'Enkarterri, euskara bidean' liburuaren aurkezpen publikoa, Sodupen, zemendiaren 28an
2026-11-26 07:40 KultureaEskualdeko euskerearen ibilbide historikoa, egungo egoerea eta etorkizuneko erronkak jorratzen ditu.
Eskualdeko euskalgintzearentzat aparteko inportantzia dauen lan honetara Enkarterriko euskerearen historia, egungo argazkia eta komunidadea sendotzeko gakoak batu ditue Lurdes Gauna, Nerea Txabarri, Agurtzane Hurtado eta Josu Larrinagak.
Kike Amonarriz soziolinguista ezaguna liburuaren berbaurrea idazteaz arduratu da. Amonarrizek be ekitaldian parte hartuko dau, liburuaren ekarpena babestuz.
Datuei erreparetan badeutsegu, 1981ean, populazinoaren % 02 zan euskalduna eta 2021ean, barriz, % 31'58a eta hori da Eustat-ek Enkarterriko euskaldun kopuruari jagokonez emoten dauen datua. Jakina, badakigu dana ez dala hain idilikoa, erabilerearen datuak ez dirala poztekoak, sakabanatuta bizi garela euskaldunok eta ez dagoala aukera askorik gure artean batzeko, kopuru horretan agertzen dan jente gehiena hezkuntza-prozesu formalean euskaldundu dala eta gero... Baina, oro har, gaur egun euskaldunok eta euskereak Enkarterriren zaltasunak eta arazoak Euskal Herriko eskualde askotan antzemoten diranak dira, ez besterik.
Eta 1981ean egoerea oso diferentea zan Bizkaiko beste edozein eskualdegaz alderatuta. Eta Historiari begiratuta, 1863 Louis-Lucien Bonaparte hizkuntzalari frantsesak euskereari buruzko lehenengo ikerketa zientifikoa argitaratzen dauenean, esaten dau bizkaierearen lurraldea Deba ibaitik Gallarraga errekaraino doala. Gallarraga errekea izen bereko mendian sortzen da eta Arabako Okondo aldera daroa ura: Sodupe, Gordexola eta Aiala aldean, beraz kokatzen zan mendebaldeko euskerearen mugea; gaur egun, barriz, Karrantza ibaian kokatuko litzateke, 50 bat kilometro sartaldera. Hori bai, orain batuaz gabiz eta hori be azpimarratu behar da eta eskertu behar jake gure hizkuntzea batzearen beharra ikusi ebenei.
Euskerea, beraz, Enkarterrin inklusibo eta integratzailea izan da azken berrogei urteotan; egun eskualdea hobeto txertatua dago bere betiko inguru sozio-instituzionalean: Bizkaian, EAE-n eta Euskal Herrian, jakina.
Lehenengo ikastola eta gau eskola klandestinoak sortu zituenak, aurrerago ikastolak eta eskoletako B eta D ereduak sustatu zituen gurasoak, irakasle, ikasle eta laguntzaileak, euskaldundu garenak eta saiatu diranak, gehien-gehienak emakumeak, datua be garrantzitsua da. Danok badogu zer ospatu, zabalik eta martxan dagoan prozesu honetako lehenengo 40 urtetako uztea ez dalako edozelakoa izan.
Kontuak kontu, Enkarterri, euskara bidean liburuaren aurkezpena, Sodupeko Kultur Etxean (Gueñes) izango da zemendiaren 28an, egurduko 12:00etan. Bertsolariak be hurreratuko dira eta kopaua be egongo da.
Informazino gehiago euskalduntzenkarterri@gmail.com helbidean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
