Ohorezko mugarria entregauko jako Jakoba Errekondo Saltsamendiri

Bizkaie! 2025-11-20 07:46   Kulturea

2025eko Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak baditu sortzi finalista.

Jakoba Errekondo Saltsamendi. Erretratua: Jakoba Errekondo Saltsamendi. | Ikusi handiago | Argazki originala

Zemendiaren 26an izango da sari banaketa ekitaldia Andoainen eta han nortzuk diran aurtengo saridunak jakinarazoteaz gan, ohorezko mugarria be emongo jako Jakoba Errekondo Saltsamendiri. Errekondo agronomoa eta paisaia-atontzailea da eta urte luzez baratzearen kulturea eta landareen mundua zabaltzen ibili da euskeraz, ikuspegi sozial eta ekologikoa ardatz hartuta. Epaimahaiaren arabera, baratzea gure bizitzen erdigunera ekarri dau azken urteotan, bai rian bai landa-eremuetanErrekondoren dibulgazino-lana zabala eta moldakorra izan da. Ez dau mugatu irrati edo prentsako formatuetara, izan be, sare sozialak, podcastak, bideoak eta zuzeneko topaketak erabili ditu publiko zabalagoarengana heltzeko. Horregaitik, epaimahaiak azpimarratu dau komuniketako gaitasun berezia dauela eta belaunaldi ezbardinen artean interesa piztu dauela naturearen aurreko hartu-emonen inguruan.

Jakoba Errekondo ahots berezi hori ezaguna da Euskadi Irratian eta Argia zein Elhuyar aldizkarietan be argitaratu baititu artikuluak eta gogoetak. Gainera, hainbat liburu eta lan argitaratu ditu, tartean Olarriaga marrazkilariagaz egindako Bizi baratza.

Aurten ondokoak izan dira epaimahaian: Miren Berasategi Zeberio, Deustuko Unibersidadeko irakasle eta ikerlaria; Eneko Bidegain Aire, idazlea eta Mondragon Unibersidadeko irakaslea; Itxaro Borda, idazlea eta kazetari kolaboratzailea; Angel Erro Jimenez, idazlea eta itzultzailea; Pantxika Maitia, kazetaria; Libe Mimenza Castillo, EHUko irakaslea eta ikerlaria; Marta Lasa Goñi, mahaiburua eta Andoaingo Udaleko Euskerako zinegotzia; eta Arantza Aguado Perugorria, idazkaria eta Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.

Zortzi finalistak

Kazetaritza saria

  • Datuetatik tiraka, Goiena Komunikazino taldearen Saioa.
  • Mendez mende dabilen lanbidea garai barrietara egokitu guran Argia hedabiderako Jenofa Berrokoirigoinek sortutako erreportajea.
  • Ur Handitan. Palestina, gatazka amaigabea, Baleukok ETBrentzat produzidutako ikus-entzunezkoa.
  • Boiseko Jaialdiari buruz Nagore Arinek Berria hedabiderako sortutako dokumentala eta kronikak.

Komunikazio saria

  • Zurrunbilo, Elhuyarrek gazteen osasun mentalari buruz sortutako proiektua.
  • ULUA, Ulu Mediak gazteentzat sortutako hedabide digitala.
  • Erdalduntze makina, GUKA Euskaltzaleen mobimentuak Bilbon eginiko kanpainea.
  • ON.EUS ataria.

Eskerrik asko Ataun Irratia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu