Persona guztientzako kultura eskubideak aldarrikatu ditu Gertu Kulturak

Bizkaie! 2026-06-10 07:45   Kulturea

Bizkaian hasitako bidearen lehen urteurrenean egindako jardunaldian.

Arrizabalaga, Antxustegi, Domingo, Sarasola eta Font © Gorka Martínez | Ikusi handiago | Argazki originala

Kulturea zeurea da. Zure eskubidea da lelopean, zaurgarritasun egoeran edo gizarte bazterketa arriskuan dagozan personen kulturarako sarbideari eta parte-hartzeari buruz hausnartu da BBK Salan egindako jardunaldian. Erakundeetako ordezkariek, kultura arloko profesionalek, gizarte eragileek, giza eskubideetan adituek eta gizarte erakundeetako erabiltzaileek parte hartu dabe eta kultur arloan dagozan desbardintasunak landu dira ikuspegi intersekzionala ardazt hartuta eta kulturearen eta gizartearen sektoreen arteko lankidetzearen beharra azpimarratu da, persona guztien kultura eskubideak bermatzeko.

Estaduko beste lurralde batzuetan kulturearen bidez jorratutako hainbat gizarte eraldaketa esperientzia inspiratzaile ezagutu ahal izan dira jardunaldian.

Marta Font © Gorka Martínez.

Gertu Kulturak, Bizkaiko kultura eta gizarte sektoreak modu egonkorrean lotzen dituan sareak, Kultura Eskubideen lehen Jardunaldia egin dau Bilboko BBK Salan eta, aldi berean, lurraldean egindako lehen urteurrena ospatu dau. Irabazi asmorik bako proiektu hau Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK Banku Fundazinoak sustatzen dabe, Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren laguntzeagaz. Gertu Kulturearen jarduna bitartekaritza, formakuntza eta sensibilizazino lan jarraituan oinarritzen da, persona guztiek kulturea eskuratzeko eta kulturan parte hartzeko daben eskubidea bermatzen laguntzeko, zehatz zaurgarritasun, menpekotasun edo gizarte bazterketa arriskuan dagozan personena. Horretarako, trabak indarrik barik itxi eta topaguneak sortzeko lan egingo da programearen bidez, gaur egungo erronka sozialei eta kultureak inklusinorako, parte-hartzerako eta gizarte-eraldaketarako tresna lez izan leiken eginkizunari buruz alkarregaz hausnartzeko.

Testuinguru horretan eta Bizkaian lehen urtea bete ondoren, Kulturea zeurea da. Zeure eskubidea da kultura eskubideen jardunaldia egin da. Sensibilizazino eta aldarrikapen gune horrek zaurgarritasun egoeran eta gizarte bazterketa arriskuan dagozan personen kulturea eskuratzeko eta kulturan parte hartzeko eskubidea jarri dau eztabaidearen erdigunean, giza eskubideen ikuspegitik. Jardunaldian Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputaduak, Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputaduak, Amaia Domingo Bilboko Udaleko Kultura Programazinoko zuzendariordeak, Nora Sarasola BBK Fundazinoaren Gizarte Ekintzako zuzendariak, Marta Font Gertu Kulturako zuzendariak eta Mirari García, GertuKulturako bitartekaritza arduradunak parte hartu dabe.

Aurkezpenean, Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako Foru Diputaduak BBK Fundazinoari eskerrak emon deutsoz holako egitasmoak bultzatzeagaitik, eta nabarmendu dauenez, programa honen balio nagusia personakan dago, parte-hartzerako, ondoizaterako eta inklusinorako benetako aukerak sortzeko daben gaitasunean, denpora luzez kultur eta komunidade bizitzan parte hartzeko trabak topau dituenentzat. Izan be, persona askorentzat parte hartzea barriro hartu-emonak egitea da, barriro gauzak konpartidutea eta barriro komunidadearen parte sentidutea.

Bestalde, Euskera, Kultura eta Kirol Saileko Foru Diputadu Leixuri Arrizabalagak adierazo dauenez, ekimen honek kulturea gizarte osora zabaltzen laguntzen deusku, eta kultura-proposamenak horreetarako heltzeko zaltasun handiagoak dituen persona eta kolektiboetara hurbiltzen ditu. Era berean, Bizkaiko kultura-guneak gero eta edegiagoak, inklusiboagoak eta gure herritarren aniztasunarren aurrean lotuagoak izan daitezan lanean jarraitzeko aukerea emoten deusku. Persona guztiek kulturearen onurez gozau ahal izatea nahi dogu, holan bakarrik egingo baitogu aurrera gizarte kohesionatuago eta aberatsago baterantz.

Bestetik, Bilboko Udaleko Kultura Programazinoko zuzendariorde Amaia Domingok azaldu dauenez, kultura-eskubideak ez dira kontzeptu abstraktu bat. Persona guztiek, salbuespenik barik, beren komunidadeko kultura-bizitzan parte hartu, bertara heldu eta ekarpena egin ahal izatea bermatzen dabe. Horrek esan nahi dau oztopoak kentzea, espazioak edegitea eta, batez be, entzutea. Bide horretan, Gertu Kultura lako ekimenak oinarrizkoak dira, sarbidea errazteaz gan, kultura-ekosistemea indartzen daben konfidantza eta lankidetza-sareak eregiten ditue.

Era berean, BBK Fundazinoko Gizarte Ekintzako zuzendari Nora Sarasolak honakoa azpimarratu dau: BBKn oso argi dogun sinismen bategaz egiten dogu lan: kulturea ez da lujoa, persona guztiei jagoken eskubidea baino. Horregaitik sustatzen ditugu Gertu Kultura lako ekimenak, Bizkaiko gizarte eta kultura eragileak lotzen dituan sarea, trabei aurre egin eta kulturarako sarbidea zabaltzeko helburua dauena, eta dagoeneko 8.000 persona ingururi kulturea gerturatzeko aukerea emon deutsena. Bizkaian urte bakarrean kultura inklusiboaren erreferente lez sendotzea lortu dauen proiektua da; dozenaka gizarte-zentro, udalerri eta kultura-programatzaile batu ditu, eta kultura gizarteratzeko eta gizartea eraldatzeko benetako tresna bihurtu dau, herritarren zerbitzura.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu