

Gazteak eta uniberso digitala bezela, Euskerea da Xare egitasmoaren hirugarren zutabea eta beste helburu garrantzitsua: euskerazko sorkuntzea eta baliabide digitalak ikusarazo nahi ditu gazteen artean. Eta, lanabesak ezagutu ez eze, ikasleek tresna horreek balioan jarri deiezan nahi du; gazteak, hartzaile-konsumitzaile izatetik, euskerazko ekosistema digitala aberastuko daben sortzaile eta garatzaile izatera pasau daitezan.

Azkue Fundazioak sustatu eta Balmasedako Udalak zein Eusko Jaurlaritzeak babesten daben saio honek Balmaseda BHI ikastetxeetako 111 ikasle batuko ditu.

Parte-hartzaileek Klaret Antzokian, Kultur Aretoan eta Horkasitas Jauregian dabe hitzordua, eta gune bana: Pribatutasun gunea, Hartu-emonak gunea, eta Ikas gunea (tailerrak). Goizeko 09:00etatik 13:45era, lau txandatan eta talde bitan banatuta, ikasleek Xare jardunaldiak dakarren egitarau osoaz gozauko dabe.

Pribatutasun gunean, arrasto digitalaz eta adimen artifizialaren iturriez gogoeta kritikoa egiteko hitzaldi interaktiboa ez eze, aurtengo barritasuna da, Guzur(h)egia izeneko abentura grafikoa biziko dabe gazteek: albiste faltsuak eta enpresa teknologiko handien gehiegikeriak salatuko dituen kazetarien azalean sartuko dira.

Hartu-emonak gunean, beste hitzaldi interaktibo batean parte hartuko dabe. Kasu honetan, sare sozialetan besteakaz zelan erlazionetan diran izango da berbagai: zelako iruzkinak idazten ditue besteen argitalpenetan? Gune berean, bestalde, Zainduz Saretu izeneko iges-jokoan ibiliko dira: besteak beste, gorroto mezuak eta red flag-ak identifiketea izango da jokoan aurrera egiteko modua.

Ikas gunean, barriz, lanabes digitaletan trebatzeko eta horreen aplikazino errealak ulertzeko 6 lantegi praktiko izango ditue aukeran: 3D inprimagailuak, Arduino/Robotika, Errealidade Birtuala, Gamer Gelea, Argazkilaritza tailerra, eta Musikea sortzeko, nahasteko eta zabaltzeko aplikazinoak.

Euskerazko uniberso digitala elikatzen dabizen profesional eskarmentudunak arduratuko dira Xare programako jarduera horreek guztiak gidatzeaz: Eragin komunikazinoa, Bikonet telekomunikazinoa, Talaios kooperatibea, Emaize sexologia zentroa eta Mundu Berriak barrikuntza sexologikorako alkartea, Protomakers club, Katubi ikus-entzunezkoak, Kontuka proiektu
artistikoak eta Dj Makala, besteak beste.

Balmaseda, 2026-2027 ikasturteko laugarrena

Iruñea, Amorebieta-Etxano eta Eskoriatzako hitzorduen ostean, Balmasedako hau izango da Xare jardunaldien laugarren geldialdia 2026-2027 ikasturtean. Ostean, Donostiara, Zarautzera, Bilbora, Gasteizera eta Baionara helduko da, besteak beste.

2017an hasi zanetik eta 2026ra bitartean, Euskal Herri osoko 18.500 bat gaztek hartu dabe parte heziketa digitala eta euskerazko kultura digitala sustatzea helburu dauen Xare egitasmoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu