Etxegarai anaien ekarpena autortu eta aztertzeko jardunaldia atondu dabe
2026-11-25 11:57 KultureaEuskaltzaindiak atonduta, abenduaren 1ean izango da, 18:00etan, Bilbon, Plaza Barrian.
Euskaltzaindiak Karmelo eta Bonifazio Etxegarai euskalari eta euskaltzain osoen bizitza eta lana gogoratzeko mintegia atondu dau. Abenduaren 1ean izango da, Akademiaren egoitzan. Jardunaldia 18:00etan hasiko da, Andres Urrutia euskaltzainburuaren eta Aitor Esteban EBBko presidentearen eskutik. Bien artean, Karmelo Etxegarairen garaia aztertuko dabe luze-zabal. Ondoren, mahai-ingurua izango da. Bertan, forua, autonomia eta 1876-1935 bitarteko gizarte-eraldaketeari buruz jardungo dabe Elixabete Piñol abokatu eta euskaltzain urgazleak, Josu Erkoreka legelariak, Patxi Juaristi soziologo eta euskaltzain urgazleak eta Sebas Gartzia Trujillo filologo eta euskaltzain urgazleak. Iñaki Goiogana historialari eta Sabino Arana Fundazinoaren Abertzaletasunaren Agiritegiaren arduradunak egingo dau moderatzaile lana.
Ondoren, Karmelo Etxegarai Korta (1865-1925) Testuen bildumea (poesia eta prosea) / Compilación de textos (poesía y prosa) liburua aurkeztuko da. Horretarako, bertan izango dira liburuaren egileak, hain zuzen, Lazaro Etxegarai, Koldo Somokueto, Javier Aramendi eta Aitor Telleria. Azkenik, anai bien funtsak (dokumentuak, gutunak…) Euskaltzaindiaren eskuetan jarteko hitzarmen bana izenpetuko dabe Maria Jesus Etxegaraik (Karmeloren familiaren partez), Lazaro Etxegaraik (Bonifazioren familiaren partez) eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Gerraurreko euskalari ospetsuak izan zirn anai biak eta, beste askogaz jazo dan legez, ia ahaztuta egon dira euskerearen eta Euskal Herriaren alde egin zituen ahaleginak eta lanak.
Bonifazio Etxegarai (Zumaia, 1878 - Durango, 1956) eta haren lana idazle eta intelectual talde batek berreskuratu eban 2021. urtean. Bonifazio abokatu euskalduna izan zan, euskal ekintza batasuna defendiduten ebana, politika alderdikoirik bakoa eta, jakina, euskerearentzat ondorio onuragarriak izango leukizezan hizkuntza politika eraginkorraren bultzatzailea izan zan. Euskaltzaindiak euskaltzain oso izentau eban 1926ko urtarrilaren 29an, eta 2023an legelariaren artikuluen bilduma mamitsua plazaratu eban Akademiak.
Karmelo Etxegarairi (Azpeitia, 1865 - Gernika, 1925) beste horrenbeste jazo jakon, igarotakoaren lanbroan galdu baitzan haren arrastoa. Baina ikertzaile izugarria izan zan Karmelo, historialaria eta poetea, euskal munduaren inguruan ikertu eikean guztia ikertu ebana. Euskerearen Akademiak euskaltzain oso izentau eban 1923ko zemendiaren 22an.
Era berean, Euskaltzaindiak bere poesiazko eta prosazko produkzinoa jaso eta argitalpen batera batu eban 2025ean.
Eskuratu liburu biak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
