Next Museum barritua martxan
2025-11-20 12:54 KultureaNi adimen artifiziala naiz erakusketea 2026ko apirilera arte egongo da ikusgai.
Espazio aurrendaria Deustun dago, eta 900 m² baino gehiagoko azaleran, proiekzino inguratzaileak, videomappinga eta errealidade birtuala jorratzeko modua izango da. Bihar, zemendiaren 21ean, ekingo deutso barriro jarduereari, Salt Lake City (AEB) eta Londres (Britainia Handia) urietan 100.000tik gora bisitari izan dituan erakusketa alkarreragile baten eskutik.
Erakusketea 2026ko apirilera arte egongo da ikusgai eta aukerea emongo dau barru-barrutik aztertzeko adimen artifizial batek zelan pentsetan eta funtzionetan dauen, izan be, asmoa da etorkizun teknologikorako erabagigarria dan momentu honetan bisitariak dudaz ganezka sartu baina erispide propioagaz urten daitezan proponiduten dan esperientzia didaktiko eta ludikoari esker.
Holan, jarduerea berrabiarazo dau, kudeatzaile barriagaz eta sartze-esperientzietan aurrendaria dan planteamenduagaz. Uriko hirugarren museorik bisitatuena bazan be (Guggenheim Bilbao Museoaren eta Arte Ederren Museoaren ondoren), Next Museum Bilbaok, ia sei hilabetean berregituratzen egon ondoren, gaur egungo kontu korapilatsuak eta interes sozialeko gaiak jorratuko dituen erakustaldiak atontzea erabagi dogu adierazo dau Next Museum Bilbaoko egungo kudeatzaile Javier Gómezek gaur goizean hedabideen aurrean egindako aurkezpenean. Holan, Bilboko museoa ezagutzak zabaltzea helburu dauen sartze-zentro lez agertzen da, kultura digitalaren, zentzumen anitzen eta esperientzian oinarrituriko jardueren bidez. Beraz, teknologia, sormena, artea eta kontzientzia kritikoa buztartuta, ikusleak animetan ditugu egungo eztabaida mamintsuetan buru-belarri parte-hartzeko, zehaztu dau Gómezek.
Next Museum Bilbaok etapa barriari ekiteko atondutako lehen erakusketea aurrerantzean eskainiko ditugun erakusketen benetako paradigmea da. -Ni adimen artifiziala naiz-, bihartik 2026ko apirilera arte ikusgai egongo dana, sekulako sartze-esperientzia da, eta dagoeneko 100.000 bisitari baino gehiago txunditu ditu. Erakukestea Flow Productions eta High Files nazinoarteko estudioek diseinau dabe eta Sebatiano Vitale italiarra dau komisario (Tommaso Rinaldi eta Riccardo Franco-Loiri artista bisualagaz batera zuzendari artistikoa be bada). Erakusketea ez da teknologiari buruzko erakusketa hutsa: AAri berari emoten deutso garrantzia. Esangura horretan, 360ºko proiekzino erraldoein, instalazino alkarreragileen, zentzumen-ingurune inguratzaileen edo errealidade birtualeko esperientzien bidez –belaunaldi barriko beste erakusketa-teknologia batzuen artean–, ikusleak adimen artifizialaren buruaren barruan sartuko dira, zelan pentsetan dauen, zelan ikasten dauen eta zelan irudikatzen dauen jakiteko, adierazo dau komisarioak.
Javier Gómez eta Sebastiano Vitale
Ni adimen artifiziala naiz erakusketan informazinoa, zientzia eta artea buztartu dira, AAren kontzeptu abstraktua esperientzia ikusgarri bihurtzeko, ikuslea behatzaile eta parte-hartzaile izango dalarik. Bisitaldia atariko didaktiko bategaz hasiko da, teknologia haren testuinguruari eta jatorriari buruzkoak lantzeko. Ondoren, monitore eta ispiluakaz anplifikautako proiekzino batera helduko da. Momentu horretatik aurrera, abentura alkarreragilea hasiko da. Bisitariek ibilbide mardula izango dabe aurretik: arpegiak ezagutzeko jarduerak (erakutsiko deuskue AAren eraginpean segundo batzuez jarri ondoren harek gutaz jakin leikena), adimen artifizialaren barrua irudikatzen dauen gela bat (bisitariaren presentzia detektauko dau, Kinect teknologiari esker eta bisitariak eta AAk alkarri eragingo deutse).
Erakusketearen jarduera nagusia Next Museum Bilbaoko areto nagusian izango da. Hormetan eta behearen gainean pantailak dituan 300 m² baino gehiagoko eremu horretan, 360º izenekoen ikus-entzunezko esperientzia eskainiko da. 25 minutuz, bisitariek adimen artifizialak bere burua kapituluka azaltzen dauen autobiografia ezagutuko dabe, Vitalek laburbatu dauenez.
Gainera, ibilbidean zehar, artifizialki sortutako irudiak, naturala eta gizatiarra oinarri dituenak, erakutsiko dira, manipulazino genetikoaren bidez ezinezko hibridazinoak zelan sortzen diran ikusteko.
Next Museumeko zinema-aretoan amaituko da bisitea. Proiekzinoetarako eremua da eta, Burano Artificial Intelligence Film Festival - BAIFFen laguntzea dau.
-Ni adimen artifiziala naiz- erakusketeak proponiduten dauen sartze-narratibako bidaia horren eskutik, gaiaren inguruan danon desio, kontraesan eta bildurrak argi, soinu, mobimentu eta informazino bihurtu gura izan ditugu, laburbatu dau Vitalek.
-Ni adimen artifiziala naiz- erakusketeagaz, Next Museum lurraldean errotutako espazio bizi lez birsortu da Bilbon, adierazo dau Gómezek, bertoko museoa, teknologiaren, entretenimenduaren eta instalazino digitalen bidez hezi eta hausnarketea sustatuko dauena; erakundeakaz, eragileakaz eta ikastegiakaz lankidetzan ibili nahi dauen museoa; Bilbon kokatutako gure lehen museo horretatik abiatuta, museo-eredu barria, epe ertain eta luzera, Estaduko edota atzerriko beste herri batzuetara eroateko museoa.
Erakusketea bisitetako sarrerak feverup.com webgunean dagoz salgai 13 euroan (+ gastuak). Ibilbide osoa egiteko 60 minutu inguru behar dira baina bisitariek erabagiko dabe zenbat denpora emon fase eta areto bakotxean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
