Iñake Irastorzak Ohorezko Besarkada jasoko dau

Bizkaie! 2026-11-10 12:33   Kulturea

Euskal Aktoreen Batasunak oriotar aktorearen ibilbidea autortu dau.

Iñake Irastorza. | Ikusi handiago | Argazki originala

EAB Euskal Aktoreen Batasunak jakinarazo dauenez, Iñake Irastorzak XXI. Besarkada Sarietan Ohorezko Besarkada jasoko dau zemendiaren 16an, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian izango dan galan. Sari honen bidez, EABk Iñakek aktore-lanari eskainitako ibilbidea eta lanbidearen alde egindako burrukea autortu ditu.

Iñake Irastorza

Oriotarra da eta aktore lanetara ezohizko bide batetik ailegau zan. Bere bizilekuan andereñoa zan bitartean, Orain antzerki konpainiarentzat froga bat egin eta ordutik bere ibilbide profesionalean eten barik ibili da. Urteetan zehar, Irastorzak Euskal Herriko zein estadu mailako antzerki konpainia askorentzat lan egin dau, horreen artean Vaivén, Ados Teatroa, Hika eta Txalo dagoz. Antzerkigintzan egindako ibilbideari esker, hainbat zuzendarigaz lan egiteko aukerea be izan dau, besteak beste, Garbi Losada (oraintsu hildakoa), Agurtzane Intxaurraga, Calixto Bieito eta Mario Gas.

Nahiz eta Iñakeren lan egiteko espazio ohikoena eszenatokia izan, kamera aurreko lanean be
ibilitakoa da. Zineman, Aupa Etxebeste!, Legado en los huesos eta, oraintsu, Gaua
lako proiektuetan ibili da, eta bere lana publiko barrietara hurbildu daben hainbat proiektutan
be parte hartu dau. Telebistarako El internado: Las Cumbres eta Cuéntame cómo pasó entzutetsuetan egin dau lan.

XXI. Besarkada Sariak

Aktoreen lana autortzen dabe antzerkiaren, zinemearen eta fikzino-seriatuen kategorietan. Horrezaz gan, errebelazino sariak eta ohorezko besarkada sariak banatzen ditu lan desbardinak autortzeko.

Galea Kepa Errasti eta Hodei Arrastoak zuzenduko dabe eta aurkezleak Eriz Alberdi, Itziar Manero, Mikel Losada, Idoia Tapia eta Erika Olaizola izango dira. Ekitaldiak Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala/Donostia Kultura, AISGE Fundazinoa, EITB, ESKENA eta EPE-IBAIAren laguntza eta babesa izango dau.

EAB

Euskal Aktoreen Batasuna 1988an Euskal Herrian sortutako alkarte sindikala da eta afiliatuen ikusgarritasun, formakuntza eta lan eskubideen alde lan egiten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu