Umeek hartu-emon osasuntsuak eta kudeaketa emozionala izateko eskubidea aldarrikatu dabe

Bizkaie! 2025-11-21 09:39   Kulturea

Gernikako Batzar Etxeak Bizkaiko 10 ikastetxetako ikasleen ordezkariak batu ditu.

Gernikako Batzar Etxeak Bizkaiko 10 ikastetxetako ikasleen ordezkariak batu ditu, Osoko Txikiaren zortzigarren edizinoan, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta UNICEFeko Euskadiko Batzordeak, Umeen Nazinoarteko Egunaren barruan, alkarregaz atondu daben Ezohiko Batzarra.

Zuen Balioak Lau Haizeetara 2025 eta Harreman interpertsonal osasuntsuak eraikitzen izenpean, ikasleek euren ahotsa altzau dabe hezkuntzearen bidez garapen osorako eskubidea aldarrikatzeko, Umeen Eskubideei buruzko Konbenzinoaren 29. artikuluak jasoten dauen lez. Topaketea, Konbenzinoa sinatu zanetik 36 urte bete diranean egin da.

Lurralde Historikoko Bigarren Hezkuntzako ikasleek adierazo dabe hezkuntzak bizitearako prestau behar dituala: besteak ulertzeko, gure emozinoak kudeatzeko eta hartu-emon osasuntsuak eregiteko. Hartu-emon osasuntsuen eta kudeaketa emozionalaren alde izenburuko dekalogoan adierazotako azken aldarrikapenak ikaskuntza mueta hori lehenesteko eskaera argiak egiten deutsez gizarteari eta erakundeei.

Hautatutako ikastetxeetako ikasleek irakurri daben dekalogoaren hamar puntuen artean nabarmentzen danez, gazteek ez ditue kontrola, jeloskortasuna eta manipulazinoa onartukobardintasuna eta askatasuna defendiduko doguz hartu-emon guztietan, dino testuak. Beste puntu batean ondokoa aldarrikatzen dabe: laguntza eskatzea ez da ahulezia, ausardia baino; alkar jagongo dogu eta eskolak ikasteak sentidutea be esan gura dauen espazioa izan behar dau.

Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak ondoetorria emon deutse ikasleei eta balioan jarri dau ikastetxeek 29. artikuluaren inguruan egin daben lana, balioetan heztearen garrantzia azpimarratuz: artikulu horrek gogorarazoten deusku heztea ez dala matematika edo historia ikastea bakarrik, baita persona aske, kritiko, solidario eta arduratsuak izaten ikastea be. Lan egin dozue, eztabaidatu dozue, entzun dozue eta akordioak topau dozuez, hemen, Batzar Nagusietan, egiten dogun lez. Hori da demokraziaren funtsea: alkarregaz berba egitea, errespetetea eta erabagitea.

Joseba Madariaga Ibarra Unicefeko Euskal Autonomia Erkidegoko Batzordeko presidenteak nabarmendu dauenez, gure erakundeak parte-hartze prozesuak eragineko ikuspegiagaz bultzatzen ditu, hau da, umeen eta nerabeen proposamenak kontuan hartuta eurei eragiten deutseen gaietan eta eremuetan. Holan, gure ustez, parte-hartzean heztea funtsezkoa da, parte hartuz apurka-apurka bizitza sozialean, kulturalean, lanekoan eta politikoan lankidetza aktiboa izateko beharrezkoak diran erantzukizunak eskuratzen diralako. Hori dala eta, Bizkaiko Osoko Txikiaren moduko ekimenek umeei, txiki-txikitatik, hegalak eskaintzen deutsez persona lez hazteko eta garatzeko, inguruan daukien mundua hobetzeko taldean lan egiteko erespideagaz, erantzukizunagaz eta borondateagaz.

Ekitaldi nagusia, ikastetxeetako 10 ordezkarik, Batzar Nagusietako Lehendakariak, UNICEFen Euskal Herriko Batzordeko Presidenteak eta Batzar Nagusietako bost taldeetako ordezkariek egin daben Adierazpenaren sinadurea izan da. Osokoa amaitu ostean, jardunaldiari amaierea emoteko, ikastetxe bakotxeko ordezkari batek Foru parlamentuaren Ohorezko Liburuan sinatu dau.

Parte hartu daben ikastetxeak

Zortzigarren edizino honetan Bizkaiko ikastetxe honeetako Bigarren Hezkuntzako 700 ikasle inguruk hartu dabe parte:

  • Antzinako Andra Mari (Urduña).
  • Askartza Claret (Leioa).
  • Mungia BHI institutua (Mungia).
  • Ikasbide Ikastetxea (Bilbo).
  • Lauro Ikastola (Loiu).
  • Karmengo Andra Maria (Portugalete).
  • San Antonio Ikastetxea (Durango).
  • San Felix Ikastola (Ortuella).
  • San Pelaio Ikastetxea (Ermua).
  • Urretxindorra Ikastola (Bilbo).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu