2025eko R.M. Azkue Literatura Sarietan barruko gatazkak eta gai sozialak nagusi
2026-06-12 13:23 KultureaDanetara, 412 lan aurkeztu dira.

Epaimahaikideek nabarmendu dabe lan horreetan barruko korapiloak eta gai sozialak jorratu dirala zehatz (jazarpena, gerra, maitasuna, adiskidetasuna, identidadea, etxebakoak...).
A mailan (10 eta 13 urte bitarteko gazteen saila) Alatz Nazabal —narrazinoan— eta María Aguirre —poesian— nagusitu dira; B mailan (14 eta 17 urte bitartekoak) Maddi Lakasta izan da irabazlea narrazinoan.
Aurten be, Oiartzungo Haurtzaro ikastolea izan da lanik gehien aurkeztu dauen ikastetxea, eta sari berezia jaso dau horregaitik.
Euskaltzaindiak eta BBK Fundazinoak 2025eko Resurrección Maria Azkue Literatura sariak banatu ditue gaur Euskaltzaindiaren egoitzan. Sariak emoteko ekitaldian, Jabier Kaltzakorta eta Patxi Zubizarreta epaimahaikideakaz batera izan dira Erramun Osa Akademiako idazkariordea eta Miren Agur Meabe Euskaltzaindiako idazkaria.
Miren Agur Meabek hauspoa emon deutsee idazle gazteei bere sarrerako berbaldian. Irabazleak, irakasleak eta epaimahaikoen lana goraipatu ostean, literaturearen onurak aletu ditu, berak bizi izandakoak: literaturea sare bat dala esan dau, mundu konplexu honetan gugan eragina daben errealidadeak harrapatzen saiatzen dana; zubi bat be bada, beste aldean bateren bat topetako esperantzan eregiten dogun zubi bat; linternea be bada, gure pentsamenduen labirintoan erabat ilunpean ez geratzeko oratzen doguna; utopietan aldez edo moldez partidea jokatzeko aukerea emoten deuskun tiketa be bada; memoriaren artxibategia, ezen gure idazkietan gure bizitea jasoten dogu; ispilua da, erradiografia, kaleidoskopioa... Beste gauza asko be bada literaturea, baina Miren Agur Meabek gogorarazo deutse idazle bakotxak mamitu behar dauela bere definizino propioa. Ondoren, aurrerantzean jorratu beharreko bidea erakutsi deutse idazle gazteei: liburu onak irakurri, idatzi eta idatzi, autokritikoak izan, eta ez etsi inoiz. Hortxe eskarmentu handiko idazle baten aholkuak.
Akademiak eta BBK-k 1991tik atontzen dituen sari honeek idazle gazteak literatura mundura erakartea dabe helburu nagusi. Genero bi saritzen dira Azkue sarietan: narrazinoa eta poesia. Genero bakotxak maila bi ditu: A mailea (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat) eta B mailea (14 eta 17 urte bitartekoentzat).
Urtero bezela, aurten be literatura eremuko persona adituak izan dira epaimahaian, Euskaltzaindiak izentautakoak. Ondokoak izan dira aurtengo epaimahaikideak:
- A mailan: Igone Etxebarria, Jabier Kaltzakorta eta Manu López Gaseni.
- B mailan: Castillo Suárez, Patxi Zubizarreta eta Garbiñe Ubeda.
A Mailako Sariak
Narrazinoak
- Lehen saria: Egunerokoa (Alatz Nazabal / Haurtzaro ikastola, Oiartzun, Gipuzkoa).
- Bigarren saria: Erantzuna jasotzeko esperantza (Irati Zabalo / Haurtzaro ikastola, Oiartzun, Gipuzkoa).
- Hirugarren saria: Ez zara bera bezalakoa (Malen Vallejo / Haurtzaro ikastola, Oiartzun, Gipuzkoa).
Olerkiak
- Lehen saria: Pasillotik isiltasuna (María Aguirre / Armentia ikastola, Gasteiz, Araba).
- Bigarren saria: Zer da zuretzat laguntasuna? (Noa Zabalegi / Haurtzaro ikastola, Oiartzun, Gipuzkoa).
- Hirugarren saria: Irribarrea (Izar Urretagoiena / Oianguren BHI, Ordizia, Gipuzkoa).
B MAILAko sariak
Narrazinoak
- Lehen saria: Kartoizko oheak (Maddi Lakasta / Biurdana BHI, Iruñea, Nafarroa).
- Bigarren saria: Amaitzearen hori (Kattin Madariaga / Toki Ona BHI, Bera, Nafarroa).
- Hirugarren saria: Isiltasunaren pisua (Alaa El Ablaoui / Miguel de Unamuno BHI, Gasteiz, Araba).
Olerkiak
- Lehen saria: Wendigo (Araitz Martinez / Oianguren BHI, Ordizia, Gipuzkoa).
- Bigarren saria: Haizea (Liher Larrea / Haurtzaro ikastola, Oiartzun, Gipuzkoa).
- Hirugarren saria: Zuen islak nigan (Amaia Sarasola / Beasain BHI, Beasain, Gipuzkoa).
Idazle, kazetari eta bertsolariak irabazleen artean
Resurrección María Azkue saria, berez, 1975ean sortu eban Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalidadeetan, eta 1990 arte iraun eban. Urte hareetan, ez zan gaztetxuentzako saria izan, helduentzakoa baino, eta gaur egun oso ezagunak ditugun hainbat idazle eta ikertzailek jaso eben saria. Beste horrenbeste jazo da 1991tik aurrera atondutako sariakaz be; egun ezagunak diran Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edo Urtzi Urrutikoetxea idazle, bertsolari eta kazetariek eskuratu izan dabe saria.
Azkue Sarietara aurkeztutako lanen kopurua (2009-2025)
2009 (219) / 2010 (217) / 2011 (157) / 2012 (167) / 2013 (173) / 2014 (75) / 2015 (88) / 2016 (175) / 2017 (151) / 2018 (135) / 2019 (568) / 2020 (353) / 2021(526) / 2022 (463) / 2023 (374) / 2024 (574) / 2025 (412)
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
