Esther Ferrer Katedra martxan jarriko dau Etxepare Euskal Institutuak
2025-11-21 07:48 KultureaSorkuntzarako topagune izango da, hizkuntzea, artea eta pentsamendua buztartuko dituana.
150 bat lagunek hartu dabe parte zemendiaren 19tik 20ra, Etxepare Euskal Institutuaren 15. urteurren ekitaldien barruan, ‘Hizkuntza gutxituak testuinguru frankofonoan’ Sorbonne eta Sorbonne Nouvelle unibersidadeetan atondutako nazinoarteko kongresuan.
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ekin deutso jardunaldi bakotxari eta bertan azaldu dau jardunaldi honeek akademikoak eta Euskadi Global ikuspegia islatzekoak dirala: mundura edegitako herria gara, gure hizkuntzea eta kulturea beste batzuekaz sarean jarten dogu, identidae edegia eta partekatua eregiz. Esangura horretan lehendakariordeak azaldu dau datorren ikasturtean Sorbona Unibersidadean Euskal ikasketen Esther Ferrer Katedrea martxan jarriko dauela Etxepare Euskal Institutuak: Katedra hau alkarrizketarako eta sorkuntzarako topagune izango da, hizkuntzea, artea, pentsamendua eta esperimentazinoa buztartuko dituana, azaldu dau.
Biltzarrean bederatzi unibersidadeko 20 bat hizlarik hartu dabe parte eguaztenetik eguenera arteko kongresuan, frankofoniaren eremuan berbaera gitxituek egun dituen erronken inguruan hausnartzea helburu dauena.
Lehendakariordeagaz batera, Capucine Boidin-Caravias Sorbonne Nouvelle unibersidadeko ikerketa batzordeko buruordea eta Béatrice Perez Sorbonne unibersidadeko Letren Fakultadeko katedradunagaz batera, hurranez hurran.
Horrezaz gan, Etxepare Euskal Institutua munduan euskal nortasunaren adierazle dala nabarmendu dau Bengoetxeak, Euskadik nazinoarte mailan dauen euskerearen eta kulturearen eragilerik behinena baita, haren esanetan: nazinoartean parte hartzea ez da soilik proiekzino bat: komunidade global baten kide izatea da, balioetan eta alkartasunean oinarritutako komunidade baten kide, esan dau Bengoetxeak.
Euskerea abiapuntu eta inspirazio-iturri hartuta, eremu frankofonoko hizkuntza gitxituen arteko alkarrizketeari emon deutse bide lehendakariordearen berbek. Zehatz, hiru mahainguru eta berbaldi nagusi bi izango ditu hitzorduak, eta aztergai diran hizkuntza horreen itzulpen, transmisino eta autortza-dinamikei buruz eztabaidatzen dabiz, baita hareen eskubideen autortzeari buruz be.
Esther Ferrer Katedra Sorbonan
Ibone Bengoetxea lehendakariordeak nabarmendu dauenez, Esther Ferrer Katedra mugarri garrantzitsua izango da euskerarako eta euskal kulturarako. Sorbona Unibersidadean sortzeak haren zilegitasun akademikoa sendotzen dau eta nazinoarteko proiekzinoa indartzen.
Katedreak euskerearen eta euskal kulturearen ikerketa akademikoa bultzatzeaz gan, artea, pentsamendua eta sormena buztartzen dituan espazio inspiratzailea izango da. Hurrengo ikasturtean, Etxepare Euskal InstitutuaK munduan zehar 33 irakurletza, 13 katedra eta 3 ikerketa programa martxan izango ditu.
Nazinoarteko jardunaldiak
Lehen jardunaldiak hitzaldi eta mahainguru bana hartu zituan Sorbonne Nouvelle unibersidadean. Berbaera gitxituetako itzulpena abiapuntu hartuta, itzulpen-politikak eta -praktikak aztertu zituen lehen eztabaida-zatiak, hizkuntza horreek ikusarazo edo baztertzeko tresna lez. Besteak beste, bretoieraren kasua izan Eben berbagai, hor itzulpen askok balio sinboliko handiagoa dabe funtzionala baino; edota Guyana frantseseko hizkuntza indigenen egoerea, “Frantziako hizkuntza” lez autortuak izan arren, oraindino interpretazino eta informazino publiko zerbitzu falteari aurre egin behar deutsenakk, bazterketea eraginez eta herritartasun sentimendua ahulduz. Era berean, euskeratik frantseserako literatura-itzulpena be aztergai izan eben, hizkuntza gitxitu baten eta hegemoniko baten arteko asimetriaren adibide lez, Ipar Euskal Herrian euskerearen auziak dauen bilakaerea gopgoan hartuta.
