Kaleka 2026k herritarren parte-hartzea eta sorkuntza garaikidea buztartuko ditu

Bizkaie! 2026-06-12 12:10   Kulturea

Garagarrilaren 3tik 5era Lekeition.

Lekeitioko Kale Arteen Jaialdiak lau arlo nagusi izango ditu:

  • Kaleka Programa Ofiziala (kalea sorkuntza artistikorako espazio eta euskarri legez erabilten daben ikuskizun eta esku-hartzeak batuko ditu).
  • Kaleka Scratch (sortze-prozesuan dagozan lanak aurkeztuko ditu. Ikuskizunen erakustaldiez gan, artistek eta ikusleek alkarregaz hausnartzeko eta feedbacka konpartiduteko espazioak sortuko dira, tailer eta topaketen bidez).
  • Kalekaz Blai (urte osoan zehar herrian jorratzen diran prozesu artistikoak eta parte-hartze ekintzak batuko ditu, jaialdiaren presentzia hiru egunetatik harago zabalduz eta herritarrakaz lotura iraunkorra eregiz).
  • Kalekari (aurten, Moveo konpainiaren Ballar Sol És Un Pal ikuskizun parte-hartzailea izango da ekimen nagusietako bat, ikusleak sorkuntza-prozesuaren parte aktibo bihurtuz, kaleak herriko espazio publikoetara hurbiltzeko eta herritarren parte-hartzea sustatzeko helburuagaz).

Hiru egunetan zehar, Lekeitioko kale eta plazak arte eszeniko garaikideen agertoki bihurtuko dira. Antzerkia, zirkoa, jantza garaikidea, instalazino artistikoak, tailerrak eta prozesu sortzaileen erakustaldiak izango dira protagonista, herriko gune ezagun zein ezezagunetara artea eroanez.

Nazinoartekoak eta hemengoak

Aurtengo edizinoan 10 ikuskizun izango dira eta parte hartuko daben konpainia eta artistak deialdi edegi baten bidez hautatu dira. Dnetara, 177 proposamen inguru aurkeztu dira edizino honetarako.

Jaialdian izango dira honako konpainia eta sortzaileak: Berceurs du temps (Kanada), Circ Vermut eta Mumusic Circus (Katalunia), Desprovistos (Andaluzia), Haatik eta Bitsa Konpania (Euskal Herria), Bruboc (Italia), Quase Cia (Brasil), Compagnie Bivouac (Frantzia) eta Moveo (Katalunia).

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu