Mungiak 2027ko Herri Antzerkian parte hartzeko izen-emotea zabalduko dau
2026-11-10 11:57 KultureaHerriko historia ardatz izango dauen antzezlan kolektiboa sortzea da asmoa.
Mungiako Udalak 2027ko Herri Antzerkian parte hartzeko deialdia zabaldu dau. Datorren urtean bueltauko da herri-antzerkia, 1927an eregitako udaletxearen mendeurrenagaz bat eginez. Ekimenak Mungiako herri-antzerkiaren tradizinoa berreskuratuko dau, herriko historiako hainbat pasarte gogora ekarriko dituan antzezlan kolektibo baten bidez. Mungiarrak izango dira protagonista eta parte hartu nahi dabenek zemendiaren 15ean, 16an eta 17an emon ahal izango dabe izena, udaletxeko erakusketa gelan.
Herri Antzerkiaren buelteak hainbat belaunalditako mungiarrak oholtza gainean alkartuko dituan kultura mailan tradizinoari jarraipena emongo deutso. Mungiako historiari lotutako kontakizun, jazoera eta personaien bidez, antzezlanak herriko ondare historikoa eta kulturala balioan jarteko aukera eskainiko dau. Era berean, euskerearen erabilerea, herritarren parte-hartzea eta belaunaldien arteko alkarlana sustatu nahi ditu.
Proiektuak Mungiako bizimoduan arrastoa itxi daben aurreko esperientziak izango ditu erreferentzia. Horreen artean dagoz Mungia elizatea eta uria (2000), 200 lagun baino gehiago batu zituana; Lauaxetari eskainitako musikala (2005), 150 persona ingururen parte-hartzeagaz; eta Gure Etxea (2019).
Kontuak kontu, 2027koari esker, herritarrak kulturearen sorkuntzearen erdigunean jarteko ekimena berreskuratuko dau Mungiak.
Udalak herritarrak animetan ditu egitasmo kolektibo honetan parte hartu deien eta horretarako edade guztietako eta askotariko trebetasunak dituen personak behar dira. Deialdia antzeztu, abestu edo jantzan egin nahi dabenentzat eta jantzigintzan, ule-apainketan, makillajean edota antolaketan laguntza-lanetan ibili nahi dutenentzat be zabalik dago. Beraz, ez da beharrezkoa oholtzara igotea Herri Antzerkiaren parte izateko. Ekimenak hainbat modutan laguntzeko aukerea eskaintzen dau, eta trebetasun zein interes desbardineko personak alkartzea da asmoa. Holan, herriko alkarteen eta herritarren saretzea landuko da, danon artean eregiko dan kultur proiektuan.
Izen-ematea Mungiako udaletxeko erakusketa gelan egingo da, honako egun eta ordutegiotan:
● Zemendiaren 15ean: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00retara.
● Zemendiaren 16an: 18:00etatik 21:00etara.
● Zemendiaren 17an: 18:00etatik 21:00etara.
Lau ikuskizun Mungian eta Bilbon
Herri Antzerkia 2027 ikuskizunagaz disfrutetako lau egun dagoz: Lehenengo hirurak Olalde Aretoan izango dira, apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean eta 2an. Azken saioa, barriz, maiatzaren 9an izango da, Bilboko Euskalduna Jauregian.
Udaletxearen mendeurrena, beraz, antzerkia, memoria historikoa, kulturea eta herritarren parte-hartzea buztartzen dituan ekimena berreskuratzeko abiaburua izango da. Proiektu honen bidez, Mungiako Udalak herriko alkarteen saretzea landu eta indartuko dau, belaunaldien arteko hartu-emonak sendotu, euskerazko sorkuntzea bultzatu eta herritarrei Mungiako historia eta nortasuna balioan jarriko dituan antzezlan batean zuzenean parte-hartzeko aukerea eskaini.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