Lehen jardunaldia osotzeko, Sciences Po Bordeaux zentroko ikerketa-zuzendari Xabier Itçainak ‘Hizkuntza(k), kultura(k) eta lurraldea: Iparraldeko gizarte zibilaren mobilizazinoen errepaso historikoa’ osoko bilkurea aurkeztu eta ondoren, Baionako Euskal Museoko zuzendari Sabine Cazenavek zarratu eban jardunaldia, ‘Linguae Vasconum Primitiae’ liburuari buruzkoak gogora ekarrita.
Sorbonne unibersidadean egiten dabizan jardunaldian, barriz, lehendakariordearen agurraren ondoren, hizkuntza minorizatuei buruzko transmisinoaz, bereganatzeaz eta birjaubetzeaz dabizen eztabaidan izan dira Raquel Gómez Pintado, Ralph Ludwig, Aitzpea Leizaola eta Céline Mounole ikerlariak, eta beste horrenbeste aditu ibiliko dira —Cécile Rousselet, Myriam Bergeron-Maguire, James Costa eta Eguzki Urteaga— hizkuntza minorizatuen instituzionalizazinoaren erronkak aletuko dituan mahainguruan, kongresua zarratuz. Barriketaldi hori baino lehen, Philippe Blanchet Rennes 2 unibersidadeko katedradunak hizkuntza-eskubideen inguruko osoko bilkurea eskaini dau.
Sare akademikoa ehuntzeko kongresua
Hizkuntza-aniztasunari jagokon hausnarketa-gune honek Etxepare Euskal Institutuak Sorbonne Nouvelle eta Sorbonne unibersidadeakaz abiatutako lankidetzan sakontzen dau, izan be, goi-mailako ikasketa-zentro bi horreetan hamarkada bat baino gehiagoko bidea urratu dabe euskal ikasketek eta era honetako topaketa batek sendotu egiten dau Etxepare Euskal Institutuak orain arte nazinoarte mailan euskereagazko eta euskal ikasketakazko hartutako konpromisoa.
Holan, Esther Ferrer Katedrea sortuko dau Etxepare Euskal Institutuak Sorbonne unibersidadean. Euskerearen eta euskal kulturearen ikerketa akademikoa Pariseko unibersidade publiko horretan bultzatuko dauen espazioak Euskal Herriko artistearen izena daroa eta hizkuntzea, artea, pentsamendua eta esperimentazinoa buztartuko ditu. Esther Ferrerrek bere lan artistikoa performancearen, eskulturearen edo instalazinoen esparruan garatu dau eta bere produkzinoak nazinoarteko hainbat galeriatan eta jaialditan erakutsi dira, besteak beste, Arte Plastikoen Velazquez Saria jaso eban bigarren emakumea izan zan Ferrer, bai eta Espainiako Arte Plastikoen Saria 2009an eta Ikus Arteen Emakumeen Saria jasotakoa be, 2014. urtean. Lehendakariordearen eretxiz, 'katedra barriaren izena askatasunaren, sormenaren eta mugak gainditzeko ausardiaren ikurrari zor deutso'.
Aurten 15 urte bete dira Etxepare Euskal Institutuak bere jarduereari ekin eutsonetik eta urteurren hori ospatzeko atondutako ekitaldien barruan kokatzen da nazinoarteko kongresu akademikoa. Ospakizun ekitaldi nagusia, baina, bezperan egin zan, Frantziako Liburutegi Nazionalean (Bibliothèque nationale de France, BnF), Imanol Pradales lehendakaria buru zala. Bertan izan ziran politika, erakunde eta kulturako ordezkari ugari, bai eta Parisen bizi diran euskal diasporako kideak be. Urtemuga-ekitaldi nagusia bertan ospatzeko arrazoia da Frantziako Liburutegi Nazionalean dagoala euskarazkoetan lehenengo dan ‘Linguae Vasconum Primitiae’ liburuaren ale bakarra, Bernat Etxeparek idatzia eta 1545. urtean Bordelen inprimidutakoa. Egun Baionako Euskal Museoan erakusgai dago, urtarrilaren 11ra are.
Holan BnFko ospakizun-ekitaldia zein Sorbonne Nouvelle eta Sorbonne unibersidadeetan tondutako nazinoarteko kongresua Etxepare Euskal Institutuak sortutako Ça colle au basque egitasmoaren barruan kokatzen dira, euskerea eta euskal sorkuntzearen proiekzinoa frankofonian sendotzea helburu dauena, Euskal Herriaren eta frantses berbaldun komunidadearen arteko kultur eta akademia-lankidetzea sustatuz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
