'Aitaren Hauspoa': Xabi Solano, lehenengo aldiz aktore

Bizkaie! 2026-11-09 09:24   Kulturea

Oholtzan hiru gorputz baino ez: Xabi, Sua eta trikitia.

Xabi Solano eta Sua Enparantza aktoreek, Ximun Fuchs zuzendariak eta Aitor Huizi Hernaniko Kultura zinegotziak Aitaren Hauspoa antzezlana aurkeztu dabe.

Xabi Solano, trikitia gerrian, jentea jantzan jarten ezagutzen dogu baina orain, lehenengo aldiz, aktore izango da Aitaren Hauspoa ikuskizunean; proposamen intimoa da, zaratatik txutxu-mutxura egiteko bidaia: ikuslea oso gertu egongo da, aktorearen arnasa be entzun ahal izango da, trikitiaren hauspoa edegi eta zarratzen ikustea be bai. Oholtzan, hiru gorputz baino ez: Xabi, Sua eta trikitia.

Xabi Solanoren bizitzatik eta esperientzietatik abiatuta, Ximun Fuchsek fikzino bat sortu eta zuzendu dau. Ez da biografia bat, ezta bizipen personalen erreprodukzino hutsa be, egia baino egiazkoagoa izan daitekeen fikzinoa da. Xabiren aurrean Sua Enparantza izango da, aktorea, jantzaria eta zirkuaren munduan ibilbide zabala dauen artistea. Suaren ekarpen artistiko eta personalak begirada barriak ekarri deutsoz proiektuari.

Antzezlanak familia baten barruko hartu-emonak ditu abiapuntu, baina familiaren zirrikituetatik herri baten historia be agertzen da: fabrikea, euskerea, erromeria, frankismoaren ondorengo bildurrak, erbestea, militantzia, jaia, beharra, gizontasuna, isiltasuna, transmisinoa eta kulturea. Horren guztiaren atzean galdera bat dago: zer jasoten dogu aita batengandik, eta zer transmitiduko deutsegu guk gure umeei?

Obrea kutxa bategaz hasten da. Barruan, trikitia. Akaso, antzezlan osoa kutxa hori edegitea da: barruan aita, Xabi, Sua, zauri batzuk, kantu batzuk eta belaunaldi batetik bestera pasetan dan maitasun trakets, eder eta izugarri bat topetea. Trikitiaren hauspoa edegi eta zarratzen danean, familia baten birikak ez eze, herri batenak be entzuten dira.

Ikuskizuna Biteri kultur etxean estreinauko da 2027ko urtarrilaren 21ean eta 22an bigarrenez eskainiko dabe.

Erosi sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu