Bilboko Berreginen Museoak 20 urte beteko ditu
2026-11-18 09:25 KultureaMariaren Bihotza eleiza zaharrean ezarri zanetik.
Zemendiaren 21ean hogei urte beteko dira San Frantzisko auzoko eraikin historikoak bizi barri bati ekin eutsonetik, izan be, birgaitze-prozesu luze baten ostean, museoaren egoitza bihurtu zan.
Urteurrenak arkitektura-ondarearen eta bilduma artistikoaren arteko bizikidetzearen balioa azpimarratzea dau helburu, eleizearen identidadea konserbetan eta haren memoriari bizirik eusten deutson lekuan.
Kontuak kontu, ospakizunaren parte izango dira kandela-tailerra eta eraikinaren eta museoaren historiari buruzko argitalpen berezi bat.
Eleizeak 1984an edegi zituan ateak lehenengo aldiz eta, urte luzez, zentro espiritual zein komunitario garrantzitsua izan zan. José María Basterra arkitektoak diseinautako eraikin honetan nabarmentzekoak dira haren arkitektura neogotikoa, gangak, beirateak eta, batez be, erialdean daen argi-zulotik sartzen da argi naturala. XX. mendearen erdialdean, klaretarren ikastetxea Leioara lekualdatu zanean, eraikina abandonauta geratu zan eta, geldiro-geldiro, hondatzen joan zan.
90eko hamarkadaren amaieran, eraikina berreskuratzeko eta Berreginen Museo bihurtzeko plana atontzen hasi ziran, izan be, erakunde hori 1927tik Bilbon baegoan arren, bildumea gorde eta erakusketak egiteko instalazino egokien beharra egoan. Holan, esku-hartze hori Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala Birgaitzeko Planaren barruan sartu eben, Bilboko Udalak sustatu baitzeban.
Obren ostean, 2006ko zemendiaren 21ean, eraikinak hasierea emon eutson etapa barriari: museo bihurtu zan. Birgaitze-lanari esker, espazioa museo-beharretara egokitzea lortu zan, haren identidade historikoa zehazten daben elementuei uko egin barik. Bere horretan geratu ziran eleizearen hiru habearteak, gangak, dekorazino-elementu nagusiak eta beirateak. Era berean, egiturea eta ibilbide barriak gehitu ziran, eta erakusketak egiteko bideratutako azalerea handitu, museoa bisitetea errazagoa izateko.
Eraikin bat, bizitza bi
Hogeigarren urteurrenak garrantzia emoten deutso eraikinak lehen eban tenplu izaereari eta egun emoten jakon erabilereari. Mariaren Bihotza eleizeak sasoi batean beteten eban funtzino erlijiosoa albo batera itxi arren, izateko beste arrazoi bat topau eben: arteari eta kultureari eskainitako espazio bihurtzea. Egun, amaibakoa burutazinoetan dabiz orain mende bat baino gehiago sortutako arkitektureak eta bertan dagozan eskulturek, Antzinate klasikoko obren erreprodukzinoak diranak.
Eraikinaren elementu adierazgarrienetako bat bertara sartzen dan argia da, izan be, argiak museoa bisitetan gerturatzen diranen esperientzia aberasten jarraitzen dau oraindino. Beirate historikoek, Duhamel-Marette tailer frantsesean egindakoek, garai bateko enkantua zeozelan berreskuratzea lortu eben, birgaitze-prozesuan gauzatutako zaharbarritze-lanei esker.
Kontuak kontu, 20. urteurrenaren harian, Berreginen Museoak balioa emongo deutso konpartidutako historia honi eta gogorarazo dau ondarea konserbeteak ez dauela esan gura eraikinak geldi itxi behar behar diranik. Alderantziz, eraikinok bizirik eta gizarteagaz harrtu-emonetan egoteko metodoak topau behar dira.
Esangura horretan, ospakizunaren parte izango dira Museoaren eta eraikinaren historia jenteari hurbiltzeko bideratutako ekimen berezi bi. Alde batetik, kandela-tailerra egongo da eta, bestetik, oroitzapenezko argitalpen txiki bat aurkeztuko da. Azken horrek Berreginen Museoaren eta Mariaren Bihotza eleiza zaharraren historia jasoko dau, tenplu izatetik museo-egoitza izatera pasau zan arte (Argitalpena Museoan egongo da salgai).
Ekimen bi horreei esker, museoaren nortasunaren eta haren ingurunearen oinarrizko zati dan eraikin baten ezagutzan sakondu ahal izango da. Era berean, ospakizuna arkitektura-ondarea berreskuratzearen eta konserbetearen garrantzia gogorarazoteko aukerea be izango da, memoria kolektiboari bizirik eusteko erremintea baita.
Bilboko Berreginen Museoa haren patronoak diran erakundeek sustatzen dabe: Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. Biek kultureagaz eta ondarea konserbeteagaz daben konpromisoa behar-beharrezkoa da erakundearen garapenerako.
Museo bihurtu zanetik hogei urte pasau diran arren, Mariaren Bihotza eleiza zaharrak erakusten deusku eraikin batek bizi ugari izan leikezala, esentzia sekula galdu barik. Egun, eleizaren ganga istorio, irudi eta artelanak gordeten ditue eta, holan, igarotakoaren eta orainaren arteko lotureari bizirik eutsi.
Kandela-Tailerra
Publikoak Greziako jainkosa batean inspirautako lurrina dauen kandela bat sortuz ospatuko dau Museoaren urteurrena. Aukerak ondokoak izango dira: Zipria, Afroditan inspirauta dagoana; Artemisa eredu hartzen dauen Ortia, eta Sykóessa, Demeterren oinarritua.
Tailerrean jainkosa bakotxari buruzko informazinoa labur-labur eskaintzeaz gan, zehatz aroma horreek zergaitik aukeratu diran be azalduko da. Ondoren kandela egiteari ekingo jako.
Tailerra zemendiaren 21ean egingo da, txanda bitan: Lehenengoa, gaztelaniaz, 17:30ean eta bigarrena, euskeraz, 19:00retan. 30 plaza egongo dira txandako. Jarduerea Museoan bertan gauzatuko da. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena emotea, telefono-zenbaki honetara deituta: 94 415 02 31. Jarduerea doban da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
