Bioaniztasuna ardatz, martxan da 18. First Lego League Euskadi
2026-11-12 11:01 KultureaHainbat ikastetxetako 180 talde hasi dira lanean Bioglow erronkan.

Horren bidez, espezie, habitat eta ekosistemen arteko lotureari erreparauko deutsee, aniztasun hori arriskuan jarten daben arazoak identifikau eta soluzino barritzaileak diseinauko ditue bioaniztasun hori babesten laguntzeko.
Aurreko edizinoetan bezela, lehen urratsa FLL Euskadi prestakuntza-programea da, Estadu osoan parekorik ez dauen ekimena. Programeari gaur ekin deutse: ikasleek gaur egin dabe erakunde bazkideen lankidetzeari esker egiten diran bisitetan lehenengoa. Bisita horreen bidez taldeek aukerea izango dabe bioaniztasuna mehatxatzen daben arazoetako batzuk lehen eskutik ezagutzeko eta hareen barrikuntza-proiektuak planteetako lagungarri izan leikiezan hainbat erreferentzia eskuratuko ditue.
First Lego League Euskadi hezkuntza-programea Barrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, atontzen dau, Deustoko Unibersidadeagaz, Mondragón Unibersidadeagaz eta Euskal Herriko Unibersidadeagaz alkarlanean. Horreez gan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Zientzia, Unibersidadeak eta Barrikuntza Sailak be laguntzen dabe programan, STEAM Euskadi Estrategian txertatuta baitago FLL ekimena. Helburua da gazteen artean zientziaren eta teknologiaren aurrean interesa biztutea, horretarako esperimentazinoa, pentsamendu kritikoa, sormena eta talde-lana landuz eta bultzatuz.
Kontuak kontu, zemendiaren 12tik abenduaren 2ra, parte hartzen daben taldeek aukerea izango dabe Euskadiko ingurumen, hezkuntza eta ikerkuntza esparruetako hainbat erakunde bisitetako, besteak beste, organismo publikoak eta natura-eremu babestuak, bikaintasuneko ikerkuntza-zentroak eta unibersidadeak. Sei proposamenetan, behaketa edo azterketea, landalana eta profesional espezializatuekin hartu-emonak buztartzeko aukerea izango dabe ikasleek.
Azken buruan, FLL Euskadi programearen finala 2027ko zezeilaren 27an egingo da, bost egoitzatan aldi berean: Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen, hain zuzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
