'La Carn' filmaren aurrestreinaldia Bilbon
2026-11-11 08:19 KultureaBiznaga bi irabazi ditu Malagako Zinemaldian.
Dantzaldia 2026 - Bilbo-Bizkaiko Nazinoarteko XXVII. Dantza Jaialdiak Lluís Garau jantzari eta performance sortzaileak idatzi eta antzeztutako filmaren saio berezia programau dau, eguen honetarako. Garau bera proiekzinoan izango da eta ostean, ikusleakaz mahai-inguru batean parte hartuko dau Bilboko Multicines 7 zinema-aretoan izango da.
Nor zara inork ikusten ez zaituanean? Eta danak zuri begira dagozanean? Galdera horreen gainean eratu da La carn filma, Joan Porcel zuzendariarena, Dantzaldia 2026 jaialdiak Bilboko Multicines 7 zinema-aretoan aurrestreinauko duena, zemendiaren 12an, eguenean. Zidarrezko Biznaga bi irabazi ditu Malagako 2026ko Zinemaldian (Espainiako Film Onena eta Gizonezko Antzezle Onena —Lluís Garau—, Zonazine atalean). Filmak generoen arteko mugak hausi ditu eta thrillerra, dokumentala, jantza eta performance berezia buztartzen ditu, errealidadearen eta fikzinoaren arteko istorioa kontetako. Filmeko protagonista eta gidoilarikidea, Lluís Garau jantzari, performer eta eszena-zuzendaria, Bilboko proiekzino berezian egongo da (19:45ean hasiko da), eta filmaren ostean, ikusleekin mahai-inguru batean parte hartuko dau. Txartelak, 5 euroan dagoz salgai, zinema-aretoko txarteldegian eta reservaentradas.com webgunean.
Filma Garauren izen bereko pieza bat dau etorburu, igaz Bilboko La Fundición Aretoan ikusgai egon zana, baina filma ez da haren moldaketa hutsa. Muntaketea jantzari queer gazte batez dabil: Internet aroan jaio zanez, mundu digitala bere bizitzako alde banaezina zan. Konexino bila ebilela, protagonisteak jantza eta bere gorputza ezezagunei online erakusteko joerea sorkuntza artistikoko gai bihurtu eban. Garauren online benetako topaketeak, horreetako batzuk, zuzenekoak, material eszeniko lez erabilten ziran ikuskizunean, desirea, morboa eta sexua bakardadeagaz eta bildurragaz batera agertuta.
La Carn
Orain, filmak Garauren sortze-prozesua dokumetau dau pieza ha sortzeko, eta aldi berean, thriller elementuak erantsi deutsee bere bizitzako esperientziei, errealidadearen eta fikzinoaren arteko mugak itxurabakotzeko; proposamen hibridoa da, gure buruei galdetu deiotsagun gainerakoen aurrean zelan agertzen garen, hareei zelan begiratzen deutsegun eta zelan sortzen ditugun gure loturak pantailak bitarteko diran mundu honetan. Filma eremu anbiguoan dabil, inoiz ez baita argi geratzen zer dan egia eta zer irudikapena, zehaztu dau Porcelek. Zuzendari gazteak 24 urte zituala egin eban debuta Samantha Hudson: una historia de fe, sexo y electro-queer (2018) dokumentalaren eskutik. Garau Mallorcan jaio zan, 1997an, eta Bartzelonako Institut del Teatre-n egin zituan ikasketak. Haren eretxiz, -La carn- filmak gorputza konsumora eta Interneten scroll mugabakora entregau izana erakusten dau eta asmoa da bakardadearen deskribapen latza baina ederra egiteko, eta online sexuaren bidez, maitasuna eta konpainia bilatzeko.
La Carn filmaren erabateko estreinaldia Tallingo (Estonia) Black Nights Film Festival zinemaldian izan zan. Aurtengo martian, Espainian lehenengo aldiz Malagako 29. Zinemaldian ikusi zan, eta horretan lehenago adierazitako Biznaga biak irabazi zituan. Hainbat zinemalditan izan da, besteak beste, Atlàntida Mallorca Film Fest zinemaldian –Film Balear Onenaren saria irabazi eban– eta Donostiako Zinemaldian –Made in Spain atalean–. Zinema-aretoetan estreinau aurretik, Dantzaldia 2026 jaialdiak Bilbora ekarriko dau gaur, hilak 12, emonaldi berezi baten eskutik, izan be, Bizkaian lehenengo aldiz ikusteko aukerea izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
