Danok batELA
2026-06-09 07:59 KultureaELA gaixoei alkartasuna adierazoteko eguna Lekeition.
Datorren bagilaren 27an, Lekeition, alkartasunez eta konpromisoz betetako eguna izango da: Danok batELA ekitaldia. Jardunaldi honen helburu nagusia da ELA (Alboko Esklerosi Amiotrofikoa) gaixotasuna ikustarazotea eta, aldi berean, ikerketarako laguntza ekonomikoa eskuratzea.
ELA nerbio-sistemako gaixotasun neurodegeneratiboa da, mobimentua kontroletan daben neuronak pixkanaka hondatzen dituana. Horren ondorioz, giharrak ahuldu eta paralisi progresiboa jazoten dira. Gaur egun ez dau osabiderik, eta horregaitik, ikerketa eta gizartearen babesa oinarrizkoak dira aurrerapausuak emateko.
Egitaraua
Danok batELA ekimenak publiko guztiei zuzendutako egitarau zabala atondu dau.
Goizean, plazan, Salazoi Eguna izango da: antxoa pintxoak probau eta salazoia egiteko tailerrak izango dira. Plazako txoko batean Lekeitioko sareginak eta bolillo jostunak ikusgai izango dira. Horregaz batera, herriko kaleetan zehar, Estudiantinea, txistulariak, Kilin-kala abesbatza, Lekeitioko kantu tailerra eta Arratiako 11 Kantu ibiliko dira.
12:30ean Mikel Laboa Isuntza hondartzako horma-pinturearen aurrean danok batuko gara Txoria txori kantetako. Herri osoak izango dau horretarako aukerea.
Eguerditik aurrera Arragua umeentzako gunea izango da plaza erdian. Arropaineko Arragua kolektiboak hainbat sormen-olgeta eskainiko ditu.
Eskulanen Azoka Solidarioa be egongo da goizean zehar. Bertan, Lekeitioko RM Azkue Ikastoleak, Lekeitioko Herri Eskoleak, Ispasterko Eskoleak, Amorotoko Eskoleak, Eskolapeko bigarren eskuko azokeak, Mark eta Andreen eskulan tailerrek parte hartuko dabe. Azoka honek sormena eta alkartasuna buztartuko ditu.
13:00ean, plazan, Mikel Oses, Martin eta Jose Angel Lasa artistek sortutako arte performance ikusgarri baten estreinaldia izango da. BatELA, oinarria, borroka eta oreka izenburua dauen eskultura performatibo honek ekitaldiari dimensino artistikoa eta emozionala erantsiko deutsoz.
Arratsaldeko lehen orduetan, 14:00etan, zozketa erraldoi bat izango da. Aldez aurretik txartelak erosi dituenen artean 200 sari inguru banatuko dira. Zozketauko diran sariak Lekeitioko zein beste herri batzuetako merkatari, artisau, artista, alkarte, kirolari eta hainbat profesional eta enpresek emon ditue.
Arratsaldeko 16:00etan, XXVII Kilin Kala Uger Zeharkaldia egingo da. Parte-hartzaileek aukerea izango dabe modu solidarioan laguntzeko, kirolaren bidez be elkartasuna adierazoz.
18:00etan, barriz, Aittitta Makurra txarangea ibiliko da kalerik kale.
Musikea eta kulturea, alkartasunagaz bat
Arratsaldeko 19:00retatik aurrera, musikeak hartuko dau plazea. Lekeitioko 8 taldek gauerdira arteko kontzertu gogoangarria eskainiko dabe. Taldeak honako honeek izango dira: Marmara, Viva Bermut, Sara & Montxo, Nabil, Ziur Laters, Drunk Smile, Iñigito Txapelpunk eta The Honkies.
Eszenatokian Miren Agur Meabe idazleak testu berezi bat irakurriko dau, egunari keinu literarioa emonez.
Helburuak eta konpromisoa
Danok batELA ekitaldiak hiru helburu nagusi ditu: ELA gaixotasunari buruzko kontzientzia soziala handitzea, ikerketarako baliabide ekonomikoak batzea eta gaixotasuna daben personei eta euren familiei babesa eta ikusgarritasuna emotea.
Gure nahia da Lekeitio alkartasunaren erreferente bihurtze, eta herritarren parte-hartze aktiboaren bidez, ELAren kontrako burrukan pausu sendoak emotea. -Danok batELA- leloak argi adierazoten dauen lez, guztion indarra beharrezkoa da erronka honi aurre egiteko.
Atontze lanetan Aeroplano bi alkartea, Zakilixut kuadrillea eta Attitta Makurra Txarangea ibili dira. Lekeitioko Udalaren eta Bizkaiako Foru Aldundiaren babesa jaso dau.
Batelak Gara
Itsasotik ei gatoz, bizitea bertan sortu ei zan orain dala miloeka urte. Sortuz ta sortuz goaz aurrera, kilin-kalan, ziurbakotasunari eta oreka hauskorrari eutsi nahian. Itsasoan nabegatzen garen batela gara. Begiak zerumugan.
Baina inork ezin deutsu esan noiz arte, nora arte. Halako batean, galarrena, dana ilun, dana gau... errotik aldatzen jatzu bizitea. Gaixotasunak ez deutsu abant egiten ixten. Batelean ura sartzen da emaro.
Hondartzan hondoa jo dau. Itsasoratzeko esperantzara kondenauta. Indarra behar dozu eta ttakun-ttakun txalapartearen erritmora lantzerik burrukan hasten zara. Ezin dozu instant bat be galdu. Bizitea da handiena esaten deutsazu zeure buruari.
Urtero Euskal Herrian 50 lagun diagnostiketan ditue ELA gaixotasunagaz. Danetara, 500 bat dagoz zazpi lurraldeetan.
Muskuluak, giharrak gero eta dardartiago, ahulago... Bueltarik bako bidaian dzanga egin dozu. Zure komunidadeagaz bat egin dozu eta danok batera arraun egingo dogu. Eskuz esku, bogadaz bogada...
Joseba Sarrionandia poeteak inoen bezela: Ikusten da porturik? Ez da ikusten baina imajinetan dogu. Imajinatzen dogu eta haruntz goaz arraunean.
- Jantzaria: Garazi Etxaburu.
- Ahotsa: Karmele Jaio.
- Musikea: Mikel Laboa - Xabier Lete: Izarren Hautza.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
