XV. FIG Bilbaok Papergaineko Artearen nazinoarteko topagune bihurtuko dau Bilbo
2026-11-24 11:55 KultureaZemendiaren 26, 27, 28 eta 29an, Bilboko Euskalduna Jauregian.
FIG Bilbaok, Papergaineko Grabatu eta Artearen Nazinoarteko Jaialdiak, bere hamabosgarren edizinoa inaugurauko dau zemendiaren 26an Euskalduna Jauregian. Bertan, datorren domekara arte, hainbat herrialdetako artistak, galeriak, tailerrak, produkzino grafikoko zentroak, erakunde kulturalak, bildumagileak eta profesionalak batuko dira. Estaduko eta nazinoarteko 60 erakusketari baino gehiagogaz, jaialdiak Bilbo Europako topagune nagusietako bat bihurtuko dau lan grafiko garaikiderako eta papel gaineko arterako.
Ageda Jimenez Beroiz euskal artisteak eta Daniela Amandolesse Focus Italia programako komisarioak gidatutako bisita instituzional bategaz hasiko da jardunaldia. Ondoren, inaugurazino ekitaldi ofizialean, euskal kultur erakunde nagusietako ordezkariak, sektore artistikoko profesionalak eta kultur eragileak batuko dira. Ekitaldian, Iñaki Alonso Gorostiza FIG Bilbaoko presidenteak, Begoña Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Kirol zuzendariak, Iñaki López de Aguileta Bilboko Udaleko Kultura zuzendariak, Ana López Asensio Eusko Jaurlaritzako Kultura zuzendariak eta Daniela Amandolesse 2026ko edizinoko komisarioak parte hartu dabe.
Atontzaileek hamabosgarren edizino honen balioa nabarmendu dabe, hamabost urteko lan jarraituaren isla legez, sorkuntza grafiko garaikidea bultzatzeko eta Bilbok grabatuaren eta papel gaineko artearen nazinoarteko sareen barruan dauen zeregina indartzeko. Aldi horretan, FIG Bilbao nazinoarteko proiekzinoa dauen arte-trukerako, ezagutzarako eta kultura-lankidetzarako plataforma bezela finkatu da.
Italia, FIG Bilbao 2026ko protagonista
Nazioarteko dimensinoa da, barriro be, FIG Bilbaoren bereizgarrietako bat, izan be, 2026an, jaialdiak Italiako ekosistema artistikoagaz dituan dituan loturak estututea izango dau ardatz, grafika garaikidearen arloko esperientzia, erakunde eta profesional garrantzitsuenetako batzuk publikoari hurbiltzea ahalbidetuko dauen jarduera programa zabal baten bidez.
Daniela Amandolessek komisariauta, programeak herrialde bietako artisten, ikertzaileen, zentro espezializatuen eta kultur eragileen arteko ezagutza eta praktika onen trukea bultzatuko dau, mobikortasun artistikora bideratutako erakusketa, topaketa profesional, hitzaldi, tailer eta ekintzen bidez.
Programazinoak gaur egun arte grafikoen ezaugarri diran lengoaien aniztasuna erakutsiko daben proposamenak izango ditu, grabatuari lotutako teknika tradizionalak eta hurbilketa esperimental eta garaikideenak.
Aurreikusitako jardueren artean dagoz papergintzearen historiari eta bilakaereari eskainitako topaketak, artista garaikideen aurkezpenak eta erreferentziazko galeria eta erakundeen presentzia.
Azpimarratzekoa da Fondazione Il Bisonte – per lo studio dell 'arte grafica historikoaren parte-hartzea. Florentziako erakunde hori grafika garaikidearen eta papergaineko arteen esparruko nazinoarteko erreferentzietako bat da. Sei hamarkadatik gorako ibilbidea dau prestakuntzan, ikerketan, produkzino artistikoan eta ondare grafikoaren konserbazinoan, eta Europa osoan autortutako bikaintasun-eredua da. FIG Bilbaogaz ezarritako lankidetzeak, gainera, urrats barri bat emongo dau Il Bisonte Egoitza Artistikoa – FIG Bilbao martxan jarrita, jaialdiari lotutako artisten arteko mobikortasuna, ezagutzen trukea eta sorkuntza prozesu barrien garapena bultzatzeko sortutako ekimena.
Edizio honetako erakargarritasun nagusien artean, Out Of Line erakusketea nabarmentzen da, Joana Vasconcelos artista portugaldar ospetsuaren papergaineko zortzi lan originalen bildumea. Erakusketeak aukera parebakoa eskaintzen dau bere instalazino handiakaitik eta eskultura monumentalakaitik nazinoartean ezaguna dan sortzaile baten alderdi ez hain ezagun batera hurbiltzeko.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
