‘On Being Human’ Bilbon
2026-06-11 08:26 KultureaBagilaren 16tik aurrera bisitau ahal izango da Mazarredo 33ko espazioan.

Alkar Contemporary arte-bildumeak bagilean edegiko dau du publikoarentzat Bilbon dauen egoitzea, eta bertan, lehenengo aldiz, hamarkada bitik gorako ibilbidean osotutako arte garakideko bilduma pribatuaren hautaketa bat aurkeztuko dau. Erakusketeak Euskal Herriko, estaduko zein nazinoarteko 53 artistaren lanak jasoko ditu. Denporearen porasuz, proiektuak bildumako artelanen aukeraketa bereziak eskainiko ditu, obren aurreko nahiz artisten aurreko hartu-emon zuzenak erraztuko dituan erakusketa-programea atonduz.
Inaugurazinoko erakusketea, On Being Human da, Kader Attia, Christian Boltanski, Miriam Cahn, Marlene Dumas, Tracey Emin, Nicolas Party, Elizabeth Peyton, Thomas Schütte, Wolfgang Tillmans eta Kara Walker eta euskal testuinguruari lotutako Elena Aitzkoa, Angel Bados, June Crespo, Jon Mikel Euba eta Pello Irazu, Sahatsa Jauregiren eskutik.
Bagilaren 16tik aurrera bisitau ahal izango da Mazarredo 33ko espazioan. Horretarako, izena aldez aurretik emon behar da bisita gidatuetan parte hartu nahi izan ezkero, www.alkarcontemporary.com webgunean zehaztuten dira pausu guztiak. Bisitak martitzenetan goizean eta eguen arratsaldetan egingo dira, euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Proiektua arte garaikidea eta artistak publikoari hurbiltzeko asmoz sortua da, hainbat hamarkadatan garatutako bildumagintza-jarduereari jarraipena emonez.
Alkar Contemporary orain hogei urte baino gehiago sortu eben Yolanda Zugazak eta Fernando Arriolak, eta egun 280 artistaren 550 lan baino gehiago batzen ditu, hainbat diziplinatakoak: pinturea, eskulturea, argazkilaritzea, bideoa eta instalazinoa.
Euskal testuinguruan sustrai argia dauka baina bildumearen adarrak estadura eta nazinoartera be zabaldu dira, arte garaikidean giltzarri diran Miquel Barceló, Georg Baselitz, Louise Bourgeois, Olafur Eliasson, Anselm Kiefer, Alice Neel eta Sean Scully artisten lanak karrera erdiko artistakaz, ahots emergenteakaz eta Euskadiri lotutako izenakaz buztartuz, berbarako Txomin Badiola eta Eduardo Chillida.
Estaduko bilduma pribaturik garrantzitsuenetakotzat joten dabe sektoreko hainbat esparrutan, eta 2025ean ARCO Fundazinoak emondako A Bildumazaletasunaren Saria jaso eban, orain arteko ibilbidearen eta Espainiako panorama artistikoari egindako ekarpena autortuz.
Adakar Artea Sustatzeko Fundazinoa
Zuzenbidean eta ekonomian trebatutako Fernando Arriola eta Yolanda Zugaza enpresariak dira proiektu honen bultzatzaileak, eta erregistretako prozesuan dagoan ADAKAR Artea Sustatzeko Fundazinoan sartuko da.
Hamarkada bitik gorako ibilbidean, bildumeak hartu-emon aktiboak izan ditu mailegu eta lankidetzen bitartez estaduko zein nazinoarteko erakundeakaz, Arte Ederren Museoa, Guggenheim Bilbao Museoa, Reina Sofia Arte Zentroko Museo Nazionala, Parisko Pompidou Zentroa eta Londresko Barbican Centre tarteko dirala.
Egoitza barria edegiteak bildumagintza-jarduerea kultura-konpromisotzat egituratu eta jarraipena emoteko borondateari erantzungo deutso, dimensino publikoa eta egungo testuinguru artistikoan dauen integrazinoa indartuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
