Zeanurik Gorbeiako lehenengo kurutzearen 125. urteurrena opstauko dau

Bizkaie! 2026-11-09 08:50   Kulturea

Datorren zemendiaren 12rako, eguenerako atondu dau ekitaldia Zeanuriko Udalak.

Ekitaldia Kultur Etxean izango da 19:00retatik aurrera. Lehenengo eta behin, kurutzea eregiteko prozesua zelakoa izan zan gogoratzeko berbaldi laburra izango da eta hiru protagonista nagusien lana autortuko da: ideologo eta bultzatzailea izan zan Juan Bartolomé de Alcibar Zeanuriko parrokoa; Casto de Zavala arkitektoa; eta Serapio Goicoechea eregitzailea. Bertan izango dira hiru protagonista horreen ondorengo senitartekoak eta Zeanuriko eta Zuiako egungo parrokoak zein udaletako ordezkariak, besteak beste, kurutzea udalerri bietako lurretan eregi zan-ta.



1901eko inaugurazinoa

Gorbeiako lehen kurutzea —oingoa hirugarrena da— 1901eko zemendiaren 12an inaugurau zan. Eregiteko lanak garagarrilaren 16an hasi ziran, Kurutze Santuaren Garaipenaren jaian, eta bertan izan ziran, besteak beste, proiektua bultzatu eban batzordeko ordezkariak, Zeanuri eta Zuiako udaletako ordezkariak, Cásto de Zavala arkitektoa, Serapio Goicoehea eregitzailea eta beste agintari batzuk.

Bizkaiko eta Arabako mugan kurutzearen oinarria hartuko eban lursailaren mugaketeari ekin jakon eta Zeanuriko parroko Bartolomé de Alcibarrek lurra bedeinkatu eban; jarraian, Zuiako parrokoagaz batera, atxur barri bigaz —beren-beregi egin ziran ekitaldi honetarako—, lehenengo atxurkadak emon zituen, obrearen hasikereari ekinez.

Aurrekontua 50.000 pezetakoa izan zan, eta erakundeek eta partikular ugarik egindako diru-dohaintzakaz ordaindu zan; adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiak 10.000 pezetako ekarpena egin eban, aurrekontuaren % 20; Zeanuriko Udalak 500 pezeta emon zituan eta Zuiakoak 1000.

Barakaldoko alkate Serapio Goicoechea kontratisteak agindu eban urri lehenengoaren 14rako amaituko zituala obrak, Kurutze Santuaren Gorespenaren jaialdirako. Baina ez zan promesea bete eta inaugurazinoa hilebete bi aurrerago izan zan, zemendiaren 12an, martitzenean. Garaiko kronikek dinoenez, jente askogaz eta haize bolada gogor eta tenperatura bajuak tartean, 33 metroko altuerako —Jesukristoren edadearen oroimenez— kurutzea inaugurau zan. Eguraldi txarra zala-ta, ezin izan zan aurreikusitako ekitaldi-programea erabat egin. Zeanuriko parrokoak kurutzea bedeinkatu eban eta ostean, Daniel Baertel aita frantziskotarrak, tontorra baino beherago ipini zan oholtzara igonda, lehenengo euskeraz eta gero gaztelaniaz, berbaldi labur bat egin eban, baina ezin izan zan mezea emon.

Ez zan aurreikusitako egitaraua bete, ezta obra osoa amaitu be, eta ekitaldia hurrengo urteko garagarrilaren 16ra atzeratzea pensatu zan, hau da, Kurutze Santuaren Garaipen Jairako, obrea erabat amaituta egongo0 zala. Baina garagarrilaren 16an ez zan ekitaldia errepetidu, 1901eko abenduaren 12an, eguenean, haize bolada gogor batek kurutzea bota eban-ta.

Ia urte bi aurrerago, 1903ko urri bigarrenaren 1ean, eguenean, bigarren kurutzearen bedeinkapena ospatu zan. Honek be ez eutsan eguraldi txarrari eutsi, eta 1906ko zezeilaren 12an jausi zan. Urte batzuk aurrerago, hirugarren bat eregi eben, gaur egungoa, 17 metroko altuereagaz eta eiffeliar estiloagaz proiektau zana.

Edozelan be, aurtego udan, Gorbeiako kurutzearen zimenduak konpontzeko eta hobetzeko obrak egin dira, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek bultzatuta, 167.742 euroko inbersinoa izan da. Jarduerearen helburu nagusia egiturearen oinarria sendotzea eta egonkortzea izan da, hormigoizko eraztun baten bidez. Eraztun horrek babesten ditu egiturearen lau zutabeak. Azken zehetasuna da perimetro osoa altzairu baltzez inguratzean da, kurutzearen kolore berekoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu