Aurten 276 lan aurkeztu dira, diseinu grafikoko profesionalek eta amateurrek eginak
2026-06-12 08:06 KultureaHerritarrek bagilaren 15etik 21era aukeratu ahal izango dabe kartel gustokoena.
Bilboko Udalak dagoeneko emon ditu ezagutzera 2026ko Aste Nagusiko Kartel Lehiaketako sei lan finalistak. Lan horreek Bilboko Aste Nagusiko jaien irudi ofizial bihurtzeko lehiatuko dira, abuztuaren 22tik 30era bitartean ospatuko diran jaiak iragarteko.
Hautatutako proposamenak beren sormenagaitik eta Aste Nagusiaren berezko jai-giro parte-hartzailea transmitiduteko daben gaitasunagaitik nabarmendu dira. Izan be, Aste Nagusia uriko kultur eta gizarte-egutegiko ekitaldirik adierazgarrienetako bat da.
Ondokoak dira sei kartel finalisten izenburuak:
- Bilbo eskutan.
- Zoriona.
- ¡Qué rule Marijaia!.
- Los retazos de Marijaia.
- En volandas.
- Un abrazo azul para Bilbao.
Aurten 276 lan aurkeztu dira, diseinu grafikoko profesionalek eta amateurrek eginak.
Hasierako hautaketea egiteko, honako honeek osotutako epaimahaia batu da: Itziar Urtasun, Jai Batzorde Mistoko presidentea eta Bardintasun eta Jaietako zinegotzia; Asier Abaunza eta Eider Bilbao zinegotziak, Susana Alaguero Alde Zaharreko Merkatarien Alkarteko presidentea, Laura Marchante kultura kudeatzailea, Bego Elexpe argazkilaria, Andoni Calvo kazetaria, Iraide Eguia Logoritmoko diseinatzailea eta Bilboko Konparsen ordezkari bat. Aurten, epaimahaiak Borja Sanz Deustuko Unibersidadeko Injinerutza Fakultadeko doktorearen aholkularitzea be izan dau, Adimen Artifizialaren erabilereari jagokonez.
Epaimahaiak hainbat erispide hartu ditu kontuan, besteak beste, lanen kalidade artistikoa, proposamenen originaltasuna eta jaiak definiduten dituen bizikidetzea, aniztasun eta inklusino balioak irudikatzeko daben gaitasuna.
Botazinorako sistema mistoa
Herritarrek bagilaren 15etik 21era izango dabe kartel irabazlea aukeratzeko aukerea:
Online botazinoa Bilboko Udalaren webgunearen bidez egin ahal izango da.
Aurrez aurreko botazinoa Ibaiondoko Udaltegian egingo da, La Bolsa eraikinean (Pilota kalea, 10). Bertan kartel finalistak ikusgai egongo dira, eta astelehenetik barikura botau ahal izango da, 08:30etik 14:00etara. Parte hartzeko, nortasuna egiaztatzen dauen dokumenturen bat aurkeztu beharko da (NANa, gidabaimena edo antzekoa).
Ondoren, epaimahaia barriro batuko da azken balorazinoa egiteko.
Edizino honetan, herritarren botoek (online zein aurrez aurre emondakoek) %35eko indarra izango dabe; gainerako % 30 epaimahaiaren erispideari jagoko.
Kartel irabazlea bagilaren 24an emongo da ezagutzera, eta haren egileak 3.000 euroko diru-saria jasoko dau. Hautatutako lana 2026ko Aste Nagusiaren irudi ofiziala izango da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
